Elhuyar zientziaren komunikazioa

Katagorria, akrobata xarmangarria

1992/07/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Katagorri arruntak Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Euskal Herrian bizilagun ditugun ugaztun basatien artean ez da izanen, seguruenik, katagorria bezain atsegin eta begi onez onartzen den espezierik. Eta ez da harritzekoa; bere itxura apaina eta dotorea izateaz gain, zuhaitz-adarretan gora eta behera dabilela liraintasunezko ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera eskaintzen bait digu noiznahi. Ondotxo ezarria du, bai, “katagorri” izena; katuak berak ere ez bait dio ezer irakatsiko animaliatxo bitxi honi

ez jauzika aritzean, eta ez lekurik aldrebesenetan oreka, zuzen, erraztasun osoz mantentzen duenean

Katagorria karraskaria dugu, baina ordena honetan zuhaitzetan bizitzeko moldaturik dauden gainerako kideek bezalaxe (muxarrek, eta abarrek bezalaxe), isats iletsu luze eta berezia izaten du, hau adarretan zeharko mugimenduetarako oreka-organo aproposa duelarik. Horrez gain, belarri-muturretan ageri dituen ile-xerlo deigarriek ere nabarmendu egiten dute erabat.

Gainerako karraskariak bezala, katagorria fitofagoa da batez ere, eta bere dietaren baitan elikagai nagusiak hazi eta fruituak dira.

Kolorea berriz desberdina da, bai latitude desberdinetan bizi diren populazioetan, eta bai ale bakoitzean, urte-sasoiaren arabera. Oro har, iletza arre gorrizta edo gorri arrea izaten du katagorriak alde dortsalean eta buruan, eta sabelaldea berriz zuria edo zuriska ageri du. Hala ere, zenbat eta iparralderago jo, bertako katagorriak ilunagoak izaten dira —batzuetan ia beltzak—, eta zenbat eta hegoalderago gorriagoak. Era berean, ale bakoitza ere ilunagoa izan ohi da neguan udan baino.

Gainerako karraskariak bezala, katagorria fitofagoa da batez ere, eta bere dietaren baitan elikagai nagusiak hazi eta fruituak dira: gaztainak, ezkurrak, pago-ezkurrak, pinu-haziak, gramineo-haziak, eta hainbat zuhamuska eta sastraken fruituak. Hauetaz gainera, onddoak ere gogoko ditu. Edonola ere, katagorriak ez ditu elikagai hauek urte osoan aurkitzen ahal, eta ondorioz, jaki-eskuragarritasun handieneko hilabeteetan elikagai-biltegiak osatzen ditu eskasia denerako. Sarritan gerta dakioke, noski, biltegi horiekin aski ez izatea, eta orduan, udaberri aldean batipat, zuhaitz eta zuhamusken kimuak, eta txorien arrautza eta txitoak ere jan ditzake bere premiak asetzeko. Eta iharduera honegatik batzuetan gizakiaren haserrea eta erasoa ere bereganatu izan ditu, animalia kaltegarria delakoaren ustetan.

Nolanahi ere, katagorriaren jokabide edo joera hau ez da garai batetan uste bezain ohizkoa, eta bere ondorioak hutsaren hurrengoak dira gehienetan, animaliak egin dezakeen ustezko kalteari dagokionez. Arazo honen gakoa gainerako karraskariei gertatzen zaienaren antzerakoa da oso. Izan ere katagorria ere ugalmen handiko animalia bait dugu, eta udazkena hazitan oparoa den urtetan katagorri-populazioa nabarmen haz daiteke.

Katagorriak isats iletsu luze eta berezia izaten du, hau adarretan zeharko mugimenduetarako oreka-organo aproposa duelarik.

Honen ondorioz, eta negua gogorregia ez bada, hurrengo udaberrian katagorriek normalean baino jaki gehiago behar izan dezakete, eta lehen aipatutako jokabideak gertatzea espero genezake. Baina ugalkuntz-tasa handia duten animalia gehienengan gertatzen den legez, katagorriak hilkortasuna ere handia du, eta baldintza naturaletan behintzat, egoera orekatu egiten da berehala; bai janari-eskasia dela medio eta, bai elur-urte hotz eta luzeak izanagatik.

Bestalde, katagorriak badu hainbat harrapakari ere. Aipagarrienak lepahoria (Martes martes), katagineta (Genetta genetta) eta aztorea (Accipiter gentilis) dira. Hauetaz gain ordea, azeriak (Vulpes vulpes ) ere harrapa dezake aldizka, lurrera jaitsi eta jaten ari dela.

Udaberriarekin batera, iharduera-maila handiko sasoia hasten da katagorriarentzat: batetik janaria bilatzeko gehiago mugitu beharragatik, eta bestetik araldia ere sasoi horretantxe hasten delako. Garai honetan beraz arrak eme-bila hasten dira gora eta behera basoan. 30-35 eguneko ernaldiaren ondoren 4-7 kume txiki biluts eta ahul munduratzen ditu emeak udaberri amaieran edo uda hasieran, animaliak bizilekutzat duen habian erditzen delarik. Habia hau hegaztiek —eta bereziki mikek (Pica pica)— eraikitzen dituztenen antzerakoa izaten da. Bi edo hiru adarren arteko loturaz baliatuz, adartxo eta zotzez eginiko egitura biribil trinko eta sendoa eraikitzen dute bertan.

Udaberriarekin batera, iharduera-maila handiko sasoia hasten da katagorriarentzat.

Atea alde batera eta beherantz begira kokatzen dute, baina aldi berean, gaineko aldean beste ihesbide hestuagoa ere uzten diote, arriskurik izanez gero bertatik irten ahal izateko. Eta azkenik, habiaren barneko aldea goroldioz hornitua izaten da, egitura epel eta babestailegoa lortzearren. Nolanahi ere, eta erditu baino lehen, emeak bigarren habia ere prestatzen du, ohizko bizilekuan arriskuren bat edo kalterik gerta daitekeela somatuz gero, kumeak hartu eta bigarrenera alde egin ahal izatearren.

Udazkena iristerako katagorri gazteak beren kasara ibiltzen dira, eta ondorioz, gure basoetan sasoi horretan ikus daiteke katagorri-dentsitaterik handiena. Gehienetan adarretan ibiltzen dira janari bila, baina arriskurik somatzen ez badute lurrera ere erraz asko jaisten dira, bertan bazka bilatzera. Arriskugarria gerta daitekeen ezer somatuz gero ordea, ziztu bizian zuhaitzen batera igo, eta enbor edo adarren baten atzean ezkutatzen dira, aldika burua ertzetik atera, eta etsaiari begiratzeko.

Aipatutakoaren arabera, katagorria basoko animalia da erabat, eta ondorioz basoak derrigorrezkoak ditu bizi ahal izateko. Europan ugaztun xelebre hau ia nonnahi aurki genezake; Mediterraniotik hasi eta Eskandinaviaraino, baldin eta oihanik baldin badago. Euskal Herriari dagokionez, nekazal alorrak nagusitu eta basoak erabat baztertu diren lekuetan izan ezik, edonon aurki genezake, nahiz eta habitataren arabera dentsitate aldakorrak izan.

Euskal Herrian bizilagun ditugun ugaztun basatien artean ez da izanen, seguruenik, katagorria bezain atsegin eta begi onez onartzen den espezierik.
I.X.I

Katagorria ongi baino hobeki moldatzen da ler gorritan (Pinus silvestris); besteak beste, bertan pinaburuak ia urte osoan zehar aurki bait ditzake, eta, beraz, elikagai-eskasiarik ez bait du pairatu behar izaten. Era berean eta antza denez, kanpotik ekarritako intsinis pinudietara (Pinus radiata) ere egokitua da. Koniferoetatik at ordea, hostogalkorrezko basoak nahiago ditu artadiak baino, eta hauetara ez da gehiegi zabaltzen udazkenean eta neguan izan ezik; sasoi horretatik at ez bait da ezkurrik bertan, eta oihan mota honetako gainerako landare eta zuhaitzen fruituak ez bait zaizkio horren erabilgarri gertatzen.

Beraz, pagadi, harizti, amezti eta erkameztiak nahiago ditu artadiak baino. Baita urriztiak, eta lizarrez, haltzaz eta beste hainbat espeziez osatutako oihan mistoak ere. Ondorioz, Euskal Herrian Ebro inguruetan gutxiago dago beste inon baino, eskualde horretan bere bizilekua gune forestal egoki bakanetara mugatzen delarik. Bestalde, lerraz eta hostogalkorrezko basoez hornitutako eskualde menditarretan gero eta maizago ikusten da, batetik bere harrapakari natural diren lepahori eta aztoreek jasandako jipoia dela eta, eta bestetik gaur egun animaliatxo hau ehizatzea debekaturik dagoelako (zenbait lekutan katagorria jateko zegoen ohiturak pixkanaka beherantz egin du).

FITXA TEKNIKOA KATAGORRI ARRUNTAESPEZIEA: Sciurus vulgaris
FAMILIA: ESZIURIDOAK
ORDENA: KARRASKARIAK
KLASEA: UGAZTUNAK

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia