}

Futbolean ere robotak nagusi

2000/10/08 Urresti, Igor - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Sydney-ko joko olinpikoak denon ahotan egon diren honetan, Australiako beste hiri nagusian, Melbourne-n, roboten nazioarteko 4. futbol-txapelketa -RoboCup2000- egin da duela gutxi. Imajina ezazu, robotak direla futbolean ari direnak, ez pertsonak gero! Ez dute urrutiko kontrolik, ez inolako haririk! Nola ari dira, bada, robotak beren kabuz futbolean? Adimen Artifizialari (AI) esker!

Roboten nazioarteko futbol-txapelketa Adimen Artifizialaren inguruko ikerkuntza sustatu eta bultzatzeko helburuarekin sortu zen, horretan diharduten ikerlariek elkar trebatzeko, gai eta ingurune egokia eskainiz. Helburu nagusia bere kabuz erabakiak hartu eta ingurune fisikoan ibiltzeko tresneria egokia garatzea bada, nekez erronka hobe eta dibertigarriagorik talde-lana oinarri duen futbola baino.

RoboCup2000 sortzeko lehen ideia 1993koa da. Bi urtez bere bideragarritasuna aztertu eta proba bat egin ondoren, 1997an egin zen lehen aldiz Nagoya-n, Japonian. 40 taldek baino gehiagok hartu zuten parte lehen RoboCup97 hartan. Bigarren munduko txapelketa Parisen jokatu zen 1998an, 50 talderekin baino gehiagorekin. Iaz 120 talde bildu ziren Stockholm-eko RoboCup99an, eta aurtengo Melbourne-ko RoboCup2000 honetan 150etik gora ziren taldeak.

Roboten futbol-txapelketan 6 kategoria bereizten dira:

  • Liga-simulagailua: futbol-partidu baten simulazioa Interneten bidez. Talde bakoitza hamaika partaidez osatua dago eta Adimen Artifizialeko programak garatu behar dituzte jokalari bakoitzak bere estrategia propioa izateko.
  • Sony-ren lau oineko robot-liga. Sony etxeak sortutako Aibo izeneko txakur itxurako robota erabiliz, hura gobernatzeko programak sortu behar dituzte lehiakideek.
  • F180 liga: tamaina txikiko (15 cm-ko diametrokoa) robot autonomoek ping-pong mahaiaren tamainako zelai batean futbolean aritu behar dute.
  • F2000 liga: tamaina ertaineko (50 cm-ko diametrokoa) robot autonomoek jokatzen dute partidua 9 x 6 m-ko zelai batean.
  • RoboCup Junior: bigarren hezkuntzan dabiltzan ikasleentzat diseinatutako bertsio erraztua; horretarako, LEGO etxeak sortutako robotak erabili dira.
  • Bi oinekoen liga: aurten lehen aldiz, bi oineko giza itxurako robotak (75 bat cm-ko altuerakoak) saiatu dira futbolean jokatzen.

Lau urteotan gertatu den hobekuntza nabarmena izan da. 1997ko RoboCup-en robotak baloia ezin aurkitu alde batetik bestera zebiltzan eta bakoitzak bere atean sartutako golak ere sarri ikus zitezkeen. Aurtengo RoboCup-en robotak baloia elkarri pasatu eta nolabaiteko estrategia-jokoa egiteko ere gai izan dira.

Eta nolakoa da ba roboten arteko futbol-partidua? Partidua hasten denean, robotak bere kabuz ari dira, inork ez ditu kontrolatzen. F-2000 ligan, esaterako, talde bakoitza 50 cm arteko 4 robot gurpildunez osatzen da. Futbol-zelaia 6 x 9 m-ko moketazko eremu bat da eta futbol-zelai arrunten itxura du. Robotak beren artean irrati-seinale bidez komunika daitezke, baina pertsonek ez dute seinale hauetan esku hartzeko eskubiderik. Normalean atezain bakarra izaten dute eta beste taldekideak atzelari edo aurrelariak dira, futbol arruntean bezala. Partiduaren iraupena 15 minutuko bi zatikoa da.

Baloia laranja-kolorekoa da, eta kolore hori eta haren itxura zirkularra erabiltzen dute robotek baloia detektatzeko. Horregatik, ez dago flash-argazkirik ateratzeko baimenik. Ikusleek ere ezin dute laranja-koloreko jantzirik eraman, robotak beren atzetik joatea nahi ez badute behintzat!

RoboCup bezalako erreferentzia-proiektuen abantaila helburu adostu baten inguruan ingeniaritzan eta teknologian aurrerapausoak ematea da. Robotak futbolean trebatzeko, ikertzaileek beste zenbait teknologiari aurre egin behar baitiete:

  • Eragile autonomoen printzipioak diseinatzea.
  • Eragile desberdinen arteko lankidetza.
  • Estrategia berriak eskuratzea.
  • Denbora errealeko arrazoibidea.
  • Robotika.
  • Sentsoreak garatzea.
  • Material berriak garatzea.

Horrela, etorkizunean robotek beren abilezia beste esparruetan lantzeko balio du, hala nola:

  • Robotak lan eta ingurune arriskutsuetan aritzeko: gune erradioaktiboak garbitzen, minak eta bonbak erretiratzen, ur azpiko eta espazioko esplorazioak gauzatzen.
  • Erreskate-lanetan jarduteko: lurrikara ondoren bizirik dirautenak aurkitzeko, arriskuan dauden igerilariak erreskatatzeko, elur-jausietan erreskate-lanak gauzatzeko.
  • Etorkizuneko garraio-sistema autonomoak garatzeko.
  • Jolaserako eta heziketarako panpina-robotak diseinatzeko.
  • Industria-roboten talde-lana hobetzeko.

Antolatzaileek diotenez, XXI. mendearen erdirako, robotez osatutako futbol-taldeak, gaur egungo FIFAren arauak jarraituz, pertsonez osatutako munduko futbol-txapeldunen taldea garaitzeko prest izango dira.

Bide batez, irakurle, nahi al zenuke jakin nork irabazi duen aurtengo munduko txapelketa? F2000 ligan (liga nagusian), Alemaniako CS Freiburg-ek eta Italiako Golem Team-ek hiruna berdindu zuten eta penaltien ondoren 6-4 garaitu zuten alemaniarrek.

Mundu osoko herriek parte hartu dute aurtengo lehiaketan. Haien artean Gironako Unibertsitatekoak ere bertan izan ziren Kataluniaren izenean. Euskal selekzioak ere izango al du laster bere roboten selekziorik?

Hurrengo munduko txapelketa, RoboCup2001, Seattle-n izango da. Oraindik garaiz zabiltza zure robotak egokitu, taldea osatu eta bertan parte hartzeko.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia