}

Martxan da #10EgunezPentsamenduKritikoa ekimena

2020/11/16 Elhuyar Zientzia

Azaroaren 16tik 27ra, Elhuyarrek pentsamendu kritikoa garatzeko gomendioak zabalduko ditu sare sozialen eta Zientzia.eus webgunearen bitartez.

martxan-da-10egunezpentsamendukritikoa-ekimena

 

Informazioz inguratuta bizi gara gaur egun, informazioa hainbat bidetatik eta formatu desberdinetan iristen zaigularik: Internet, komunikabideak, sare sozialak, beste pertsona batzuekin izandako elkarrizketak, hitzaldiak, txutxu-mutxuak, eta abar. Baina, jasotzen dugun informazioa guztia egiazkoa da? Sinetsi behar dugu iristen zaigun informazio guztia?

Informazio-gehiegikeriak markatutako garai honetan milioika edukitara erraz iristearen ondorioz, informazio faltsuak edo fake newsak benetako arazo batean bihurtu dira, tsunami informatibo honetan murgilduta egoteak zaildu egiten baitu egia eta gezurra bereiztea. Informazio faltsuak detektatzea ordea, ez da beti lan samurra, batez ere hainbeste informazioz inguratuta gaudenean.

Horretan datza pentsamendu kritikoa, iristen zaigun informazioa zalantzan jartzen jakitea eta eskura ditugun tresnak praktikan jartzea, informazio hori egiazkoa den ala ez ziurtatzeko. Horrela, norberak, ebidentzietan oinarrituta dagoen bere iritzia edo ikuspuntua eraikiko du, gizarte demokratiko bateko eragile aktiboak izateko.

Hori da, hain zuzen ere, #10EgunezPentsamenduKritikoa ekimenaren xede nagusia: pentsamendu kritikoa sustatzeko eta jasotzen dugun informazioa egiazkoa den identifikatzeko gomendioak aurkeztu eta pentsamendu kritikoa garatzen erakustea.

Zientzia.eus webgunean atal berri bat ireki da Pentsamendu kritikoa izenburupean eta bertan topatuko dituzue #10EgunezPentsamenduKritikoa ekimenaren baitan garatutako eduki guztiak.

Ekimenak FECYT, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia