}

Suteen kudeaketarako animaliek duten garrantzia azpimarratu dute

2020/03/05 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

suteen-kudeaketarako-animaliek-duten-garrantzia
Belarjaleak ez ezik, bestelako animaliak kontuan hartzeko beharra azpimarratu dute. - Arg. Unsplash
Ezaguna da hainbat animalia belarjaleek duten garrantzia baso-suteen kontrolerako, belarrak eta bestelako landareak kontsumitzean, basoetako erregaia gutxitu egiten dutelako. Halere, belarjaleak ez dira suteen kudeaketan aritzen direnek kontutan hartu behar dituzten animalia bakarrak, Trends in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratutako zientzia-artikulu batean ohartarazi dutenez. Osterantzean, kudeaketa horietan hegaztiak, intsektuak edota ugaztun handiak aintzat hartzeko beharra azpimarratu du Australiako zientzialari talde batek. Ikertzaileen esanetan, animalia horien jardunari esker, suteak izateko aukerak gutxitu daitezke.

Hostoak jaten dituzten intsektuen eragina jarri dute adibidetzat: horien jardunari aurre egiteko, landareek defentsarako produktu kimikoak ekoizten dituzte, eta produktu horiek hostoen sukoitasuna aldarazten dute. Modu berean, zenbait hegaztik hostoak biltzen dituzte habiak egiteko, ingurunea garbituz. Bestetik, animalia handiek landareen artean egiten dituzten bidezidorrek suebaki naturalen funtzioa bete dezakete.

Gainera, belarjaleek izaten duten eragina aztertzerakoan, animalia horiek jaten dituzten landare-motak kontuan hartu behar direla diote. Izan ere, haientzako gozoak diren landareak baino ez dituzte kontsumitzen, eta horrek dakar, bueltan, hain gozoak ez diren eta normalean lehorragoak diren landareak jan gabe geratzen direla. Egileen arabera, horiek dira, hain justu, sutea izanez gero modu errazagoan erreko diren landareak.