Hizkuntzen larrialdia eta klimaren larrialdia, eskutik doazen bi krisialdi
2022/01/04 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Munduko hizkuntza askok pairatzen duen arrisku-egoera eta biodibertsitatearen galera globala konparatu ditu Nature Ecology & Evolution aldizkariko ikerketa batek. Biodibertsitatearen larrialdia oso kritikoa bada, hizkuntzena are handiagoa dela salatu dute. Munduan diren 7.000 hizkuntzetatik ia % 50 dago arriskuan; anfibioetatik, berriz, % 40; ugaztunetatik % 25, eta hegaztietatik % 14. Larrialdiaz jabetuta, UNESCOk Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada izendatu du 2022an hasitako hau.
Neurri eraginkorrak hartu ezean, mende bukaerarako 1.500 hizkuntza galdutzat jotzen dituzte zientzialariek. Aurreikuspen pesimistenek, hizkuntzen % 90. Hizkuntza-dibertsitatearen galera kolonizazioarekin eta globalizazioarekin lotuta dago batez ere, baina egungo beste hainbat faktorek nola eragiten duen jakin nahi izan dute. Hala, hizkuntza-politikek, biztanleriaren ezaugarriek, gizarte- eta ekonomia-aldaketek, ingurumen-baldintzek eta hizkuntzaren dokumentazio-mailak nola eragiten duten aztertu dute Australiako hainbat ikerketa-zentrotako eta Alemaniako Max Planck institutuko zientzialariek.
Konektibitatea
Historikoki, Australiak, Hego Amerikak eta AEBk izan dute hizkuntza-galerarik handiena, baina gaur egun beste eremu hauetan daude hizkuntza gehien desagertzeko arriskuan: Ginea Berrian, Erdialdeko Amerikan, Himalaian eta Afrikako erdialde-mendebaldean.
Arrazoiak aztertu dituztenean, ikusi dute ezen, uste orokorraren aurka, beste hizkuntzekin kontaktu estua izatea ez dela hizkuntza bat arriskuan jartzen duen faktorea, betiere hizkuntza-politika sendo bat baldin badago atzean. Bestela, arrisku potentzial bihurtzen da. Gauza bera gertatzen da errepide-sareekin eta hezkuntza-mailarekin ere: zenbat eta handiagoa izan errepide-dentsitatea, orduan eta arrisku handiagoa du hizkuntzak, populazioaren mugimendu handia dela eta; orobat, zenbat eta maila altuagoa izan hezkuntza formalak, are handiagoa da jatorrizko hizkuntzaren galera. Baina, ikertzaileen arabera, galera horrek ez du zerikusi zuzenik errepideekin eta hezkuntza-mailarekin, hizkuntza-politika okerrekin baizik.
Esaterako, AEBn Hezkuntza Elebidunaren Legea diseinatu zen, komunitate indigenetako biztanleek hezkuntza orokorrerako eskubidea izan zezaten. Baina helburu bakarraz ematen zieten ama-hizkuntza erabiltzeko erraztasuna: ingeleserako zubi-lana egiteko, ez ama-hizkuntzan ikasteko. Beraz, hezkuntza-politikek ez dute hizkuntzen dibertsitatea babesten, ez badute ama hizkuntzan ikasteko eskubidea bermatzen eta sustatzen.
Oro har, ikertzaileek ikusi dute hau dela hizkuntzen arteko konektibitatea ulertzeko gakoa: bereiztea ea hiztunek berea ez den beste hizkuntza batera aldatzen duten ala beste hizkuntza bat txertatzen duten beren gaitasun linguistikoetan, beti ere haien hizkuntza zainduta.
Klima-larrialdia
Arrisku globalez gain, tokikoagoak diren arriskuak ere identifikatu dituzte: Afrikan, esaterako, lurraren erabilerarekin eta biziraupenarekin zerikusia du arriskuak neurri handi batean, gizarte ehiztari-biltzaileek inguruko talde nekazarien hizkuntza handiagoa bereganatzean jartzen baita arriskuan jatorrizko hizkuntza; Europan klimarekin du zerikusia, eta eremu artikoetako hizkuntzaren galeran islatzen da hori, Asian bezalaxe; eta, Ozeanian, berriz, populazio-dentsitatea murrizteak sortzen du arriskurik handiena. Faktore globaletatik harago, lekuan lekuko faktoreak ikertzeko lan handia dagoela aitortu dute zientzialariek, baina ohartarazi dute horietako asko klima-larrialdiak sortutako arazoak izan daitezkeela.
Hizkuntzaren dokumentazioa eta gramatika landua
Eragin handia duen beste aldagai bat ere identifikatu dute: hizkuntzak indartzeko ezinbestekoak dira testu idatziak, hiztegiak eta gramatikak. Hain zuzen ere, lehendabizi desagertuko diren hizkuntzek ez dute apenas dokumentaziorik eta gramatika idatzirik. Dokumentazio-lan hori egitera deitu dute ikertzaileek, berandu baino lehen, ikerketa eta ezagutza baitira hizkuntzak zaintzeko gakoak.
Galera hirukoiztuko da
Max Planck institutuko ikertzaileen arabera, giza eboluzio kulturalean ohikoa da etengabeko aldaketa, baina hizkuntza-dibertsitatearen egungo galera masibo eta larri hau kolonizazioak eta zaindu gabeko globalizazioak eragin dute. Orain, hiru hiletik behin hizkuntza bat galtzen da munduan, eta kalkulatu dute, gaur egungo egoerari eutsiz gero, hemendik 40 urtera hilero galduko dela hizkuntza bat. Beraz, beharrezkoa ikusten dute premiazko inbertsio globala egitea dokumentazio linguistikoan eta hezkuntza osoa ama-hizkuntzan ikasteko hezkuntza-programa eraginkorretan.
Bestetik, hizkuntzen galera klima-larrialdiaren barruan ere ulertzera deitu dute zientzialariek. Are gehiago, iradoki dute klima-aldaketaren ereduek berek lagundu dezaketela hizkuntza-dibertsitatearen galera aurreikusten.
2022-2032: Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada
Arazoaren jakitun, UNESCOk Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada izendatu du 2022an hasi berri den hau. Helburua da hizkuntza-dibertsitatearen larrialdia ikusgai egitea. Izan ere, hizkuntza bakoitza giza kulturaren espresio bakar eta berdingabea da, UNESCOren hitzetan. Galdu ezin den aberastasuna.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia