}

Geranioa, guretzat polita eta tximeletarentzat gozoa

2002/04/28 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Cacyreus Marshalli tximeleta jatorriz afrikako hegoaldekoa da, baina dirudienez, geranioekin batera inportatu zen, ikerlariek hori zehazki zein urtetan gertatu zen oraindik ez badakite ere.
Tximeleta hau Lycaenidae familiakoa da eta kalte nabarmena eragiten du geranioengan.

Kolore guztietako loreez baliatzen gara balkoi eta leihoak apaintzeko, baina, gure inguruan, lore-espezie guztietan nagusi geranioa da. Zoritxarrez, gure begientzat gozagarri bezain dastagarri dira geranioen loreak Cacyreus Marshalli tximeletarentzat. Eta tximeleta hori Afrikakoa izanagatik ere ez dabil gure balkoietatik urruti…

Tximeletak beren kolore biziengatik eta edertasunagatik aipatzen dira, baina inori minik egingo ez diola dirudien intsektua uste baino kaltegarriagoa izan daiteke, batez ere kaltetutako landarea balio ekonomiko handikoa denean.

Afrikako tximeleta Europan

Cacyreus Marshalli tximeleta jatorriz Afrikako hegoaldekoa da, baina dirudienez han baino gusturago ibiltzen da gure artean. Hotzari ez dio batere beldurrik eta, inguru hauetan behintzat, ez dauka harraparirik. Ez da harritzekoa hemendik alde egin nahi ez izatea!

Afrikatik kanpo, lehen aldiz Mallorkan aurkitu zen, 1989an. Aurkikuntza Stamer entomologo alemaniarrak egin zuen. Hurrengo urtean, populazioa handitzen ari zela ikusi zuen eta, geroztik, penintsulan sartu eta Europa osoan barreiatzen ari da.

Hasiera batean, Mallorkan migrazio baten eraginez sartu ote zen zalantzak izan zituzten, baina dirudienez, irlako geranio-salerosketetan dago gakoa. Migrazioaren hipotesia baztertzeko bi arrazoi zeuden: batetik, espeziean horrelako joerarik lehenagotik ez ezagutzea eta, bestetik, bere betiko bizilekutik horrainoko bide luzean arrastorik ez uztea.

Hortaz, argi dago tximeleta geranioekin batera inportatu zela, nahiz oraindik ez den zehaztu zehazki zein urtetan gertatu zen. Ikerketa batzuen arabera, 1987 inguruan sartu omen ziren lehen arrautzak, eta geroztik Europa osora hedatzen ari da. Gaur egun, espainiar estatu osoan, Frantzian, Italian, Belgikan, eta abar aurki daiteke.

Tximeleta Lycaenidae familiakoa da eta, askori izen horrek ezer gutxi esaten badio ere, Euskal Herrian familia horretako tximeleta ugari dago. Zorionez, hala ere, familia horretako espezie guztiei ez zaizkie geranioak gustatzen.

Tximeleta marroi kolorekoa da eta hegalaren inguruetan kolore zuriko marratxoak ditu. Tamainaz nahiko txikia da; hegalak 2,5 cm ingurukoak dira. Gehienok nahiko polita dela esango dugu, batez ere, gure geranioak hondatzen dituena bera dela ez badakigu!

Nire balkoiko geranioa gaixorik dago?

Normalean, tximeletak lore-kapuluan jartzen ditu arrautzak, baina kasu batzuetan hostoetan ere jar ditzake. Arrautzak zuriak eta milimetroa baino tamaina txikiagokoak dira. Jakina denez, tximeleta bihurtu aurretik arrautza horiek ar izango dira. Arra edo beldarra berdea da eta tximeleta izateko bidean lau estadio nagusi izango ditu. Estadio horietatik igaro ahala, hiru lerro arrosa garatzen ditu luzetara.

Lehen bi estadioak zabaldu gabeko lorean iragango ditu, lorearen ehunak jan eta lorea bera erabat xurgatu arte. Hurrengo bi faseetan, berriz, elikagai- eta leku- eskasiaren ondorioz, larbak zurtoinak inbadituko ditu. Fase horietan egiten du kalterik handiena, larba handiagoa denez, gehiago jaten duelako. Azkenik, beldarra tximeleta bihurtzeko krisalida-fase mugiezinetik igaroko da.

Ziklo osoaren iraupena tenperaturaren araberakoa da; 20 ºC-ko tenperaturan 62 egun iraungo du eta 30 ºC-ko tenperaturan 33 egun besterik ez. Hortaz, Mallorkako kondizio klimatikoetan urtean bospasei generazio sortuko dira.

Intsektuaren kalteen ondorioz, geranioak oso lore gutxi emango du, ahulduta egongo da eta, kasurik okerrenean, zurtoinak gorotzez beteta usteldu eta hautsi egingo dira.

Nola babestu geranioak?

Balkoiko geranioak babesteko intsektizidak erabiltzeak ez du ezertarako balio. Izan ere, landarearen kanpoaldean gelditzen diren intsektizidak ez dira barnealdean ezkutatzen diren arrautzetara eta beldarretara heltzen. Barrualdera sartzen diren intsektizidak, berriz, toxikoak dira.

Hortaz, oraingoz, egin daitekeen zainketa bakarra noizean behin begiradatxo bat eman eta aipatutako arrautzarik edo beldarrik dagoen begiratzea da. Horrelakorik aurkituz gero, adaxkak moztu egin behar dira.

Tximeletaren izurria gelditzeko Afrikako hegoaldeko espezie harrapariak sartzea izan daiteke beste irtenbidea. Baina horrelakoetan oso zaila da harrapariak nola eragingo duen aldez aurretik jakitea eta onura eta kalteen artean balantza egitea. Erabakia zaila da, eta bitartean tximeleta aurrera doa bere ibilbidean, uste baino galera handiagoak eraginez.

Galera ekonomikoak

Inguruko balkoietara begiratu besterik ez dago geranioaren salerosketen garrantziaz jabetzeko. Estatu espainiarrean, apaingarritarako erabiltzen diren loreen sailkapenean, alde handiarekin, geranioa da salmenta handienak dituena. Penintsulan lau ekoizpen- etxe nagusi daude, eta orotara 10 milioi landare ekoizten da urtean. Kontsumitzailearengana heltzen denerako, geranio-salmenten balio ekonomikoa 18 milioi eurokoa (3.000 milioi pezeta inguru) da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia