}

Atomotik abiatuta Plutoneraino

2000/05/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atomoa gauza txikia da, txikiegia bat-batean ikusi, deskribatu, eta bere ezaugarriak ulertzeko. Beharbada horregatik, XX. mendeko laugarren hamarkadan atomoaren inguruan ikerketa-lan handia egin zen". Lehen data nabarmena 1932 urtea da, orduan James Chadwick fisikariak neutroiak aurkitu baitzituen.

Urte batzuk lehenago Rutherford-en taldeak atomoaren nukleoan zeuden protoien kopurua zehaztu zuenean, agerian geratu zen protoiak ez zirela nahikoa nukleoaren masa azaltzeko. Rutherford-ek berak, nahiz eta ezin egiaztatu, atomoaren nukleoan partikula neutroren bat zegoela adierazi eta neutroi izena eman zion. Chadwick-ek neutroiak egon bazeudela eta haien masa protoien antzekoa zela egiaztatu zuen. Urte horien bueltan, atomoaren egituran zeuden beste partikula batzuen berri ere jakin zen, positroiak (1931) eta mesoiak (1935) adibidez.

Beraz, atomoa ez zen uste bezain sinplea, eta hura ikertzeko Goi Energiako Fisika garatu zen. 1932. urtean Joh Cockroft-ek eta Ernest Walton-ek energia nuklearra erabili zuten atomoaren zatiketa frogatzeko. Handik bi urtera, Curie senar-emazteen eskutik erradioaktibitate artifizialaren aurkikuntza gertatu zen. Horren haritik, Otto Hahn kimikariak fisio nuklearraren teoria formulatu zuen, uranio-atomoak neutroiekin bonbardatuz gero, energia askatuko zuen erreakzioa eragingo zela azaldu zuen. Hamarkadaren bukaera aldera, uranio-atomoak zatitzea lortu zen, fisioa lortzea. Niels Bohr fisikari daniarrak eman zuen horren berri.

Goi Energiako Fisika bezala, ikerketa-lerro berriak abiatu ziren urte haietan. Metalen eta isolatzaileen izaera eta erdieroaleen jatorria ulertzera iritsi ziren. Eta horrek garrantzi handia zuen Elektronikaren, telekomunikazioen, Metalen eta Solidoen Fisikaren... garapenerako. Fisikan ez ezik, Kimikan ere ikerketa-lerro berria sortu zen, Kimika Kuantikoa.

Komunikabideen arloan aurrerapenak handiak izan ziren. FMko irrati-sistema asmatu zuen Edwin Armstrong injineru estatubatuarrak eta interferentzien arazoa eragoztea lortu zen. Lehen telebista-irudien zerbitzua ezarri zen Berlinen. Definizio baxukoa izan arren -180 lerro-, Berlingo Joko Olinpikoak transmititu ahal izan ziren (1935). Handik hiru urtera Vladimir Zworykin injineru elektroniko errusiarrak izpi katodikoen tutua patentatu zuen, hau da, telebistaren bihotza.

Radar-sistema ere, alegia, irrati-uhinen bidez objektuak detektatzeko eta kokatzeko sistema, ordukoa da. Historialari gehienen arabera, britainiar armadaren Sheffield gurutze-ontziak erabili zuen lehen radarra, 1939. urtean; beste batzuen ustez, ohorea Normandie itsasontzi frantziarrari dagokio, izotz-puskak lokalizatu ahal izateko 1936. urtean jarri omen zioten-eta.

Elektronika-kontuek modernoagoak diruditen arren, mikroskopio elektronikoa, 30eko hamarkadan sortutako tresna da. Asmatzaileak Ernest Ruska eta Max Knoll alemanak izan ziren, 1931n. Aurkeztu zutenean objektuak 17 bider handitzen zituen; handik bi urtera, berriz, objektuak 12.000 bider handiagotzeko gai zen. Gaur egun mikroskopioen gehieneko handiagotzea 160.000 biderrekoa da.

Hainbat eta hainbat ikertzailek zerura begira jarraitzen zuen, zer aurkituko. Eguzki-sistemako azken planeta horrela aurkitu zuten, 1930. urtean. Aurkikuntza Clyde Tombaugh-ena izan zen, baina urte batzuk lehenago bederatzigarren planeta egon zitekeela esan zuenik ere bazegoen, Percival Lowell. Tombaugh-ek Lowell-en ustea egiaztatu zuen, Pluton planeta aurkitu zuen.

Garraiobideen artean helikopteroa izan zen berrikuntzarik nagusietakoa. Igor Sikorski sobietarrak atera zuen 1939. urtean. Hegazkinen arloan ere iraultza izan zen 1930. urtean. Ingalaterrako eta Alemaniako bi injineruk, zuzenean akzio-erreakzio printzipioaren arabera lan egiten zuen motorra diseinatu zuten. Atzerapausoak ere gertatu ziren, istripuak alegia. Hindenburg baloi gidatuaren 1937ko istripuak, baloi gidatuen aroaren bukaera ekarri zuen.

Kalkulu zientifikoaren eta militarraren arloan, 30eko hamarkadan teknologia analogikoaren garapena gertatu zen. Hamarkadaren hasieran Vannevar Bush estatubatuarrak lehen konputagailu edo kalkulagailu analogikoa asmatu zuen. Beranduago, kalkulu-tresna berriak sortu ziren. Adibidez Harvard-eko Unibertsitatean 1937. urtean egiten hasi ziren Mark 1 kalkulagailu erraldoia.

Asmakuntza eta aurrerapen horiez gain, askoz ere gehiago izan ziren, besteak beste honako hauek: Izozkailua zuen hozkailua (1931). Grabaketa estereofonikoak (1933). Bonbilletarako helize bikoitz erako haria (1934). Bakterioen aurkako lehen botika, sulfanilamida (1935). Gitarra elektrikoa (1935). Diapositibendako bobinak (1935). Fotokopia (1937). DDT pestizida (1939). Hainbat material berri, plexiglas-a (1930), nylon-a (1935), tefloia (1938) etab.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia