Abiadura handian, denbora mantsoago
2008/01/27 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Bada, inork hori pentsatzen badu, oker dago. Eta ez dut nik esaten; Einsteinek berak esan zuen 1907an, erlatibitatearen teoria berezia aurkeztu zuenean. Hainbat adibide eman zituen bere teoria hori argitzeko. Hona hemen horietako bat: demagun sinkronizatuta dauden bi erloju ditugula. Demagun, halaber, bat argiaren abiaduran joan-etorri bat egitera bidaltzen dugula, eta bestea Lurrean uzten dugula. Itzultzen denean, argiaren abiaduran ibili den erlojua bestearekiko atzeratuta iritsiko da. Hau da, denbora gutxiago pasatuko da argiaren abiaduratik hurbil ibili den erlojuarentzat.
Proposatutakoa frogatu
Einsteinek esandakoa frogatu egin dute orain Manitoba Unibertsitateko fisikari batzuek, Einsteinek berak proposatu zuen esperimentu baten bidez.
Esperimentua ioiekin lotuta dago. Atomoak — eta ioiak, noski, atomo kargadunak direnez gero — iristen zaien argiarekin interakzioan daude: parte bat islatu eta beste bat xurgatu egiten dute. Xurgatutako argiak energia ematen die atomoei, kitzikatu egiten ditu. Baina atomoek kitzikatu gabeko egoerara itzultzeko joera dute, eta soberan duten energia hori igorri egiten dute mota bateko edo besteko izpi gisa (igortzen dutena argi ikusgaia, infragorria, ultramorea edo beste edozein izan daiteke).
Izpien mugimendua uhindua da, hau da, ziklikoki gora eta behera higitzen da, itsasoko olatuen antzera. Argi-motaren arabera, uhinak azkarrago edo mantsoago higitzen dira, eta abiadura horri maiztasun deritzo (funtsean, uhin-mugimenduaren posizio jakin batetik bi aldiz pasatzeko behar duen denbora da).
Hori dena oinarri hartuta, zera proposatu zuen Einsteinek, bere teoria probatzeko: ioi bat abiadura handian azeleratuko balitz, denbora mantsotuko litzateke ioiarentzat. Horren ondorioz, ioi horrek igorriko lituzkeen uhinen mugimendua ere mantsotu egingo litzateke, hau da, uhinen maiztasuna txikituko litzateke.
Jakina, Einsteinek ez zuen modurik bere teoria frogatzeko, garai hartako teknologiaren bidez ezinezkoa baitzen horrelako neurketak egitea. Orain, berriz, partikula-azeleragailuak ditugu. Tresna horien bidez, kargadun partikulak (ioiak, esate baterako) abiadura oso handiak lortu arte azelera daitezke.
Manitobako taldeak horrelako tresna bat erabili zuen litio-ioiak azeleratzeko, argiaren abiaduraren % 6 lortu arte ( segundoko 18.000 kilometroko abiaduraraino, alajaina! ) . Orduan, laser-izpien bidez ioiak kitzikatu zituzten, eta, ondoren, igorri zuten argiaren maiztasuna neurtu zuten. Eta, hara! Ikusi zuten ioiek igortzen zuten argiaren maiztasuna txikiagoa zela egoera horretan egoera normalean, hau da, azeleratuta ez daudenean, igortzen dutena baino.
Esperimentuak egiten dituztenean, zientzialariek kontuan hartzen dute lortzen dituzten emaitzak zoriz edo kasualitatez lortzeko 'arriskua' dutela. Hau da, gerta daiteke egiten ari diren esperimentuak aurretik zuten ustearekin edo espero zituzten emaitzekin bat etortzea kasualitatearen edo zoriaren eraginez, eta ez hipotesia zuzena delako.
Zoriaren eragina alde batera uztearren, esperimentuak behin eta berriz errepikatzen dituzte, eta lortutako emaitza guztiak konparatu. Manitobako taldeak ere hori egin zuen. Lortu zituzten emaitzek adierazten dute egin duten esperimentuak hamar milioitik aukera bakarra duela okerra edo zoriaren mendekoa izateko. Hori marka! Egunero omen dugu zerbait berria ikasteko aukera.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia