}

Quasarren jatorria argitu dute

2010/03/30 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Quasarrak unibertsoko masa eta energia handiko gune distiratsu batzuk dira. Horien jatorria, baino, ez zegoen orain arte oso argi. Berriki, Hawaiiko Unibertsitateko zenbait astronomok ondorioztatu dute bi galaxiak talka egitean eta haien zulo beltzak elkartzean sortzen direla quasarrak.

Ondorio horretara iristeko, astronomoek Hubble, Chandra eta Spitzer teleskopioetatik iritsitako irudiak eta datuak aztertu dituzte, eta gasez eta hautsez belztutako quasarren aztarnak aurkitu dituzte. Izan ere, quasar asko gasezko eta hautsezko hodeitan ezkutatuta daude maiz, eta horrek, hain zuzen ere, asko zailtzen du haien ikerketa.

Teleskopio horiei esker, urrutiko 200 galaxia baino gehiago aztertu dituzte, X izpien eta argi infragorriaren bidez. Ikusi dute quasarrak bi galaxia handien talkaren eta horien zulo beltzen elkarketaren ondorioz sortzen direla.

Halaber, ikertzaileek uste dute quasarrak hasieran gasez eta hautsez inguratuta daudela eta, beraz, ezin ditugula begiz ikusi. Denboraren joanarekin, ordea, quasarrak inguratzen dituzten material horiek zulo beltzera erortzen dira, eta quasarrak ikusgai gelditzen dira.

Irudia: NASA/ESA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia