}

Bizia inprimatu

2003/10/12 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Zientzia-fikziozko filmetan ere ez da horrelakorik ikusi; ezin imagina genezakeen teknologia berriek horretarako aukera emango zutenik. Eta, hala ere... egin daiteke. Estatu Batuetako ikertzaile batzuek lortu dute.... zer eta giza organoak inprimatzea!
Inprimagailu arruntekiko desberdintasun nagusia tintaren konposaketa izango da.

Transplanteek arazo immunologiko ugari ematen dute oraindik, eta etorkizunean ez du zentzu handirik izango gaixotutako organo bat transplante bidez ordezkatzeak. Hala diote, behintzat, inprimagailu berezi horren asmatzaileek.

Egia esan, arazo hori ez da berria, biologoek urte asko daramatzate laborategietan organo osoak sortu nahian. Pazientearen bihotzeko zelulak hartu eta bihotz berria sortu nahian, esaterako. Izan ere, norbere zelulek dute antzekotasun immunologiko handiena bere organoekin. Baina oraingoan amerikarrek aurkeztu duten teknika berritzailea da erabat: tinta-txorrotadazko inprimagailuaz sortu nahi dituzte.

Tinta beltzik ez

Inprimagailu arruntekiko duen desberdintasun nagusia tintaren konposaketa da. Tinta arruntaren ordez, zelulak erabiltzen ditu, gure zelulak. Gaixo dagoen pertsonaren zelulak hazi eta, horrekin, ‘tinta’ prestatzen dute. Ondorengoa erraza da: inprimagailuaren tinta-kartutxo berezietan sartu... eta inprimatu.

Laborategian zelulak haztea nahiko erraza da; organoak, ordea, oso zaila. Medikuntzaren iraultza izango dela adierazi dute ausartenek.

Ikerketa bitxia bada ere, esperantza sortu du organoen ingenieritzaren alorrean. Izan ere, egun erraza da laborategian DNA bikoiztea eta zelulak ugaltzea. Baina egitura konplexuagoak sortzeak, ehunak eta organoak garatzeak, adibidez, zailtasun handiak ditu. Teknika berria ikertu dutenek, ordea, argi dute, 10 urteren buruan organo osoak inprimatu ahal izango dira: gibela, giltzurruna edo gaixo dagoen ia edozein organo.

Hiru dimentsiotan

Gure etxeko inprimagailu arrunten aldean izango du beste desberdintasunik ere. Giza organoek hiru dimentsioko egitura dute, eta inprimagailuak, bi dimentsiotan inprimatu beharrean, hiru dimentsiotan lan egin beharko du bihotzaren, pankrearen edo beste edozein organoren itxura sortzeko.

Horretarako, gel berezi bat erabili dute ikertzaile estatubatuarrek; nolabait, aldamioen funtzioa beteko duen gela. Horrela, inprimagailuak jariatzen dituen zelulak molde horren formaren arabera antolatuko dira, organoa funtzionala izateko garrantzitsua baita organoaren osagaiek hartzen duten kokapen espaziala.

Izatez, oso gel berezia da. Erreakzio immunologiko kaltegarririk gerta ez dadin, organoa sortu eta gero, degradatuko egingo da gela; pazientearen zelulak bakarrik geratuko dira. Arazo bat dago, ordea, aldamio-lanak egiten dituen gela goizegi kenduz gero, pisuaren eraginez, organo sortu berriaren erorketa gerta liteke. Hori dela eta, organoaren egitura sendotuko duten substantziak probatzen ari dira. Gorputz-azalean azaltzen den proteina arrunt batez egin dute proba, kolagenoaz. Eta, oraingoz, emaitzak onak dira; gero eta organo sendoagoak lortzen ari dira.

Canon eta Hewlett-Packard enpresek hartu dute parte inprimagailu berezi hauen diseinuan. Funtzio berrirako egokitu behar izan dituzte, eta ikertzaileen argibideei jarraituta, organo biziak inprimatzeko aparatua garatu dute. Oraingoz, bost zentimetroko organoak sortzea lortu dute, eta teknika hobetzeko lanean jarraitzen dute buru-belarri.

Gure etxeko inprimagailuek kolore anitzeko marrazkiak egiten dituzten bezala, organoak inprimatuko dituztenek zelula-mosaiko konplexuak egin beharko dituzte. Kontuan izan behar da gure organoak ez daudela zelula-mota bakarraz osatuta. Funtzio oso desberdinak betetzen dituzten zelulak daude, eta inprimagailuaren kartutxoetan zelula-mota ugari sartu behar izango da organo bakoitzaren egitura konplexu hori imitatu nahi bada.

Organoak nola elikatu

Gaixotutako organoak ordezkatuz, gizakion zahartze-prozesua moteldu ahal izango dela uste dute ikertzaile batzuek.

Baina oraindik bada lortu ez den zerbait: odolaren zirkulazio egokia. Azken finean, gure gorputzean odol-hodien sare konplexu eta tridimentsionalek zeharkatzen dituzte organoak. Elikagaiek eta oxigenoak zelularik urrutikoenera ere iritsi behar dute, eta, organoan sartu ahala, zainak adarkatu eta findu egiten dira, zelula guztietara iritsi ahal izateko.

Ikerketaren arduradunak ziur dira inprimagailu honen bidez zainak, arteriak eta kapilarrak sortzeko gai izango direla. Baina orain arte ez dute odol-hodien eta zelulen artean nutrienteen eta oxigenoaren elkartrukea gertatzea lortu. Izan ere, ez dakite nola inprimatu odol-hodien amaierako egiturak, hain zuzen, elkartruke hori gertatzen den odol-hodien mutur finak. Eta nutrienterik eta oxigenorik gabe oso gutxi irauten dute zelulek bizirik; berehala hil, eta organoek funtzional izateari uzten diote. Ez da gehiegizkoa esatea odolaren zirkulazio-sarea dela une honetan organoen inprimatze-teknikak duen erronkarik handiena.

Zailtasunak zailtasun, oso erakargarria da organoak inprimagailu berezi honekin sortzeko aukera izatea. Zahartu ahala organo gaixoak ordezkatuz gure bizitza luzatzeko helburua dute batzuek; espezie hilezkorra sortu litekeela diote ausartenek. Organoak era eraginkorrean inprimatzea lortuko ez balitz ere, zientzia-fikzioak inoiz imaginatu ez dituen burutazioak ekarri dituzte zientzialariek. Ez da gutxi.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia