}

Zaborra, energia ekoizteko

2000/03/14 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gipuzkoako 30 herritan bildutako zaborrak hornituko du Beasaingo elektrizitate sorgailu berria

Sasieta Mankomunitateak 10. urteurrena ospatuko du aurten. Aipagarria da Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) batera Beasainen BioSasieta elkartea sortu dutela. Zaramak isurtzen duen gasetik (metano, gehienbat) etxeetarako elektrizitatea sortzen duen zentrala jarriko dute martxan.

Inguruan elektrizitatea zaborretik ekoizteko beste bi instalazio daude, Gipuzkoako BioSanMarkos eta Bizkaiko BioArtigas, hain zuzen. Energia berriztagarria eta interesgarria da. Zabor organikoaren hartzidurak metanoa sortzen du. Legez, zabortegietan metano hori jasotzera behartuta daude. Beraz, energia bihurtzeko aukera baldin badago, hobeto. BioSasietak ekoitziko duen elektrizitatea sareari salduko zaio, Erregimen Berezian energia berriztagarrien bidezko energia elektrikoaren ekoizpenari buruzko Errege-Dekretuaren arabera. 30 udalerritako zaborra bertaratuko da biogasaren iturri bezala erabiltzeko. Funtsean, BioSasieta-k BioArtigas-eko sistema bera erabiliko du.

Kiratsetik abiatuta

Baina zer da biogasa? Zaborraren zati handia materia organikoa da, elikagaien hondakinak eta abar. Materia hori metatzen denean, zabortegietan adibidez, oxigenorik gabeko hartzidura gertatzen da eta, ondorioz, zaborrari usain berezia ematen dioten gasak sortzen dira. Ugarienak metanoa, nitrogenoa, karbono dioxidoa eta oxigenoa dira. Beste hainbat osagai ere baditu biogasak, besteak beste azido sulfhidrikoa, toluenoa eta beste konposatu arriskutsuak. Osagai nagusiak sentsoreek detektatuko dituzte eta, zuntz optikoaren bidez, ordenagailuetara bidaliko da informazioa.

Ez da prozesu konplexua. Gasa erauzketa putzuetatik aspiratzen da. Lehenengo oxigeno kopurua aztertzen da eta gero metano kopurua. Kantitate handiak daudenean ez da dena motorretara bideratzen. Soberakina, ordea, zuzian erretzen da atmosferara isuri baino lehen. Izan ere, metanoaren isurketa legeak mugatzen du, berotegi efektua eragiten baitu.

Motorrek iraupen handia izan dezaten, biogasa lehortu egin behar da. Horixe da hurrengo pausoa. Gasari hezetasuna kentzeko instalazio batetik pasarazten zaio. Instalazioa horretan gasa 20 ºC-raino hozten da. Gero, tanten banaketa egiten da eta, bukatzeko, gasa 50 ºC-raino berotzen da berriz. Hortik, iragazi eta gasa etengabe martxan ari diren motor-alternadoreetara bideratzen da, bertan elektrizitatea sortzeko.

BioSasietako instalazioak hasieran motor bakarra izango du, baina urteak pasatu ahala ekipamendu gehiago jarriko da martxan. Orain, behintzat hasiera eta gogoa dugu Beasaingo mankomunitate horretan. Baina energia berriztagarriek denon lankidetza eskatzen dute. Adibidez, biogasa errentagarria izan dadin zabor moten banaketa egin beharko da, gure ohiturak eskaintzen duena baino zehatzago. Beraz, erronka denona da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia