}

"Jasangarritasunerako ikerketak gazteak inspiratzeko" liburuxka argitaratu du Elhuyarrek.

2023/06/28 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

jasangarritasunerako-ikerketak-gazteak-inspiratzek
Arg. Pernan Goñi Olalde

Gizakiok azken mendean eragin dugun ingurumen-larrialdi konplexu bati egin behar diogu aurre: klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera, kutsadura, desertifikazioa… Testuinguru horretan, interesgarria da ikasgelan gazteekin jasangarritasunari eta klima-larrialdiari buruzko hausnarketak eta ekintzak sustatzea, betiere berdintasuna, inklusibitatea eta eraldaketa soziala kontuan hartuta.

Gaur egungo gazteek ezinbestean inplikatu beharko dute larrialdiari aurre egiteko. Beraz, jarrera aktiboa eta ikuspegi kritikoa behar dituzte, eta, horretarako, ezinbestekoa da hausnartzea nola lagundu eta sostengatu ditzakegun gazteak gaitasun berdeak garatu ditzaten. Hain zuzen ere, hori egin du Elhuyarrek “2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektuan. Horretarako, zenbait adituren arteko topaketak antolatu ditu jasangarritasunaz, ingurumen-larrialdiaz eta hezkuntzaz eztabaidatzeko, eta, gerora, topaketa horietan egindako hausnarketa eta lanketen ondorioz sortutako edukiak bilduta, liburuxka bat argitaratu du: Jasangarritasunerako ikerketak gazteak inspiratzeko.

Liburuxka honen helburua da irakasleei zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzea ingurumenarekiko arduraren ikuspegitik. Hezkuntza-komunitatea inspiratzeko eta laguntzeko baliabideak eskaini nahi ditu, prozesu horretan gazteen bidelagun izan dadin. Liburuxka bi ataletan banatuta dago: lehenengo atalean, jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko 20 ideia gako aurkezten dira; bigarren atalean, aldiz, jasangarritasuna lantzeko 20 proiektu inspiragarri daude.

Sakatu hemen liburuxka PDFan deskargatzeko.

Liburuxka honetako edukietan oinarrituta, “Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko” Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroa eskainiko du Elhuyarrek, irailaren 5ean, Donostiako Miramar Jauregian, aurrez aurre eta online.

Proiektuaren aurrekariak

“2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektuak 2018an du abiapuntua, “Gluoien mahaia, STEM profesioanalak sustatzeko” proiektuaren jarraipena da, eta gazteen posizionamendu zientifiko-teknologikoan eragiteko helburu berarekin jarraitzen du. Proiektuak orain arte izan dituen faseetan lortutako emaitzak liburuxka-bilduma batean jasota daude. Argitaratu berri den liburuxka eta aurreko guztiak zientzia.eus webguneko STEAM Hezkuntza ataleko Liburuxkak atalean daude jasota.

 

Proiektu hau Elhuyarrek sustatzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia