T-baztangari erantzun koordinatua emateko eskatu du The Lancet-ek
2024/08/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
T-baztangaren azken agerraldiak direla eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko nazioarteko larrialdi-egoera izendatu ondoren (PHEIC), erantzun koordinatua emateko deia egin du The Lancet aldizkariak, editorial baten bidez.
Hasteko, gogora ekarri du 15 hilabete baino ez direla igaro OMEk aurreko larrialdia bertan behera utzi zuenetik, eta, oraingoa, Afrikan larrialdi-egoera ezarri eta biharamunean zabaldu duela OMEk nazioarte osora. Aldizkariaren iritziz, zentzuzkoa da kezka; izan ere, 2023ko irailetik pertsonen artean kutsatzen ari den aldaera (1b) aurrekoa baino hilgarriagoa da.
Zehaztu duenez, heriotza gehienak Kongoko Errepublika Demokratikoan izan dira; batez ere, 15 urtetik beherako haur eta gaztetxoen artean. Helduei, berriz, ez die hainbeste eragin, seguru asko, badutelako nolabaiteko babesa, 1960-1970 hamarkadetan hartutako baztangaren txertoari esker. 2024an, Kongon, 16.000 infekzio eta 500 heriotza baino gehiago zenbatu dituzte, eta susmoa dute diagnostikatu gabeko beste hainbat ere izan direla. Afrika Erdiko Errepublikan, Ruandan, Burundik, Ugandan eta Kenian ere izan dituzte kasuan, eta inportatutako kasu bakan batzuk ere diagnostikatu dira Suedian eta Pakistanen (hau da, ez dira herrialdean bertan kutsatu).
Aurreko larrialdi-egoeran ere, birusa kontrolatzeko eta gaitza prebenitzeko neurriak hartu behar zirela adierazi zuten. The Lancet-en arabera, ordea, oraindik ez da ondo ezagutzen birusa, eta ez da nahikoa inbertitu ikerketan, diagnostikoan eta tratamenduan. Prebentziorako txertoak badaude ere, errenta altuko herrialdeen eskutan daude. Horrenbestez, oraingoan ekitatez jokatzea eskatu du editorialak, eta ohartarazi du lehen ehun egunak gako direla.
Azaldu du ekitatea ez dela soilik txertoak eta baliabideak banatzea, baizik eta zaintza eta arreta eskaintzea behar duenari. Arazoa ez da agerraldiak izan dituzten herrialdeena edo Afrikarena; horregatik ezarri da larrialdi-egoera nazioarte osoan. The Lancet-ek berretsi duenez, “hori da PHEIC-aren esanahia”.
Horrez gain, erantzunean komunitateak aintzat hartzea aholkatu du, besteak beste, estrategiak diseinatzeko, baliabideak bideratzeko eta bazterkeria eta estigma saihesteko, esaterako, LGTBIQ+ komunitatean. Informazio gabeziari eta okerrari aurre egiteko beharra ere aipatu du.
Bestalde, birusaren aldaera horrek Europan inpaktu txikia izango duela aurreikusi du Gaitzen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC). Dioenez, litekeena da kasu inportatu gehiago egotea, baina ez da espero asko zabaltzea, diagnostiko azkarrari eta kontrol neurriei esker.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia