}

Bioteknologia mintzagai

2002/04/26 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Tolosako Ekinbide Etxeak urtero antolatzen ditu Zumardi natur jardunaldiak. Aurtengoak aste honetan ari dira egiten eta atzo Margarita Salas doktoreak eman zuen hitzaldia.

Margarita Salas doktorea ospe handiko genetista molekularra da. Labur esateko, biologia molekularrean aitzindaria Espainian. Hastapenetan Severo Ochoarekin lan egin zuen, bai Espainian baita AEBetan ere. Gaur egun Centro de Biología Molecular Severo Ochoa izeneko ikerketa-zentroan dihardu lanean. Hain zuzen ere, Phi-29 fagoarekin lan egin du urte luzez (proteinen identifikazioa, informazio genetikoaren sintesiaren espresioa, proteinen espresiorako kontrola…). Oinarrizko ikerketa egin du bakteriofago horrekin, baina geneen anplifikaziorako oso baliagarria den proteina ere patentatu dute ikerketon ondorioz. Lan eta artikulu ugari publikatu ditu.

Dena den, bere hitzaldiaren izenburua ‘XXI. mendeko bioteknologia’ zen. Hitzaldian, bioteknologian azken urteetan egindako ikerketa eta aurkukintza nagusien errepasoa egin zuen. Bereziki giza-genomaren aurkikuntza aipatu zuen. Haren esanean, aurkikuntza garrantzitsua izan da, baina geneak zein diren jakitea oinarrizko informaziotzat jo zuen eta, orain, aplikazio zehatzagoak lortzeko gene horiek zein proteina kodetzen duten, elkarren artean zer nolako lotura dagoen eta horrelako ikerketak egin beharra nabarmendu zuen. Hau da, genomikatik proteomikara jauzi egin behar da, jauzi egin da.

Bestetik, biomedikuntza jo zuen bioteknologiaren aplikazio garrantzitsuenekotzat. Oso itxaropentsu azaldu zen gene eta proteina jakinek zein gaixotasun eragiten duten jakiteak gaixotasunak sendatzeko edo prebentzio-lana egiteko izango duen balioaz. Adibide gisa, inplantatu aurreko enbrioien azterketa genetikoa aipatu zuen. Hori eginda, sortzear leudekeen haurrek gaixotasun genetikoak izateko joera zein den jakingo litzateke eta enbrioi egokiak aukeratzeko edo hasiera-hasieratik gaixotasunari aurre egiteko edo ez agertzeko neurriak hartzeko aukera izango genuke.

Noski, oraindik badagoela zereginik onartu zuen.

Ez zuen batere zalantzarik izoztuta dauden enbrioiak ikerketarako erabili beharko liratekeela esatean, ez eta klonazio terapeutikoaren alde azaltzeko ere. Ugalketarako klonazioaz, ordea, kontrako iritzia azaldu zuen, nagusiki gaur egungo teknologiak ume klonikoak osasuntsuak izango direnik ziurtatzen ez duelako. Dena dela, gizakien izaeran geneek eragina izateaz gain, inguruak ere zerikusi handia duela zioen.

Azkenik, gai horien inguruan, legeei dagokionez, zientziaren abiadurara hurbiltzeko esfortzua egin behar dela nabarmendu zuen, eta hain atzetik ezin dutela joan azpimarratu zuen. Eta, gainera, erakunde publikoek mota horretako ikerketak zalantzarik gabe lagundu behar dituztelakoan ere badago, bestela enpresa pribatuek abantaila handia lortuko dutelako eta gerora oso zaila izango delako haien mailan jartzea edo patenteak ordaindu beharko direlako. Bere ustez, kontsortzio publikoak giza genoma aztertzeko diru-laguntzarik izan ez balu, gaur egun, seguru asko, biomedikuntzan hain oinarrizkoak diren giza genomaren inguruko datuak lortzeko arazoak izango lituzkete ikertzaileek. Gaur egun, esaterako, hainbestetan aipatzen diren zelula amen lote batek 7.200 € inguru balio du; enpresa pribatu batek dituelako patentatuta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia