}

Zientzia eta umorea bateragarriak direla frogatu da Wolfram Deunaren jaian

2016/11/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bakarrizketa zientifikoek barrez leherrarazi dituzte ikusleak. Zientzia gizarteratzea eta zientziazaleen komunitatea sendotzeko helburuak ditu ekitaldiak
zientzia-eta-umorea-bateragarriak-direla-frogatu-d
Arg. Iñaki Leturia

Barre artean ospatu da Wolfram Deunaren jaia, Bergarako Aroztegi aretoan. Elhuyarren eskutik, zortzi hizlarik umorezko bakarrizketak eskaini dituzte, zientzia aitzakiatzat hartuta.

Hamaika gai izan dituzte hizpide: arrak garestiak direla espezierako, sinestesia eta espazioa, sasi-terapiak, ikertzaileen komeriak…

Aipatzekoa da hizlarietako batzuk zientzialariak direla, baina ez denak. Hori bai, guztiak dira zientziazaleak eta denek zuten helburu bera: zientzia-gaiak zailak direla pentsatzen dutenei beldurra kentzea eta interesa eta jakin-mina piztea. Eta, bertaratutakoen barreak eta algarak aintzat hartuta, garbi dago lortu dutela.

Hauek izan dira hizlariak: Ibon Cancio Uriarte biologoa, Miren Karmele Gomez Garmendia Pamplonetarioko komunikatzailea, Uxoa Iñurrieta Urmeneta hizkuntzalari konputazionala, Edu Lartzanguren Urdangarin kazetaria, Ainhoa Latatu Nuñez mikrobiologoa, Josu Lezameta Larrabeiti euskara-irakaslea, Josu Lopez Gazpio kimikaria eta Idoia Torregarai Martija UEUko komunikatzailea. Gidari-lanetan, berriz, Alaitz Ochoa de Eribe Aguirre Elhuyarreko kidea aritu da.

Zientzia gizarteratzeaz gain, beste helburu bat ere badu ekitaldiak: zientziazale euskaldunon komunitatea indartzea. Aurretik, gainera, Laboratorium museora bisita gidatua egiteko aukera ere izan dute.

Bigarren urtez antolatu du Elhuyarrek Wolfram Deunaren jaia Bergarako udalaren laguntzarekin, eta ekitaldiaren izena eta lekua ez dira kasualitatea. Izan ere, Bergarako seminarioan isolatu zuten Elhuyar anaiek wolframa edo tungstenoa, euskal zientziak taula periodikoari egin dion ekarpena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia