}

Bidaia zabortegiaren erdigunera

2002/06/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurreko artikulua irakurri baduzu, jakingo duzu egunero sortzen duzun hondakin kilotik 800 gramo zabortegira joaten direla. Gizakiak bizilekutik urrun metatu izan ditu antzinatik hondakinak, eta askok ez dakite zaborrontzian utzitako poltsarekin zer gertatzen den.
Zabortegian pilatzen direla, bai, baina nola? Eta noiz arte?

Duela ez hainbeste zabortegiak gutxi gorabehera edonon jartzen ziren. Herritik urrun samar zegoen ibar txiki bat, zulo bat edo sakonune bat birritan pentsatu gabe aukeratzen zen zabortegitzat. Han pilatzen ziren hondakinak, bere kasa hartzitu eta pixkanaka desagertuko ziren esperoan. Ingurumenaren gaineko eraginak aztertzea, lurraren ezaugarri geokimikoak kontuan hartzea, hondakinak kudeatzea... gauza berri samarrak dira. Noski, ez zen gaur egun bezainbeste zabor sortzen eta gehiena materia organikoa izaten zen.

Zorionez, hondakinak etxetik urrun botatzeak gaixotasun asko saihesten lagundu dio gizakiari, zaborra dagoen tokietan karraskariak, intsektuak eta mikroorganismoak ugaritu egiten baitira. Erdi Aroan, zabortegietan hazitako mikroorganismoek eta arratoiek izurri beltza zabaldu zuten Europan; eta, oraindik ere, munduko herrialde pobreenetan kolera-izurriteak izaten dira hondakinek poluitutako urarengatik.

Zabortegi kontrolatugabeek airea, ura, paisaia, landaredia, fauna eta gizakia kaltetzen dituzte. Hondakinak erretzen badira, kean egoten diren partikulek arnasbideetako gaixotasunak sor ditzakete, eta zaborraren hartziduratik sortutako gasak arriskutsuak izan daitezke: metanoa lehergarria da eta hidrogeno sulfuroak ikaragarri usain txarra du. Gainera, zabortegian behera iragazten den urak hondakinetako produktu disolbagarriak hartzen ditu (edozer gauza: piletako merkurioa, pestizida-hondarrak, plastikoen osagaiak...) eta inguruko erreka edo akuiferoak polui ditzake. Likido horiei lixibiatu deritze, eta oso poluitzaileak izan ohi dira.

Zaborra kontrolpean

Gure zaborra, oro har, kontrolpeko zabortegietan pilatzen da eta, horietan ere buruhauste nagusia gasak eta lixibiatuak izan arren, behar bezala kudeatuz gero ez dute arazorik sortzen. Itxi ondoren 30 urtez kontrolpean mantentzen dira, baina gero berdegune edo laborantzarako lur bihur daitezke.

San Markos-ko Mankomunitatean 1995az geroztik egiten da gaikako bilketa. Birziklatzen ez dena San Markos-ko zabortegira eramaten da orain, baina 4 bat urtean zabortegia bete egingo da.
E. Carton Virto

Zabortegi kontrolatua zaborrak tratatzeko sistemarik sinpleena da: hondakinak metatu, xehetu, trinkotu, lurrez estali eta mikroorganismoen esku uzten dira. Lehen egunetan hartzidura aerobioa gertatzen da, hau da, mikroorganismoek oxigenoaz baliatuz lan egiten dute; ondoren, oxigenoa ahitzen denean, hartzidura anaerobioa hasten da. Prozesu horietan lehen aipatutako produktuak sortzen dira (karbono dioxidoa eta nitratoak aerobioan eta karbono dioxidoa, ura, amoniakoa, hidrogeno sulfuroa, burdina eta manganeso sulfuroak anaerobioan).

Dentsitate txikiko zabortegietan hondakinak 1,5-2,5 m-ko lodierako geruzatan uzten dira eta egun berean estaltzen dira lurrez. Dentsitate handiko zabortegietan, berriz, hartzidura aerobioaren fasea luzatzeko, zaborra geruza estuetan zabaltzen da aireak ahalik eta azalera handiena uki dezan. Dentsitate handiko zabortegietan zaborra asko trinkotu eta behin eta berriz nahasten da, eta arrisku txikiagoko lixibiatuak sortzen badira ere, dentsitate txikikoek baino azalera handiagoa behar izaten dute.

Gasak bildu eta kontrolatzeko tximiniak ipintzen dira, eta hondoko lixibiatuak jasotzeko drainatze-sarea eraikitzen da. Lixibiatuak hirietako hondakin-urekin batera tratatzen dira araztegietan (eskualdeak araztegia izatekotan, noski), baina zabortegi batzuetan aurretratamendu bat ematen diete araztegietara bidali aurretik. Gipuzkoako San Markos Mankomunitateko zabortegian halaxe egiten dute, “baina ez da erraza” dio Elena Egurrola ingurumen-teknikariak; “araztegiarekin arazoak izaten ditugu, lixibiatuen emaria eta konposizioa oso aldakorrak baitira eta, gainera, ez baitira parametro finkoen arabera aldatzen. Gaur araztegian jasotzen dena ez da atzo botatako zaborraren hondarra, eta arazketa etengabe egokitu behar da”.

Gasak, berriz, bildu ondoren erre edo energia lortzeko erabil daitezke. Izan ere, dentsitate ertain eta txikiko zabortegietan deskonposizio-prozesu biologiko eta kimikoetan eratzen den gasa elektrizitatea ekoizteko baliagarria da. Gas hori, biogasa, % 50 karbono dioxidoa eta % 50 metanoa izan ohi da, nahiz eta nitrogeno, oxigeno, hidrogeno eta hidrogeno sulfuro apur bat ere izaten duen. Zabortegiaren ezaugarrien arabera konposizioa alda daiteke, baina, oro har, hiri-hondakin solidoen tona batek 3-15 m 3 biogas ekoizten du egunean.

Zabortegira, ezinbestekoa baino ez

San Markos-ko zabortegiaren hondo guztia plastikoz iragazgaiztua dago. Argazkiko gunea une hauetan ez da aktiboa eta landarediak ia estali egin du zaborra. Gasak erdialdeko hodiaren bidez jasotzen dira.
E. Carton Virto

Euskal Herriak eta Europa osoak erronka handi bati aurre egin behar diote 2006. urtea baino lehen. Izan ere, arteztarau berriaren arabera, Europako zabortegietara azken hondakinak besterik ezingo dira eraman. Birziklatu edo nolabait aprobetxatu daitezkeen hondakinak ezingo dira zabortegietan utzi, eta materia organikoa ere tratatu egin beharko da. Gainera, zabortegien hondoak plastikoz iragazgaiztu beharko dira (Euskal Herrian, lurrak buztinezkoak izaki, zabortegi gehienek ez dute iragazgaizteko materialik zabortegi azpian). Badago zereginik.

Zenbat denboran desagertuko da zure zabor-poltsa?


Hondakin-mota

Hondar organikoa
Fruta-azala
Egunkaria
Zigarro-punta

Altzairu-zatia
Aluminiozko lata
Plastikozko poltsa
Plastikozko bilgarria
Telefono-txartela
Beirazko botila

Deskonposatzeko behar
duen denbora

Egun batzuk
3-6 hilabete
3-12 hilabete
Iragazki gabekoak 3-4 hilabete,
Iragazkidunak 1-2 urte
100 urte
200-500 urte
450 urte
100-1.000 urte
1.000 urte
4.000 urte


Non jarri zabortegia?

Europa osorako onartu den arteztaraua baino lehen, ez zegoen zabortegiak arautzeko berariazko legerik; 1961eko jarduera gogaikarri, kaltegarri, osasungaitz eta arriskutsuen erregelamendua zen erreferentzia ia bakarra. Zabortegiak, hortaz, zeharka arautu izan dira, ingurumen-inpaktua edo uren kalitatea erregulatzeko neurrien baitan. Zabortegiaren kokalekua aukeratzeko hiri, herri, itsasertz, ibai edo errepideetatik distantzia minimora dagoen begiratzen da lehenik, eta ondoren tokiaren azterketa hidrogeologikoa egiten da. Iragazkortasun txikiko eta topografia egokiko lurra aukeratu behar da, lixibiatuak ez direla inolako ubide edo akuiferoetara isuriko ziurtatzeko. Egokiena hondoa plastikoz iragazgaiztea bada ere, orain arte buztinezko lurretan iragazgaiztu gabeko zabortegiak eraikitzea posible izan da. Kokagunean uholdeak edo lur-jausiak gertatzeko arriskurik ez dagoela ere begiratu behar da eta, azkenik, paisaia ahalik eta gutxien aldatzen saiatu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia