}

Zumardi, naturaz gozatuz Tolosan

1997/05/01 Urkizu, Urtzi Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tolosan mota guztietako ekitaldiak ospatzen dira urtean zehar, ihauteriak, abesbatzen lehiaketa eta abar. Duela zortzi urtetik hona Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen dituen Naturaren ihardunaldiak ere horretan sar genitzake. Zumardi ihardunaldien helburu nagusia herritarrei hainbat gaien berri ematea da. Antolatzaileek aitortzen dutenez, hala ere, Tolosatik kanpoko jende asko gerturatzen da urtero bertara. Aurten, ura eta bizia da jorratu duten gaia.
Ekintza ugariz aprobetxatzeko aukera dute tolosarrek CITeko langile adoretsuei esker. Zumardi natur ihardunaldiak prestatzeko urte osoa behar izaten dute.
KLISK

Elkarte pribatua da 1968an sortu zen Tolosako Ekinbide Etxea (CIT izenaz ezaguna). Hasieratik bertatik borondatez egin zuten lan bertako partaideek; lan horren fruitua, ordea, ez da txantxetakoa izan. Lehenengo urteetan mikologiaren inguruko asteak antolatzen zituzten, ekintza horretan aitzindari izanik Euskal Herri osoan. Zorionez, beste herri batzuetan ere antzeko ihardunaldiak antolatzen joan dira eta Tolosako beste elkarte bat da orain gai honetaz arduratzen dena.

Tolosako Ekinbide Etxearen ekintza nagusiak, gaur egun, abesbatzen lehiaketa, Nazioarteko Txontxongilo-Jaialdia, herri-olinpiada eta Zumardi naturaren ihardunaldiak dira. Guk natur ihardunaldi hauetan jarri dugu arreta, urtetan gorpuzten joan den esperientzia hau goi mailakoa baita gaur egun.

Urteen joan-etorrian, bilakaera bat antzematen da. Pablo Dendaluze CITeko kideak horrelaxe azaldu digu kontua: “ Hasieran ume eta gazteei natura gerturatu nahi genien jolas moduko batzuekin, baina denborarekin ihardunaldi serio eta aberats bihurtu da proiektu hura. Serioski egindako lana da guztia; bere balioa erakutsi duten eta zeresan handia duten hizlariak pasa dira hemendik ”. Tolosatik kanpoko jende asko joaten da udaberriro ospatzen diren ihardunaldietara, baita horren barruan egiten den erakusketa ikustera ere. Jasotakoaren eduki nagusiak hainbat erakundetara eta taldetara banatzen dituzte; garbi dago, beraz, Zumardiren oihartzuna herrian bertan sortzen duena baino askoz zabalagoa dela.

Jendearen interesarako gai monografikoak

KLISK

Lehenengo hiru urteetan gai orokorrak jorratzen hasi ziren. Izaki bizidunen etorkizuna eta animalia espezie batzuen desagerpenaren inguruan egin ziren hasierako ihardunaldi horiek. 1993tik aurrera, ordea, gai monografikoak lantzen hasi ziren. Sole Martin antolatzaileak dioenez, “ jendeari gehiago interesatzen zaizkio gai konkretu horiek ”.

1993an Oria ibaia goitik behera aztertu zuten Zumardin eta edizio berean aireko egurra erakusketa ere egin zuten Imakulada Konzepzion Ikastetxean; 1994an gune naturalei buruzko ihardunaldiak antolatu ziren, orduko erakusketa kakalardoei buruzkoa izan zelarik; 1995ean oso gai mamitsua aztertu zen: zaborrak. Erakusketari dagokionez, Rosamond Purcellen argazki multzo bat aurkeztu zen (azken aldiz Imakulada Konzepzion Ikastetxean); iaz kirola eta naturaz hitz egin zuten, azken eguneko hitzaldia Joaquin Araujo eta Miguel Delibes de Castro adituek eman zutelarik Kultur Etxean. Aranburu jauregi berria izan zen erakusketaren gunea, Amundsenen arrasto atzetik izeneko argazki-bilduma ederra ikusteko aukera eskaini zigutelarik.

Uraren inguruan bueltaka

KLISK

Aurten, Ura eta Bizia aztertu da apirilaren 19tik 25era bitartean egin diren ihardunaldietan. Lau mahainguru antolatu ziren egun hauetan: Ura eta Lurra, Ura eta Osasuna, Uraren erabilpena eta gehiegikeria eta Zer gertatzen da gure itsasaldearekin? izenburuekin. Apirilaren 25eko hitzaldian Jesus Garzon Heydt ospetsua Naturaren Kontsebaziorako Ohizko Usarioen Garrantziaz aritu zen. Azken eguneko ekitaldi hauxe da, hain justu, jende gehien biltzen duen urrezko amaiera, nolabait esatearren.

Aranburu jauregian, bestalde, Arrainak bezala uretan erakusketa izan da ikusgai apirilaren 18tik maiatzaren 3ra bitartean. Aurtengo erakusketaren ardatz nagusia ibai baten simulazioa zen. Ikusleak parte hartzea errazten zuten panelak erabiliz, arrainen eboluzioa eta mugimenduak nolakoak diren azaldu da. Jende asko gerturatu zen erakusketa ikustera, inguruko ikastetxeetako ikasleen multzoa izan delarik kopuruz handiena. Ikasleei, gainera, arrainen eta ibaien inguruko fitxa bana ematen zitzaien eskolan bete zezaten. Gaztetxoak gai honetan murgiltzen saiatu dira antolatzaileak.

Urte hauetako erakusketek ihardunaldiekin nolabaiteko erlazioa izatea helburu bazen ere, antolatzaileek esan digutenez, zaila da beti asmatzea. Normalean, erakusketetako ikusgai gehienak Madrilgo Natur Zientzien Museo Nazionaletik etortzen dira eta aurten ere halaxe gertatu da.

Ezin ditugu ahaztu, bestetik, ikasleentzat antolatzen diren lehiaketak. Hasieran, idazketa- eta olerki-sariak banatu ziren. Arrakasta handiena lortu duen lehiaketa, aldiz, argazki rallye-a izan da: neska-mutikoek asko atsegin dute ekintza hau eta argazkiek oso maila ona izan dute azkenaldian. Aurtengo rallye fotografikoaren irabazlea Amets Hilario izan da. Lehiaketa berri bat ere antolatu da aurten, 14-17 urte bitartekoentzat zine-gidoien saria; lehen edizioaren irabazleak Iñigo Telleria, Mikel Ibañez, Iker Pagola eta Unai Bilbao izan dira, Nature Sport gidoiarekin.

Zumardiren osasun ona

Dirurik irabazi gabe egiten dute lan Tolosako Ekinbide Etxekoek Zumardi ihardunaldi hauek antolatzeko. Hala ere, gustura dabiltza honetan eta jendearen aldetik erantzun ona jaso dutela diote. Sole Martinek dioenez “komunikabideen papera oso garrantzitsua da, funtsezkoena hitzaldietan aretoa betetzea baita. Ez du ezertarako balio montaje handi bat egiteak gero jenderik ez badator. Badakigu ez direla masa-ekitaldiak, baina pixkanaka-pixkanaka jendea gero eta gehiago interesatzen ari da gai hauetan ”.

Ikasleek ibaietako animaliak nolakoak diren ikusi dituzte aurten.
KLISK

Datorren urteetarako ideia asko dabilzkie buruan Tolosako Ekinbide Etxekoei. Oraingoz, oso teknikoak ez diren gaiak jorratu nahi dituzte jendea erakartzeko. Behin gizartean gai batek interesa sortzen duenean, prest daude horretan lan egiteko. Etorkizunean ihardunaldi tekniko osagarriak egiteko asmoa ere badute, baina horretarako denbora askotxo beharko lukete.

Zumardi ihardunaldien babesle ekonomikoak, bestetik, honakoak dira: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila eta Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiroko Departamendua eta Obra Hidraulikoetako eta Hirigintzako Departamendua, Tolosako Udala eta Kutxa Fundazioa.

Gora-beherak izan arren, gaur egun Zumardi ihardunaldiak osasun-egoera onean daude, gero eta jende gehiagok parte hartzen duelarik. Hemendik kanpo ere Zumardi izenak garrantzia hartu du azken urteetan. Tolosatik bueltatxoa egin ondoren, orainaldi osasuntsu eta etorkizun oparoa duten ihardunaldiak direla ziurtatu dezakegu.

URAREN KULTURA BERRIA

  • Hortzak garbitzerakoan, harrikoa egiterakoan edota bizarra kentzen ari zarela, ez utzi iturria irekita. 20tik 80 litro bitarteko galera saihestuko duzu horrela.
  • Hobe dutxatzea bainatzea baino; uraren laurdena baino ez da dutxan kontsumitzen.
  • Iturria tantaka ari dela sumatu orduko, konpondu ezazu. Segundoko tanta bat ez da gauza handia, baina egunean 30 litro dira.
  • Aginte bakarreko iturriak jar itzazu etxean; tantaka eragozteko diseinaturik daude eta, gainera, ura behar duzun bakoitzean ez duzu tenperatura berriro erregulatu beharko.
  • Komuneko tangak ur-gastu itzela izan ohi du; urez beteriko botila bat sartuz gero, uraren % 20 aurreztuko duzu. Horrez gain, kargaren erdia erabiltzeko aukera ematen duten tangak merkaturatzen hasi dira.
  • Komuneko paper zuria erabili eta kolorekoa baztertu. Kolorekoa egiteko eta ondoren tratatzeko, substantzia kimiko asko (horietatik asko poluitzaileak direlarik) erabiltzen dira. Ekologikoena kolore gris argiko komuneko paper birziklatua da.
  • Udan ur freskoa behar den bakoitzan ez da ura hartu aurretik iturria irekita eduki behar. Gorde ezazu txarro bat ur hozkailuan.
  • Ikuzkailua eta ontzi-garbigailua erabat beteta egon arte ez jarri martxan. Erosteko garaian, gaur egun merkatuan dauden modelo berrien artean aukera ezazu: batzuek energia aurrezten dute, karga-erdia jartzea ahalbidetzen dute eta garbiketa azkarra egiteko aukera ere badute.
  • Ez erabili komuna paperontzi bezala.
  • Ez isuri frijitzeko olioa sukaltarritik edo komunetik; isurbideetatik koipea garbitzea oso zaila eta nekeza da. Ontzi txiki batera bota eta betetakoan, zakarrontzira (beti ere, zure inguruan olioa biltzeko sistema egokiagorik ez badago, noski).
  • Ez itzazu labe-garbigailua, desinfektagarria eta distiragailua bezalako garbiketa produktuak erabili, ezta amoniako kontzentratua duten konposatuak ere. Produktu horiek, izan ere, isurbidetik joango dira eta, egunen batean gure iturrira itzuliko diren uren tratamendua izugarri eragotziko dute.
  • Ez garbitu kotxea ibai bazterrean.
  • Baserriko lanak egiten badituzu, ureztapen-sistema eraginkorrak erabil itzazu.
  • Lantegiren bateko arduraduna bazara, ur-erabilpenaren minimizazio-politikak eragin itzazu produkzio-prozesu osoan.
  • Uraren banaketa-sarean ura galtzen dela uste baduzu, eman ezaiozu Udaletxeari horren berri.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia