SARS-Cov-2 birusak infektatutakoen ehunekoa osasun-langileetan, uste baino txikiagoa
2020/05/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Clinic ospitalean (Bartzelona) egindako ikerketa baten arabera, PCR-proba zein azterketa serologikoa egin zaien osasun-langileen % 11,2 dago kutsatuta edo kutsatu da SARS-CoV-2 birusarekin.
Agerraldia oraindik bete-betean dela egin dute antigorputzak detektatzeko azterketa, Espainiako lehena osasun-langileetan. den unean egindako lehen seroprebalentzia azterketa, Alberto García-Basteiro koordinatzailearen arabera. Datua oso baliagarria da jakiteko zenbateraino hedatu den infekzioa sektore jakin horretan, eta hedapena mugatzeko neurriak hartzeko.
Horretarako, ospitaleko 578 langileri odol-laginak hartu zizkietan, eta antigorputz desberdinak (IgA, IgM eta IgG) zein antigeno ugari detektatu eta kuantifikatu zituzten, Luminex izeneko teknikaren bidez. Horri esker, sentikortasun handia lortu zuten, eta gai izan ziren ikusteko infektatuta egon ote ziren, infekzioa gainditu zutela denbora gutxi ala asko igarota ere.
Horrekin batera, PCR bidezko diagnostikoa ere egin zieten, lagin nasofaringeoak erabilita, une horretan infektatuta ote zeuden jakiteko.
578 horietatik, 14 infektatua zeuden une horretan bertan. Beste 39k aurretik eman zuten positibo, azterketa hori egin baino lehen. Eta 54k antigorputzak zituzten. Haietako batzuek ez zuten inolako sintomarik izan eta ez zitzaien diagnostikorik egin aurretik.
Guztira, PCR zein azterketa serologikoen bitartez (edo bietan), 65 pertsonak eman zuten positibo, hau da, % 11,2k.
Ikertzaileak ohartarazi duenez, oso litekeena da populazioaren ehunekoa are txikiagoa izatea, kutsatzeko arriskua askoz handiagoa baita osasun-langileen artean, gaixoekin harreman zuzenik izan ez dutenena baino. Horrekin batera, osasun-langile guztiei testak egiteko garrantzia azpimarratu du, infekzioen ia % 40 ez baitzen aurrez diagnostikatu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia