}

Robotak ote futbolaririk trebeenak?

2010/10/23 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Badirudi 2050. urterako prest izango dela munduko futbolari onenekin lehiatzeko gai izango den robot-taldea. Hamarkada bat baino gehiago pasatu da roboten nazioarteko futbol-txapelketak abiatu zirenetik, eta, poliki-poliki, urrats esanguratsuak egin dira eremu jakin horretan. Hainbat kontu hobetu nahian buru-belarri jarraitzen duten arren, etorkizuneko erronka nagusia zehaztu dute jada. Ez da, ez, nolanahikoa .
RoboCup Humanoid League

Futboleko izarrak garaituko dituzten robot autonomoak 2050ean ezagutuko ditugula dioen iragarpena Australiako New South Waleseko Unibertsitateko Claude Sammut irakasleak egin du.

Zaila da denbora-aurreikuspen zehatzak egitea, baina haren hitzak sinetsi dituenik ere bada. Izan ere, Sammutek gertutik ezagutzen ditu robotikaren eremuan egiten ari diren urratsak, eta bera izan zen RoboCup izeneko egitasmoa garatzen aritu zirenetako bat.

Bada, RoboCup izenaz ezagutzen da roboten nazioarteko futbol-txapelketa. Adimen artifizialari buruzko ikerkuntza sustatzeko eta bultzatzeko xedearekin sortu zen, eta horretan diharduten ikerlariei elkar trebatzeko gai eta ingurune egokia eskaini zitzaien. Bere kabuz erabakiak hartzeko eta ingurune fisikoan ibiltzeko tresneria egokia garatzea da xedea. Futbola da, nolabait, erronka horri ikuspuntu ludikoa eskaintzen diona.

“Adimen artifiziala eta teknologia robotikoa garatzen dabiltzanentzat oso baliagarria da futbola —dio Sammutek—. Futbolak robotari bere ingurunea ezagutzea eskatzen dio; ingurune horren inguruko modelo bat eraiki behar izaten du, sentsoreekin. Gero, informazio hori arrazoitzeko eta erabaki egokiak hartzeko baliatzen du”. Bestalde, kirolak jokalarien arteko komunikazioa eta elkarlana eskatzen du, baita ikasteko abilezia garatzea ere, aurkariei aurre egiteko taktika aproposenak bilatzeko.

Eneas De Troya

Nolanahi ere, RoboCup proiektuak eta haren antzekoek etorkizunean robotek beren abilezia beste esparru batzuetan lantzeko ere balio dute: lan eta ingurune arriskutsuetan aritzeko, erreskate-lanetan jarduteko, jolaserako eta heziketarako panpina-robotak garatzeko edo industria-roboten talde-lana hobetzeko.

Aurrekariak, xakean

Zaila egiten zaio jende askori giza itxurako robot-talde oso bat trebeziaz jokatzen irudikatzea. Sammutek, ordea, adibide baten bitartez indartu nahi izan du bere iragarpena.

Gogorarazi du 1968an John McCarthyk eta Donald Michiek apustu hau egin ziotela David Levyri, xakeko txapeldun eskoziarrari: baietz hura garaitzeko gai zen programa informatiko bat garatu hamar urte igaro baino lehen. “Denbora pixka bat gehiago behar izan zen, baina egun badira halako programak. Antzeko espiritu edo motibazio batekin eutsiko dio RoboCupek bere erronkari. 2050erako robot erabat autonomoen talde bat izango dugu. Munduko futbolari onenei irabazteko gai izango da”.

RoboCup Humanoid League

Erronka hori lortzeko, “egiturarik gabeko eremuetan ere sentitzeko eta jokatzeko gai izan beharko dute robotek”, erantsi du. Horrek pertzepzioan, erabaki-hartzean, ikaste-prozesuan eta jarrera kooperatiboan aurrerapauso handiak ematea eskatzen du. Sammutek dio pilota kontrolatzen ikasteko eta oztopoak saihesteko izaten dituztela zailtasun handienak robotek.

“Ez dezagun ahaztu robotek hardware- eta software-sistemak dituztela. Sentsoreetan, eragingailuetan eta energia- zein material-biltegiratzean ere aurrerapausoak egin beharko dira”. Dena den, bidea egiten hasiak direla eta laster “futbolari errealak baino hobeak” izatera iritsiko direla ere ziur da Sammut. Ikusiko ote dugu horrelakorik?

Ortzadar-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia