Besteren begian
2006/01/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Astelehenean bertan, berriz, Norvegian gertatutako beste kasu baten berri zabaldu da. Antza, iruzur hutsa da Osloko Radioaren Ospitaleko ikertzaile nagusiak iaz The Lancet aldizkari entzutetsuan argitaratutako artikulua ere -minbiziaren inguruko ikerketetan erreferentzia da ospitalea-. Artikuluan ondorioztatzen zen hanturaren kontrako botika ez-esteroideek ahoko minbizia izateko arriskua txikitu egiten zutela, eta, aldiz, bihotzeko gaitzak izateko arriskua handitu egiten zuela botika horiek hartzeak. Horretarako, 900 lagunen datuak aztertu omen zituen, baina badirudi guztiak asmatu egin zituela. Lagun horien guztien adinari, pisuari, sexuari, diagnostikoari eta botiken erabilerari buruzko datuak faltsutzeko lana hartu zuen ikertzaile honek.
Horrelakoak gertatzen direnean, galdera ugari etortzen zaizkigu burura. Zergatik egin ote dute? Aldizkariek ez dute argitaratutako ikerketen baliotasuna egiaztatzen? Eta zientzia-erakundeek ez al dute euren ikertzaileen gaineko kontrolik egiten? Izan ere, iruzurra ikertzaile jakin batzuek egin dute, baina huts, sistema guztiak egin du.
Kontrol-sistemen inguruko eztabaida ez da berria, noski. Egunotako egoeretan goia jotzen du, baina maila apalagoan ere hortxe egoten da beti. Zientzia-aldizkarietan argitaratzen diren artikuluak arlo horretan adituak eskuetatik pasatzen dira argitaratu aurretik. Ikerketa aurkeztu duen egileak ez du jakiten adituak nor diren eta haiek ere ez dute elkarren berririk izaten, teorian, behintzat. Modu horretan, epailearen independentzia eta objektibotasuna bermatu nahi izaten da.
Aditu horiek artikuluan esaten direnen zuzentasuna aztertzen dute, baina balioeste-prozesuaren oinarrian ikertzaileekiko konfiantza dago. Alegia, ez da zalantzan jartzen ikertzaileak aurkezten dituen esperimentuak egin dituenik. Hain justu, horrexetaz baliatu da Science aldizkaria bere burua zuritzen saiatzeko.
Nature aldizkariak ere luze hitz egin du gaiaz editorialetan, baina zezenari adarretatik erabat heldu gabe. Ikertzaileen etikaz mintzatzen da batean, eta, bestean, eskerrak ematen dizkie bere epaileei. "Kontu handiz patentatutako biologiaren garaiko" lehen iruzur handitzat jo du Hwangena, eta gogorarazi du "ikertzaileek ospeaz gain dirutza jaso dezaketen garaia" dela hau; baina, hitz-erdirik ere ez du esan oraingoan aldizkari 'handietan' argitaratzeko dagoen lehia biziaz, adibidez. Izan ere, kasu askotan, zer argitaratu den bezain garrantzitsua da -edo garrantzitsuagoa- non eta zenbat argitaratu den. Norberaren artikulua Science , Nature , Cell , The Lancet eta horrelakoetan ikustea da garaipena. Horren lekuko, aldizkari horiek urtero jasotzen dituzten milaka artikuluak; edo komunikabideotan dihardugunok horietan argitaratutakoari eskaintzen diogun arreta.
Lehia horren adibide gisa ikerketa biomedikoak aipatzen dira beti. Ikertzaileek aldizkari ospetsu batean argitaratu behar dute, eta, gainera, aurrenekoak izan behar dira. Arlo berean diharduten gainerakoei aurrea hartzea garrantzitsua da, milaka artikuluren artean antzeko birentzat tokirik ez baitute izaten aldizkariek. Eta lehena izateko estrategia eraginkor bat lana isilpean egitea da. Datu adierazgarria da, esaterako, Nature aldizkariak berak 2003an argitaratutako azterketa batean jakitera emandakoa: 1966tik 1998ra % 50etik % 74ra handitu zen beren ikerketaren berri aho betean hitz egin nahi ez zuten zientzialarien portzentajea. Bestalde, arbitro objektiboa askotan parte ere izaten da, eta bekaizkeria pertsonal zein profesionalek ere eragin dezakete artikulu baten gaineko iritzian...
Editore 'handienek' modu korporatiboan erantzun dute oraingoz. Eta demokraziaz esaten den gauza bera esan dute: artikuluen balioeste-prozesua perfektua ez, baina orain arte topatu duten onena dela. Seguruenik bai, baina...
Berria egunkarian argitaratua