Hizkuntzak aztertzeko algoritmoak baliagarriak dira birusen mutazioak aurreikusteko
2021/01/18 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hizkuntzen eta birusen eboluzioan egon litezkeen antzekotasun kontzeptualetatik abiatuta, birusen mutazioak aurreikusteko tresna bat garatu dute MITeko ikertzaileek. Tresna baliagarria izan daiteke birusek immunitate-sistemari edo txertoei ihes egiteko gara ditzaketen mutazioak aurreikusteko. Science aldizkarian argitaratu dute lana.
“Gramatika” (edo sintaxia) eta “esanahia” (edo semantika) hizkuntza-kontzeptuetan oinarrituta, ikertzaileek hizkuntza-prozesamenduko teknika bat erabili dute. Makinek hizkuntzak ikasteko erabiltzen da teknika hori, baina, kasu honetan, hitz-sekuentzien ordez aminoazido-sekuentziak eman dizkiote makinari. Izan ere, hitzak aldatuta esaldi baten gramatika (egitura) bere horretan gorde baina esanahia alda daitekeen gisa berean, mutazioen bidez birusek egitura eta infekzio-gaitasuna mantendu dezakete, baina birusaren semantika aldatu, antigorputzek ez ezagutzeko moduan. Eta hori egiteko zer aukera dauden aurreikusteko balio du tresna berri honek.
A gripearentzat, GIBarentzat, eta SARS-CoV-2arentzat garatu dituzte ereduak, eta, ikertzaileen arabera, zehaztasunez iragarri dituzte iheserako balio dezaketen mutazioak, eta ihes-ahalmen handia duten egitura-eremuak zehaztu dituzte. SARS-CoV-2ren kasuan, esaterako, ikusi dute spike proteinaren (birusak zelulan sartzeko erabiltzen duena) ihes-ahalmen guztia, proteina horren hiru domeinuetako bitan dagoela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia