}

Abortatzeko eskubidea, osasun-eskubidea

2019/09/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

abortatzeko-eskubidea-osasun-eskubidea
Arg. Artxibokoa

Ez da ohikoa medikuntzan espezializatutako aldizkari batek gai berari buruzko bi editorial idaztea, aste gutxiko tartearekin. The Lancet astekari ospetsuak egin du, eta ez da kasualitatea, noski: landutako auziak zenbaterainoko garrantzia duen erakusten du horrek. Hain zuzen, abortua da gaia; zehatzago esateko, modu seguruan abortatzeko aukerak murrizteak dituen ondorioak.

Aurten argitaratutako datuen arabera, munduan, urtean 227 milioi emakume geratzen dira haurdun. Horietatik, %44 nahi gabeko haurdunaldiak dira, eta haietatik %56 abortuan amaitzen dira, %32 nahi gabeko erditzean, eta %12 berez galtzen dira. Duela hamar urteko datuekin alderatuta, nabaria da herrialdeen maila ekonomikoak duen eragina: herrialde ekonomikoki aberatsetan, asko gutxitu dira nahi gabeko haurdunaldiak zein abortuak; aldiz, ekonomikoki hain aberatsak ez direnek haiek baino abortu-tasa handiagoa dute, eta hamar urte hauetan datuak ez dira aldatu.

Aukera egokirik gabe abortatzen duten hamar emakumetatik bat hil egiten da, abortuaren ondorioz. Heriotza horietatik gehienak maila ekonomiko ertain eta baxuko herrialdeetan gertatzen dira. Goi-mailakoetan, oro har, badituzte seguru abortatzeko aukera ematen duten botikak eskura (misoprostola eta mifepristonaren konbinazioa), eta legeak ere ez dira hain murriztaileak. Aldiz, beste herrialde askotan, mifepristona garestiegia da, baliabideak urriak, eta legeek ere askoz ere muga gogorragoak jartzen dituzte.

Azkenaldian, baina, ekonomikoki aberatsak diren herrialdeetan ere modu seguruan abortatzea zailtzen duten joerak indartzen ari direla ohartarazten du The Lancet-ek. Horren adibide garbia dira AEBak. 2017ko urtarrilean, «Bizia babesten, osasun-sorospen globalean» izeneko agindua atera zuen Donald Trumpen gobernuak. «Mozal-agindu globala» eta «Mexiko Hiriko politika hedatua» ere deitzen zaio, eta, haren arabera, diru-laguntzak ukatzen zaizkie atzerrian abortuari buruzko informazioa ematen duten gobernuz kanpoko erakundeei. Ronald Reaganek sortu zuen agindu hori, eta presidente errepublikar guztiek ezarri dute.

Trumpen bertsioa are gogorragoa da, estatuetako osasun-sorospen global guztiei eragiten baitie, baita hiesari aurre egiteko larrialdi-planari ere. Sexu- eta ugalketa-osasun integralak, ordea, aintzat hartu behar ditu arrisku-faktore guztiak, eta haietako asko elkarrekin doaz eta elkarrekin egin behar zaie aurre: hiesa, eta sexu-bidezko gaitzak, minbiziak, nahi gabeko haurdunaldiak (bortxaketen ondoriozkoak barne)...

Horrekin guztiarekin batera, seguru abortatzeko aukeraren aldeko lana ere egiten dute, atzerrian ez ezik (Kenia, Nepal, Nigeria, Hegoafrikako Errepublika...), baita AEBetan bertan ere, bereziki, populazio-talde zaurgarrienetan. Eta mozal-agindu globalaren pean, izugarri murriztu dira modu seguruan abortatzeko aukerak, estatu askotan: Alabama, Georgia, Mississippi, Ohio, Texas, Kentucky, Utah… Horren aurrean, The Lancet-ek garbi dio: ez dago osasun-eskubiderik, segurtasunez abortatzeko eskubiderik gabe.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia