Mikorriza-sareen bidezko zuhaitzen arteko komunikazioa, zalantzan
2023/02/16 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zuhaitzekin sinbiosian dauden onddoen lurpeko sareen bidez zuhaitzak elkarren artean komunikatzen direla eta baliabideak partekatzen dituztela zabaldu da azken urteetan. Baina, horren inguruko ikerketa zientifikoen berrikuspen bat eginda, ikusi dute ez dagoela horren aldeko ebidentzia sendorik. Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu dute azterketa.
Batetik, ezin da garbi baieztatu hainbat landare, are espezie desberdinetakoak, lotzen dituzten mikorriza-sareak basoetan ohikoak direnik; ezta sare horien bidez landareek baliabideak edo seinaleak partekatzen dituztenik ere. Izan ere, ikerketen emaitzak aldakorregiak dira, beste azalpen batzuk ere izan ditzakete, edo mugatuegiak dira baieztapen orokorrak egiteko. Bestetik, zuhaitz helduek haien ondorengoei defentsa-seinaleak eta baliabideak bidaltzen dizkietenaren ebidentziarik ere ez dago, parekoek berrikusitako artikulu zientifikoetan.
Ikusi dute oinarririk gabeko baieztapenak bikoiztu egin direla azken 25 urteetan, eta isuri nabarmena dagoela mikorriza-sareen efektu positiboen aldera. Hala, ondorioztatu dute mikorriza-sareei buruzko ezagutza urriegia eta ezegonkorregia dela benetan basoetan zer funtzio duten jakiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia