}

Tumore-zelulen eta haien ingurunearen arteko interakzio-mota berri bat aurkitu dute

2023/12/20 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

tumore-zelulen-eta-haien-ingurunearen-arteko-inter
(A) Fibroblastoen (zelula osasuntsu mota baten) hiru dimentsioko kultibo baten fluoreszentzia-argazkia eta (B) SERS teknologian erabiltzen diren urrezko nanopartikulen irudia Arg. Pablo S. Valera / CIC biomaGUNE

CIC biomaGUNEko eta CIC bioGUNEko ikertzaileek PNAS aldizkarian argitaratu duten azterlan batek erakutsi du gainazalean areagotutako Raman espektroskopia (SERS, ingelesezko izenagatik) baliagarria dela minbiziaren ikerkuntzan minbizi-zelulek jariatutako metabolitoak aztertzeko.

Tumore-mikroingurunea ekosistema konplexu bat da, tumore-zelulen eta zelula osasuntsuen arteko interakzioek sortua. Pseudoorgano dinamiko bat da, minbiziak zer garapen eta progresio izango dituen zehazten duena. Tradizionalki, mezulari proteikoen bidezko zelulen arteko komunikazioan jarri izan da arreta, baina, berriki, tumoreek zelulaz kanpoko espaziora jariatutako metabolitoei (edo konposatu txikiei) erreparatu zaie.

Zelula-testuinguru konplexuetan metabolito horien jarraipena egiteko teknika tradizionalak mugatuak dira, baina gainazalena areagotutako Raman espektroskopia (SERS) etorkizun handiko alternatiba gisa agertu da, funtzionamendu sinplea baitu. Pablo S. Valer ikertzaileak azaldu du azterlan honetan, SERSen oinarritutako estrategia bat proposatzen dela “metiltioadenosina fosforilasarik ez duten tumore-zelulek jariatutako metabolito batzuk ikertzeko (zenbait minbizi-motatan —hala nola bularreko minbizian eta glioblastoman— pronostiko txarrarekin lotutako gertakari genetiko komun bat da metiltioadenosina fosforilasarik ez izatea)”. SERSa “teknika espektroskopikoa da; urrezko nanopartikulak erabiltzen ditu biofluido batean molekulak detektatzeko. Teknika nahiko azkarra da, ez baitzaie aurretratamendurik egin behar laginei”, gaineratu du.

SERSa erabiliz, ikertzaileek aurkitu dute zelula horiek purina-metabolitoak jariatzen dituztela, zelula osasuntsuek metabolizatu ditzaketela horiek, eta, ondorioz, aldaketa molekularrak gertatzen direla, minbiziaren oldarkortasunarekin bat datozenak. Horrek azaltzen du nola birprogramatzen den tumore-ingurunea metiltioadenosina fosforilasarik ez duten minbizietan, zeina ez baita ikusi orain arte: “Metabolito hori detektatu ahal izan dugu, tumore-zeluletan ez ezik, tumore-zelulekin kontaktuan dauden gainerako zelula osasuntsuetan ere. Hau da, ikusi dugu tumore-zelulek eta zelula osasuntsuek elkarrekiko harremana dutela metabolito horren bidez, eta, gainera, zelula osasuntsuen portaera aldarazten duela, eta, hala, tumorea garatzen laguntzen dutela, neurri batean”, adierazi du Valerak. Aipatzekoa da “minbizia duten pazienteengan interakzio horien konplexutasuna argitzeak, era berean, erraztu lezakeela ikuspegi terapeutiko berrietarako bidea”, gaineratu duenez.

Azterlanean SERSaren aplikazioak izan duen arrakastak frogatzen du teknologia horrek arindu dezakeela ingurune konplexuetan gertatzen diren interakzio metabolikoak azkar atzemateko gaitasuna. Izan ere, SERSak seinaleak erraz eta azkar eskuratzen dituenez eta sentsibilitate handia duenez, lehen mailako tresna izateko baldintzak betetzen ditu, gero analisi espezifikoagoak bidera ditzan. Teknika osagarriekin egindako jarraipenaren bidez, tumore-mikroingurunearen egoera metabolikoaren ikuspegi osoa lor daiteke. Halaber, garrantzitsua da nabarmentzea frogatu dela sinergia eraginkorra dagoela SERS sistemaren eta beste metodo analitiko batzuen artean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia