}

Xarmari aurre egin ezinik

2017/04/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ez da harritzekoa hainbeste mito egotea ugalketaren inguruan, espezieak irauteko ezinbesteko bizi-funtzioa baita. Mitoetako asko, gainera, benetan dira ederrak. Beharbada horregatik hartzen dituzte batzuek egiatzat, baita zientziak mito baino ez direla erakutsi duen kasuetan ere.

Ilbetea eta erditzeekin gertatzen da hori, adibidez. Askok uste osoa dute ilbetean haur gehiago jaiotzen direla beste gauetan baino, nahiz eta mundu osoan egindako hainbat eta hainbat ikerketek frogatu duten uste hori erabat okerra dela.

Hilekoarekin ere antzekoak gertatzen dira. Esaterako, duela hilabete Hilekoa eta ilargia izeneko gutuna argitaratu zen egunkari honetan bertan. Egileak, Martxel Aizpuruak, labur bezain garbi azaldu zuen Ilargiak ez duela eraginik hilekoaren zikloan. Hori bai, aitortu zuen xarma duela “gizakia unibertsoaren zenbait erritmoekin lotuta dagoela adierazteak”. Batzuentzat, nonbait, indar handiagoa du xarma horrek, Aizpuruaren azalpen zientifikoak baino.

Bada, sineskeriak baztertzea are zailagoa da xarmari ikerketa zientifiko bat gehitzen zaionean, gero ikerketa hori okerra zela agerian utzi arren.

Horren adibidea da hilekoak sinkronizatzeko joera. Hain zuzen ere, 1971n, elkarrekin bizi diren emakumeen hilekoek bat egiten dutela erakusten zuen ikerketa bat argitaratu zuen Nature aldizkariak. Garai hartan, feminismoa indarra hartzen ari zen, eta, batzuentzat, oso erakargarria zen emakumeen arteko batasun biologikoa iradokitzen zuen ideia hori.

Hala, ikerketa asko zabaldu zen, eta, gerora, hura indartu eta hilekoen sinkronizazioa azaltzen zuten hipotesiak plazaratu izan dira. Batzuk feromonetan oinarritu dira, beste batzuk teoria ebolutiboan —emakume guztiak aldi berean badaude ugalkor, ar menderatzaile batek emeak monopolizatzea saihesten da—. Baina ez batzuek ez besteek ez dute sinkronizazioaren arrazoia frogatzerik lortu.

Izan ere, ez dago sinkroniarik. Azken urteotan, ikerketa batek baino gehiagok erakutsi du 1971ko azterketa haren emaitzak eta ondorioak okerrak zirela, eta hilekoak ez direla sinkronizatzen, ezta harremana oso estua den kasuetan ere. Azkena oraintxe argitaratu da. Oxford Unibertsitateak zuzendu du, eta 1500 boluntarioen datuetan oinarritu da. Bada, juxtu kontrakoa ikusi dute: ez dago sinkronizatzeko joerarik. Are gehiago, azterketaren hasieran zikloak bateratuta zituzten emakumeetan ere, denborarekin zikloek bereizteko joera dute.

Baina, tartean ikerketa zientifiko bat egonda (aspaldikoa eta okerra bada ere), eta sinkroniaren aldeko hipotesiak hain erakargarriak izanda, seguru asko oraindik ikerketa gehiago beharko dira sineskeria baztertzeko.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia