Elhuyar zientziaren komunikazioa

Atleta emakumezkoen testosterona-maila mugatzeak ez du oinarri zientifikorik

2019/03/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

atleta-emakumezkoen-testosterona-maila-mugatzeak-e
Mokgadi Caster Semenya, 2012ko Olinpiar Jokoetan Arg. Tab59/Wikipedia/CC 2.0

Emakumezkoen lehiaketetan parte hartzeko testosterona-maila mugatzea erabaki zuen iaz Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkarteak (IAAF). Arauaren arabera, gehienez ere 5 nmol/l-ko kontzentrazioa izan dezakete parte-hartzaileek odolean. Neurri horrek kritika asko eragin zituen, eta, orain, oinarri zientifikorik ez duela gogorarazi dute Cara Tannenbaum eta Sheree Bekker ikertzaileek, BMJ medikuntza-aldizkariaren editorialean.

IAAFren arabera, emakumezko batek odolean testosterona-kontzentrazio altua izateak abantaila ematen dio bere lehiakideekiko. Hala, 400 m-milia bat bitarteko emakumezkoen lasterketetan (hesi-lasterketetan barne), parte-hartzaileek ezingo dute aipatutako muga gainditu. Gainera, legalki emakumezkoa edo intersexa dela baieztatu behar du, eta odoleko testosterona-maila murriztu behar du, gutxienez sei hilabetez jarraian.

Editorialean azaldu dutenez, baina, 5 nmol/l-ko muga “erabat arbitrarioa” da. Normalean, atletak ez diren gizonezkoek 8,8-30,9 nmol/l-ko kontzentrazioak izaten dituzte, eta emakumezkoek 0,4-2 nmol/l-koak. Baina kontzentrazio horiek gainjarri egiten dira atletetan, lehiatu ondoren. Eta ez dago frogatuta kontzentrazio handiagoa izatea irabaztearekin lotuta dagoenik.

Androgenoekiko sentikortasuna ere aintzat hartzen du IAAFk. Izan ere, XY kromosomak izan arren androgenoekiko sentikortasunik ez duten pertsonek ez dituzte garatzen gizonezkoen ezaugarriak. Horiek ere emakumezkoen lehiaketetatik kanpo utzi nahi ditu IAAFk. Ez dagoenez androgenoekiko sentikortasuna neurtzeko laborategiko testik, azterketa fisikoak proposatzen ditu IAAFk, tartean, klitoriaren neurria aztertzea. Azterketa horiek, intimitatea urratzeaz gain, desegokiak direla ohartarazi dute ikertzaileek, ondorio okerrak emateko arriskua baitute.

Horregatik guztiagatik, IAAFren arau horiek bertan behera uzteko eskatzen dute Tannenbaumek eta Bekkerek, eta arau horiengatik baztertua izan den Mokgadi Caster Semenya atletaren alde egiten dute.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia