}

Koronabirusak eragindako larrialdiaren hitz gakoak

2020/02/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

koronabirusak-eragindako-larrialdiaren-hitz-gakoak
2019-nCoV birusak infektatutako zelulatik ateratzen, biderkatu ondoren. Arg. John Nicholls, Leo Poon eta Malik Peiris/Hong Kongeko Unibertsitatea

Wuhanen (Txinan) hasi eta dagoeneko nazioartean zabaldu den koronabirus-infekzioak, galdera ugari ez ezik, informazio-uholde bat ere sortu du. Kalitatezko komunikazioarekin batera, nahasteak, gaizki-ulertuak eta albiste faltsuak ere zabaldu dira, ordea. Horregatik, komeni da zenbait kontzeptu argi izatea:

Koronabirusa

Koronabirusa espezie asko biltzen dituen birus-multzo bat da. RNAz, kapside proteikoaz eta bilgarriaz osatuta daude, eta, mikroskopio elektronikoaren bitartez, koroa-moduko egitura bat ikusten zaie (hortik datorkie izena). 

Ohikoak dira hegaztietan eta ugaztunetan, eta arnas aparatuko gaitzak eragiten dizkiete espezie askori, baita gizakioi ere; tartean, hotzeri arrunta. Noizik eta behin, ordea, espezie askoz ere arriskutsuagoak azaltzen dira; horien artean daude 2002an arnas sindrome akutu larria eragin zuena (SARS), 2012an Ekialde Hurbileko arnas sindromea sortu zuena (MERS), eta orain Txinan azaldu den koronabirus berria (2019 Novel Coronavirus, 2019-nCoV).

Zoonosia

Animalietatik gizakietara transmititutako gaixotasunei deitzen zaie zoonosi. Gizakioi eragiten diguten agente infekziosoen ia hirutik bi zoonotikoak dira, baita SARS, MERS eta orain osasun-larrialdia eragin duten birusak ere. 

Bai SARS bai MERS saguzarrenak ziren jatorriz; haietatik beste espezie batera jauzi egin (zibeta eta gamelua, hurrenez hurren), eta haien bidez iritsi ziren gizakietara. Guretzat berriak direnez, immunitate-sistemak ez du gaitasunik aurre egiteko; hortik datorkie kalte egiteko ahalmena.

2019-nCoV birusaren kasuan, lehen ikerketek iradoki zuten sugea izan zitekeela jatorrizko gordailua. Ikertzaile batzuek berehala jarri zuten zalantzan hori, orain arteko koronabirus guztiak ugaztunetan eta hegaztietan aurkitu izan baitira. Orain, beste ikerketa batek erakutsi du SARSaren birusaren oso antzekoa dela (berdina dute genomaren % 79,5), eta saguzarretatik datorrela. 

Pandemia

Mundu osoan edo lurralde oso zabal batean hedatutako izurriari deitzen zaio pandemia. Horren adibide dira, esaterako, 1918ko gripea iraganean, eta hiesa gaur egun.

Pandemia gertatzeko, birusak, gizakiontzat antigenikoki berria izateaz gain, pertsona batetik bestera transmititzeko ahalmena izan behar du. Hain zuzen, gerta daiteke inor animalia-jatorriko birus batekin kutsatzea, baina, ez bada beste pertsona bat kutsatzeko gai, hor eteten da katea.

Koronabirus berria pertsonatik pertsonara ere transmititzen dela frogatu dute, airean eta larruazalean (eskuetan) garraiatutako partikuletan. Aldiz, objektuetan eta gainazaletan ez du luze irauten, eta, beraz, ez da kutsatzen merkataritza-produktuen bidez.

Nazioarteko larrialdi-egoera

2020ko urtarrilaren 30ean, nazioarteko larrialdi-egoera izendatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME); batez ere, osasun-sistema ahulak dituzten herrialdeetara iritsiz gero eragin zitzakeen kalteei aurre hartzeko. Horrekin batera, Txinak izurria mugatzeko eta kutsatzeko arriskua murrizteko neurriak babestu zituen, eta beste herriadeei ere dei egin zien erne egoteko eta beharrezko neurriak hartzeko prest egoteko.

Horrez gain, birusaren identifikazioan, diagnostikoan, aurkako tratamenduan eta txertoaren garapenean ikertzen jarraitzeko agindu zuen, gardentasunez eta elkarlanean. 

Heriotza-tasa eta hilgarritasuna

Heriotza-tasak adierazten du zenbat pertsona hiltzen diren, populazio jakin batean, denbora batean. Aldiz, infektatutako pertsonetatik zenbat hiltzen diren adierazten du hilgarritasunak.

Oraindik ez da ezagutzen ondo koronabirus berriaren joera. Sasoiko gripearekin alderatuz gero, adibidez, kontuan izan behar da populazioaren zati handi bat kutsatzen dela gripearen birusaz, eta gehienak ez direla gaixotzen edo ondorio larririk gabe gainditzen dituztela eragindako sintomak. 

Koronabirus berriaz kutsatutakoak, berriz, ez dira hainbeste (17.391 otsailaren 3an, OMEren arabera), eta gripeak baino heriotza gutxiago sortu ditu, munduko populazio osoa aintzat hartuta (362; denak Txinan, bat izan ezik). Alabaina, kutsatutakoen artean, gripeak baino hilgarritasun handiagoa daukala ikusi dute. Edonola ere, oraingoz MERSaren birusarena baino txikiagoa, adibidez.

R0 zenbakia

Gaixo dagoen pertsona batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du R0 zenbakiak. Batezbesteko bat da, eta, 1 baino handiagoa bada, esan nahi du gaitza hedatu egingo dela. Zenbakia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta azkarrago hedatuko da. 

Ez da erraza R0 zenbakia kalkulatzea, faktore askok eragiten baitute, eta denborarekin aldatuz doaz. Koronabirus berriaren hainbat R0 zenbaki jakinarazi dituzte iturri batzuek; baina, OMEK adierazi zuen 1,4-2,5 artekoa dela (larrialdi-egoera ezarri baino astebete lehenago).  

R0 zenbakia jaisteko gakoa txertoak dira, kutsa daitekeen pertsona-kopurua murrizten dutelako. Koronabirus berriaren aurkako txertoa garatzeko ahalegin handia egiten ari diren arren, ez dute espero urtebete baino lehenago lortzea.

Antibirala

Hainbat ikerketa-talde txertoa lortzeko lanean ari diren bitartean, beste laborategi batzuetan hasi dira birusaren aurkako terapia antibiralak probatzen. Haietako batzuk dagoeneko erabiltzen dira beste birus batzuek sortutako gaitzak sendatzeko. Esaterako, Wuhanen bertan, GIBaren aurka erabiltzen diren antibiralen konbinazioak probatu dituzte (Lopinavir eta Ritonavir).  MERSaren aurka, berriz, beste antibiral bat erabili zen, Remdesivir, eta 2019-nCoV birusari aurre egiteko ere eraginkorra izango den itxaropena dute. Beste batzuk erabat berriak dira, eta orain hasiko dira entseguak egiten.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia