Pleistozenoko denisovar bat identifikatu dute Taiwanen
2025/04/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Taiwanen aurkitu zuten Pleistozenoko baraila bat denisovar batena dela frogatu dute, azterketa paleoproteomiko baten bidez. Denisovarrek era askotako eremu klimatikoetan bizi izan zirela erakusten du aurkikuntzak; hasi Siberiako mendi izoztuetatik, Taiwango oihan epel eta hezeetara.
Azken ikerketak frogatu dute Pleistozenoan giza talde desberdinak bizi izan zirela Asia ekialdean, sapiensak iritsi aurretik. Haien artean daude denisovarrak. Siberian aurkitu ziren lehenik, eta gero neandertalekin eta sapiensekin hibridatu zirela jakin zen. Nolanahi ere, Siberiatik kanpo ez dira denisovarren ebidentzia zuzenak aurkitu, orain arte, Tibeten izan ezik.
Orain, Penghun (Taiwango kanala) aurkitu zuten hominino baten baraila denisovar ar batena dela frogatu dute. Horretarako, proteina berreskuratu dute hezurretik eta hortzen esmaltetik, eta, genetikoki analizatuta, berariaz denisovarrena den proteina-aldaera bat aurkitu dute: 4,241 aminoazidoa.
Morfologikoki ere, barailak eta haginek Siberian aurkitutakoaren antzekoak dira: sendoak eta indartsuak. Ikertzaileen ustez, litekeena da ezaugarri horiek berariazkoak izatea denisovar arren artean. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia