Io, Jupiterren satelite hiperaktiboa
1989/01/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Beronen orbitaren barru aldetik beste hiru satelite txiki higitzen dira. Tamainari dagokionean, Ilargiaren oso antzekoa da, diametroa 3.640 km-koa da, eta beraien dentsitateen balioak ere ia berdinak dira: 3,5 g/cm 3 inguru. Datu hauek adieraz zezaketenaren aurka, Io eta gure satelitearen arteko antzekotasuna azaleko datu horietara mugatzen da.
Teleskopioz ikusita koloretasun handiko mosaikoa dirudi, alderdi zabalenak bereizten dituzten koloreak gorria, laranja, horia eta zuri biziak izanik. Lehenengo gainbegiratuak Ilargiaren gainazalarekiko beste ezberdintasun nabarmen bat erakusten du, pentsa zitekeenaren aurka. Ioren gainazalean ez da meteoritoen talkak sortutako krater bat ere aurkitu. Behaketa hau are harrigarriagoa da Jupiterren grabitate-eremu bortitzaren eraginak haien ugaritasuna faboratzen duela kontutan hartzen badugu. Beraz, meteoritoek uzten dituzten orbanak desagerterazten dituen, hau da, gainazala eraberritzen duen prozesuren batez pentsatu beharra dago.
Erantzuna puntu beltz itxuraz ikusten diren sumendiek ematen digute. Sumendi-aktibitate izugarriak sortzen dituen hondakinak dira (hauspeatu eta berriz ere ziklo geologikoan sartuz) gainazalaren berrikuntza bultzatzen dutenak. Zehatzago esanda, mila urteko hamarnaka zentimetro lodierako geruza bat egin beharko litzateke meteoritoen talken maiztasun kalkulatuaren arabera sortuko liratekeen kraterrak desagerterazteko. Baina, zein izan daiteke Ilargiaren antzeko tamaina eta dentsitateko gorputz horretan horren iharduera bortitza sorteraz dezakeen energi iturria?
Io Jupiterren eraginpean higitzen den satelite bakarra balitz, Ilargiak izan duen eboluzioa izango zukeen, eta hau bezala, biraketa-higiduraren energia galduz joango litzateke planetak eragindako marea-efektuaren ondorioz sortutako marruskaduraren bidez. Beraz, biraketa-abiadura planetari beti aurpegi berdina erakutsiz higitu arte jaitsiko litzateke, gure satelitearen kasuan bezala. Egoera honetan Jupiterren erakarpenak sabeldura iraunkorra eragingo ziokeen, Iori elipsoide-itxura emanez. Baina Iok ez du Jupiterren eragina bakarrik sentitzen; bere satelite-sistema osoarena baizik, eta batez ere, beste hiru satelite galilearrena. Ondorioz, Ioren Jupiterrekiko orientazioak oszilazio garrantzitsuak izaten ditu, eta marea-efektuak sorterazten duen izugarrizko barne-beroketa da sumendi-aktibitatearen erantzule.
Gainera, beste xehetasun azpimarragarri bat ere aipatu behar da. Bertakoa, sufrean oinarritutako kimika berezia da. Zalantzarik gabe, sumendiek barne aldean harrapatuak zeuden gas eta konposatu arinak kanporatu dituzte, baina Ioren grabitate-eremua (Ilargiaren kasuan gertatzen den bezala), ez da gas horiek atmosfera gisa bere inguruan mantentzeko bezain indartsua. Beraz, ur, karbonoaren konposatu oxigenatu eta abarren existentziaren ezak aipatu dugun kimikaren nagusitasuna esplikatzen du.
Gainazalaren konposaketari dagokionean, espektroari ondoen egokitzen zaion nahastea honako hau da: %50 oxido polisulfuratuak, (S n O) x , %25 basaltoa, %15 S 2 O eta %10 SO 2 . Disulfuro oxidoa (S 2 O) eta oxido polisulfuratuak, SO 2 -ren fotodisoziazioaren ondorioz eratuko lirateke. Gainazaleko tenperatura oso baxua denez (batezbeste -150ºC), konposatu hauek izoztuak daude. Egoera horretan SO 2 -a zuria da, eta oxido polisulfuratuak, adibidez, kolore horixka izango lukete.
Ioren barne-egituran hiru geruza bereiz daitezke: nukleoa (solidoa eta dentsitate handikoa, diametroaren heren batekoa gutxi gorabehera), gainetik silikatoz osatutako mantu jariakor bat izango genuke, eta hau bilduz silikato sulfuratuetan aberats litzatekeen oskola.
Dena den, barnean gertatzen diren prozesuak oraindik ez dira gehiegi ezagutzen. Badirudi bi sumendi-mota duadela: A eta B motakoak. Bigarrenek, lehenengoak baino askoz ere bortitzagoak, 1000 m/s-ko abiaduraz jaurti dezakete materia. Kanporatutako gehiena satelitera erortzen da berriz ere, baina ehuneko txiki bat ionosferan geratzen da.
Batzuek ionosfera ere uzten dute Jupiterren eremu magnetikoak harrapatuta, eta plasmazko toru bat osatzen dute planetaren inguruan, satelitearen planoarekiko 7º desbideratua dagoelarik. Hemen S + , O + , S 2+ , S 3+ eta O 2+ ioiak aurki daitezke, adibidez.
Hauek ez dira Ioren bereiztasun aipagarri guztiak, baina beronen itzelezko aktibitatearen agerbide garbi ditugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia