}

Antropologia industria teknologikoari laguntzen

2003/06/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Industria teknologikoan norgehiagoka ikaragarria dago. Enpresek ia etengabe kaleratzen dituzte beren produktuak, eta, arrakasta izan nahi badute, gero eta azterketa sakonagoak egin behar dituzte kontsumitzaileen gustuak eta beharrak zein diren asmatzeko. Hori dela eta, azkenaldian antropologoengana jo dute laguntza eske. Izan ere, antropologoek pertsonen jokabidea aztertzen dute, eta, beraz, egokienak dira kontsumitzaileek produktu teknologikoen aurrean nola jokatzen duten jakiteko.
Ikerketa etnografikoetan, boluntarioek lanean, etxean eta denbora-pasa zer egiten duten aztertzen dute.

Antropologiari esker, jendeak xiringak trukatzen zituela jakin zen, eta, horrek zekarren arriskua saihesteko, erabili ondoren bota egiten diren xiringak asmatu zituzten. Ikerketa antropologikoak osasun-kanpainak diseinatzeko ere erabiltzen dira: Indian polioaren aurkako txertaketa handi bat egin nahi dute, eta, horretarako, cricket-partidetan jende asko biltzen dela aprobetxatuko dute. Eta, duela urte batzuetatik, enpresa teknologikoek ere jotzen dute antropologoengana.

AEBetako Xerox enpresa izan zen ikerketa antropologikoak erabiltzen lehena. Eta ikerketa horien emaitzetako bat fotokopiagailuen botoi berdea da. Gaur egun, mundu osoko fotokopiagailu gehienek kolore horretakoa dute fotokopia ateratzeko sakatu behar den botoia, baina ideia Xerox-ek atera zuen. Jendeak fotokopia bat ateratzeko hartzen zituen lanak ikusita, lan hori errazteko modua bilatu zuten. Azkenean, fotokopiagailu errazenetan zein konplexuenetan fotokopiak keinu bakar batekin egiteko era asmatu zuten: botoi berdeari sakatu eta kito.

Dena dela, gainerako enpresek ez diote fotokopiagailuaren botoiaren ideia bakarrik hartu Xerox-i, enpresa horren lan egiteko modua ere kopiatu dute. Hala, Intel, Kodak, Philips, Microsoft eta beste enpresa handi batzuek ere kontuan hartzen dituzte antropologia eta antropologoen azterketa etnografikoak.

Giza zientziak eta teknologia, hurbilago

Europan jendea denbora asko egoten omen da sukaldean; horregatik, neurri txikiko ordenagailu eramangarriak diseinatu dituzte, bertan erabiltzeko aproposak.

Lehen, ingeniariek diseinatzen zituzten produktuak, eta, normalean, beren interesen arabera egiten zituzten. Erosleak bilatzeko ardura, berriz, marketing-sailaren esku gelditzen zen. Orain, ordea, enpresa teknologikoak eroslearen beharrak zein diren asmatzen saiatzen dira, eta, horretarako, azterketa etnografikoak oso baliagarriak dira.

Ikerketa etnografikoetan, antropologoez gain, hainbat diziplinatako adituek hartzen dute parte, hala nola, psikologoek, ingeniariek, soziologoek eta diseinugileek. Oso azterketa sakonak izaten dira, eta, batzuetan, oso garestiak. Normalean, jendearen jokabidea aztertzeko, boluntarioen laguntza behar izaten dute. Noski, ahal den boluntario-talde zabalena lortzen saiatu behar dute, era denetako jendeak har dezan parte azterketan. Eta ikertzaileak ezin du inondik inora baldintzatu boluntarioen jokabidea. Halaber, garrantzitsua da inolako aurreiritzirik gabe jasotzea informazioa.

Metodo bat baino gehiago daude azterketa horiek egiteko, baina batez ere bideo-grabaketak eta elkarrizketak erabiltzen dituzte ondorioak ateratzeko. Bideoz, egunean zehar boluntarioek egiten duten guztia grabatzen dute, etxean, lanean, oporretan edo denbora-pasa daudenean, eta elkarrizketak, berriz, luzeak eta irekiak izaten dira. Azterketak ordu pare bat, astebete edo hilabeteak iraun dezake.

Helburua jendeak tresna teknologikoei zer eskatzen dien jakitea da. Gainera, produktuak arrakasta non izango duen eta non ez aurreikusten ere laguntzen dute azterketa horiek. Kontuan izan behar da produktuek, diseinua edozein dela ere, toki batzuetan bakarrik dutela zentzua. Dituzten ohiturengatik eta bizimoduengatik, erabiltzaileek baliagarritzat jo dezakete produktu hori; aldiz, baliteke beste toki batean inolako zentzurik ez izatea, bertako kulturan eta bizimoduan erabat alferrikakoa delako.

Beste batzuetan, gustu-kontua besterik ez da; esaterako, Ipar Amerikan arrakasta izan duen kolore beltzeko telefono mugikor konplexu batek ez du hain harrera ona izango Hego Amerikan, han kolore askoko mugikorrak eta erabiltzeko errazak direnak nahiago baitituzte. Kasu horrek frogatzen du globalizazioa ez dela beti mesedegarria komertzialki.

Mugikorren botoiak zein neurritakoak izan behar duten eta non jarri behar diren jakiteko, jendearen ohituretan oinarritu dira enpresa batzuk.

Mugikorrek eskaintzen dituzten funtzioetatik zein erabiltzen diren eta zein ez ere askotan aztertu da. Izan ere, batzuetan, mugikor konplexuek eta osatuek kontsumitzailea izutzen dute, erabiltzeko zaila iruditzen baitzaio. Botoiak zein neurritakoak izan behar duten eta non jarri behar diren jakiteko ere egin dira azterketa etnografikoak.

Mugikorrak alde batera utzita, jendearen ohiturek ordenagailuen diseinuan ere izan dute eragina. Nonbait, ikerketa etnografiko bati esker, europarrek sukaldean denbora asko pasatzen dutela konturatu ziren, eta hortik ondorioztatu zuten ordenagailu txikiagoak egitea komeni zela; hartara, sukaldean errazago erabiliko zituzketen. Bestetik, Japonian, ordenagailu eramangarri batzuek estalki beltz lakatua dute. Dirudienez, goi-mailako exekutiboentzat oso preziatuak dira, eta estalki distiratsua duten ordenagailu horiengatik arruntengatik baino dezente diru gehiago ordaintzeko prest daude.

Argi dago gustu-kontuetan ez dagoela asmatzerik. Edo bai? Horretan saiatzen dira, behintzat, teknologia-enpresak, eta horretarako antropologoen laguntza jasotzen dute. Azkenean, helburua jendearen beharretara egokitutako produktuak sortzea da; beraz, baliteke azkenean denontzako izatea mesedegarria antropologoen lana.

Tokian tokiko ohiturak, ideia berrien iturri

Txinan, telefonorik gabeko eremuetan, enpresaburuek pertsona-bilagailuak mezu kodifikatuak bidaltzeko erabiltzen zituztela ikusi zuten Motorolako ikertzaileek. Behar horri erantzuteko, mezuak bi zentzuetan bidaltzeko gai ziren tresnak garatu zituen Motorolak.

Alaskan, izokin-arrantzaleak, oharrak ordenagailu eramangarrian idazteko, itsasontziaren kabinatik atera egiten zirela antzeman zuten. Hori kontuan hartuta, tenperatura baxuetara egokitutako mikroprozesagailuak egin zituen Intelek.

Kaspiar Itsasoaren inguruan, berriz, jendeak mugikorren barra-kodeak irakurtzen ikasi zuela ohartu ziren. Antza, AEBetan egindakoak besteak baino hobeak zirela iruditzen zitzaien, eta, horrela AEBetan egindakoak gainerakoetatik bereizten zituzten. Hori jakinda, agian AEBetatik kanpoko enpresa bati mugikorrak herrialde horretan egitea komeni zaio, merkatu horretan saldu nahi badu, behintzat.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia