Beirazko mikroorganismo gardenak

2010/02/01 Elhuyar

GIBarekin hasi zen, eta azkena H1N1 birusa izan da. Luke Jerram-ek hainbat birusen eta bakterioren beirazko eskulturak egin ditu azken bost urteetan, Glass Microbiology proiektuan. Mikroorganismoen irudiak koloreztatzeari buruzko hausnarketa egin du Jerramek. Izan ere, mikroorganismoen irudiei kolore faltsuak ematen zaizkie sarri; batzuetan, helburu zientifikoekin, eta, beste askotan, estetika hutsagatik. “Zenbat jendek uste du birusak kolore bizikoak direla?”, galdetzen du Jerramek bere webgunean; “Eta nola eragiten dute koloreek irudi horien pertzepzioan?”.

Hala, koloreak alde batera utzi, eta hiru dimentsioko eskultura gardenak egin ditu Jerramek. Eta gizaterian inpaktu nabarmena izan duten birusak eta bakterioak aukeratu ditu horretarako. Izan ere, mikroorganismo horiek duten arriskuaren eta edertasunaren arteko tentsioa ere bilatu du artistak.

Bristolgo Unibertsitateko Andrew Davidson birologoaren laguntzarekin, hainbat argazki eta eredutan oinarritu da diseinuak egiteko, eta Kim George, Brian Jones eta Norman Veitch beira-putzegileekin elkarlanean osatu ditu eskulturak.

Beira-putzegileen tekniken mugan ibili da Jerram; “nire diseinu batzuk ezinezkoak ziren beiraz egiteko”. Eta gauza bera alde zientifikoari dagokionez ere: “Ederra izan da birusak irudikatzeko zientziak dituen mugak esploratzea. Zientzialariak ez dira gai izan nire galdera askori erantzuteko; esaterako, zehazki nola dago RNA pilatuta kapsidearen barruan?”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia