}

Boluntario behartuak proba klinikoetan

2011/02/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Joan den hilean, Osagie K.Obasogie zuzenbide-irakasle entzutetsuaren salaketa-artikulu bat argitaratu zuen New Scientist aldizkari britainiarrak. "Clinical trials on trial" da artikuluaren izenburua; hau da, "Proba klinikoak, proban". Hain zuen ere, Obasogiek salatzen duenez, Estatu Batuetan egiten diren zenbait proba klinikotan parte-hartzaileak ez dira inolaz ere boluntarioak.

Arazoa ez da berria. Obasogieren artikuluan bertan azaltzen dira iraganeko adibide batzuk. Esaterako, naziek beren laborategietan esperimentu guztiz onartezinak egiten zituzten bitartean, Estatu Batuetako osasun-zerbitzuek sifiliaren aurkako tratamendua ukatzen zieten ehunka pertsonari, gaitzaren bilakaera aztertzeko helburuarekin. Pertsona horiek guztiak arraza beltzekoak ziren, eta esperimentuak 1972ra arte iraun zuten.

Estatu Batuetako zenbait proba klinikoetan, parte-hartzaileak ez direla boluntarioak salatu du Obasogie irakasleak.

Horrez gain, Susan Reverby historialariaren lana aipatu du Obasogiek. Reverbik jakinarazi duenez, 1940ko hamarkadan, Estatu Batuetako osasun-zerbitzuetako langileek Guatemalako hainbat paziente, preso eta soldadu sifiliz infektatu zituzten, penizilina sendagai egokia ote zen probatzeko. Zenbait kasutan, gaixotutako prostitutez baliatu ziren sifilia kutsatzeko.

Gertakari horien argitaratzeak biktimei barkamena eskatzera behartu du Barack Obama. Are gehiago, ikerketetan parte hartzen duten pertsonak babestuta daudela eta tratu etikoa jasoko dutela bermatzeko eskatu dio Obamak Bioetika Batzordeari.

Alabaina, Obasogieren iritziz, adierazpenak txalotzekoak badira ere, Obama motz geratu da. Izan ere, uste du ez dela nahikoa esperimentuen arauak berrikustearekin; testuinguru osoa aztertu behar delakoan dago. Hain juxtu, urtetik urtera haziz doa farmazia-industriak botikak probatzeko behar dituen boluntarioen kopurua. Eta Obasogiek argi du nortzuk diren lehen hautagaiak: pobreak eta paperik gabeko etorkinak. Konpainiek parte hartzeagatik eskaintzen dituzten ehunka edo milaka dolarrek bultzatzen dituzte horretara.

Atzerrian, kartzeletan

Bigarren hautagaiak herrialde pobreetako biztanleak direla dio Obasogiek. Iaz, Elhuyar aldizkariak artikulu-sorta bat argitaratu zuen plazeboaz. Haietako bat auzi etikoari buruzkoa da, eta han ere agertzen zen kontu hori. Zehazki, enpresa farmazeutikoek estandar bikoitza erabiltzen dutela ohartarazten zuen Leire Escajedo Zuzenbidea eta Giza Genoma katedrako ikertzaileak. Hala, Estatu Batuetan inondik inora ere onartuko ez liratekeen ikerketa batzuk onartu egiten dituzte Afrikan; adibidez, plazeboa erabiliz probatzen diren hiesaren aurkako tratamendu batzuk.

Obasogiek emandako datuak bat datoz Elhuyar en argitaratutakoarekin: farmazia-konpainia estatubatuarrek zuzendutako proba klinikoen erdiak atzerrian egiten dira, batez ere Indian eta Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta joaera hori areagotzen ari da urtez urte.

Azkenik, behartutako boluntarioen zerrendan hirugarren lekua hartzen dutenak ere aipatzen ditu Obasogiek: presoak. Iraganeko gehiegikerien ondorioz,proba klinikoetako presoen parte-hartzea zorrotz araututa dago. Azkenaldian, baina, ikertzaileei arauen gainetik igarotzeko erraztasunak ematen ari zaizkiela salatu du Obasogiek. Are gehiago: gobernuari aholku ematen dion Medikuntza Institutuak berak gomendatu du arauak biguntzea.

Horrenbestez, Obasogiek uste du eztabaida etiko handiena zientzian eta medikuntzan ez dela teknologia jakin batzuen edo biologia sintetikoaren gainekoa, baizik eta kontu askoz ere oinarrizkoago bati buruzkoa; besteari ematen zaion tratuari buruzkoa, alegia.

Estatu Batuetako Bioetika Batzordeari zuzendutako galdera batekin bukatzen da Obasogieren artikulua: gizartearen kide ahulenei beren gorputzak zientziari eskaintzeko eskatzea etikoa da?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia