}

Maite zaitut, maite nauzu, Robot

2011/09/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

maite-zaitut-maite-nauzu-robot
Maitatzeko eta maitatuak izateko gaitasuna duten robota garatzen ari dira Singapurreko Unibertsitatean. (Argazkia: Singapurreko Unibertsitatea) - Arg.

Eremua hastapenetan badago ere, Singapurreko Unibertsitateko Robotika Sozialaren Laborategian dagoeneko egin dute prototipo bat. Hainbat kongresutan aurkeztu dute, eta bideoak ere jarri dituzte You Tuben. Bideoetan, robotaren funtzionamendua azaldu dute, eta antzezpenak ere egin dituzte, erakusteko nola jokatzen duen, adibidez, maite duen pertsonak laztantzen duenean (hurbildu egiten zaio), eta pertsona horrek beste norbaitekin hitz egiten duenean (urrutiratu egiten da, eta haserre-plantak egiten ditu).

Egia esan, bideoa ikusita, robotaren mugimenduetan erraz identifikatzen dira bi portaera estereotipatu horiek, alegia, maitasun-keinuei atseginez erantzutea, eta jeloskortasuna. Ikertzaileek diotenez, baina, harremana bi norabideetan izatea bilatu dute beren ikerketan, eta hori zailagoa da ikusten bideoan. Ziur aski, robotaren itxurak ez du asko laguntzen horretan, ez baitirudi oso maitekorra (iraulitako kazola baten antza du).

Edonola ere, teknikoki ikerketa oso interesgarria da. Robot sozialek dagoeneko badituzte ingurunearekin eta pertsonekin interakzioa izateko sistemak. Singapurreko Unibertsitatean, portaera-modulu berezi bat diseinatu dute robotarentzat, pertsona batekin lotura sakona lortzeko jokabide aproposa izan dezan.

Nola jokatu "erabakitzeko", pertsonarengandik bi eratako seinaleak jasotzen ditu robotak, entzunezkoak eta ukimenezkoak. Erantzunak, berriz, bi era horietan ez ezik, kolorearen, mugimenduaren eta dardararen bidez ere ematen ditu. Bestalde, parametro hauek kontrolatzen ditu: gertutasuna, errepikapena, atxikimendua, imitazioa eta erakarpena.

Hain zuzen ere, ikertzaileen arabera, horiek dira maitasun-harremanetan gehien eragiten duten portaerazko faktoreak. Beraz, faktore horiek aintzat hartzen dituen eredu informatikoa garatu eta ezarri diote robotari, portaera egokia izan dezan maitalearekin eta inguruarekin interakzioa izaten duenean.

Hormonen ekuazioa

Baina, behar bada, robotari hormona-sistema artifiziala ezarri diotela da deigarriena. Antza denez, sistema hori gakoa da robotak maitatzeko eta maitatua izateko gaitasuna izan dezan. Erabili dituzten hormona artifizialen artean dopamina, serotonina, endorfina eta oxitozina daude; guztiak ere lotura oso estua dute maitasun-harremanetan bizitzen diren zenbait emoziorekin: kitzikapena, poza, ongizatea, gogobetetasuna, enpatia, konfidantza, atxikimendua...

Lau hormona horiez gain, parametro biologikoekin (glukosa-kontzentrazioa odolean, bihotz-taupaden maiztasuna, gorputzaren tenperatura, gosea...) erlazionatutako batzuk ere jarri dizkiote: melatonina, epinefrina, noepinefrina, orexina, grelina eta neptina. Aurrekoekin batera, robotaren portaera erabakitzen duten ekuazioen aldagaiak dira horiek guztiak.

Horrenbestez, ikertzaileen arabera, lotura afektiboan eta emozioetan oinarritutako portaera du robotak. Gainera, lotura hori iraunkorra da, denborarekin sendotzen doa, eta bi norabideetakoa da. Hala, ohiko maitalearekiko baino maitasun gutxiago sentituko du ezagutu berri duen pertsona batekiko, adibidez. Batek daki, agian robotak arrakasta izan dezake horrelako harreman baten bila dabiltzanen artean.

GAUR8 gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia