"Hizkuntza oso ikergai konplexua da"
2024/11/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Borja Ariztimuño Lopez hizkuntzalaritzako ikertzailea da. Euskara arkaikoari buruz egin du tesia, eta, gaur egun, doktoretza-ondoko ikertzaile-kontratuarekin ari da ikertzen EHUn. Batzuentzat, ordea, hizkuntzalaritzan eta zientzia “puru”etan ez dabiltzan gainerako ikertzaileak bigarren mailakoak dira. Uste horri buruzko iritzia eskatuta, Ariztimuñok baieztatu du ohikoa dela bereizketa hori egitea. "Ez dakit, ordea, nondik datorren, garai batean jakintsuek edo adituek denetarik ikertzen baitzuten, dela filosofia, dela fisika... dena batera. Gero hasi ziren halako bereizketak egiten, agian metodo zientifikoa diziplina bakoitzean aplikatzeko moduaren arabera. Izan ere, egia da prozedura batzuek antza handiagoa izan dezaketela zientzia aplikatuetan, letretako jakintza-arloetan baino. Adibidez, filologian ez dugu betetzen errepikagarritasunaren irizpidea, ez dugu esperimentu bat errepikatzeko aukera. Egia da hizkuntzalaritza oso arlo zabala dela, eta adar batzuetan egiten dira halako esperimentuak, baina, filologian, ditugun testuak ditugu, eta ezin ditugu esperimentuak egin".
Beste arrazoi bat zenbakien erabilera izan daitekeela aipatu du, baina hori aldatzen ari dela azaldu du: "Gaur egun, filologian ere erabiltzen dira matematikak, eta egiten dira ikerketa kuantitatiboak".
Edonola ere, ez du inolako zalantzarik bera ikertzailea dela: "Alor bakoitzak ditu bere ikergaiak eta bere metodologiak, eta garrantzitsuena da datuetan oinarritzea, datuak modu zintzo batean erabiltzea, eta errealitatearen azalbideak proposatzea. Puruak deitzen zaien zientzietan ere hainbat aldaketa izan dira, ezta? Lehen agian uste zen gauzak era batera zirela, eta gero ikusi da ezetz. Matematikak erabilita ere akatsak egiten diren bezala, matematikarik gabe ere egin daiteke zientzia edo errealitatearen azterketa zientifikoa. Gure kasuan, hizkuntzarenean, oso ikergai konplexua da, ez delako neurtzeko erraza, eta, garai bateko hizkuntzaz ari garenez, esperimentuak egiteko ezinezkoa. Baina neure burua ikertzailetzat dut, eta nire arloa, zientziatzat".
Eta, hain zuzen, azkenaldian, gizartean interes handia piztu dute hizkuntza zaharrari buruzko ikerketek; bereziki, Irulegiko eskuaren eta aspaldiko garaietako idazkunen aurkikuntzen harira. Halako aurkikuntzak zirraragarriak dira ikertzaileentzat ere, berez, oso gutxi baitira: "Hizkuntza nola garatu den aztertzen dugunok ezinbestean joan behar dugu testu zaharretara, eta, aurkikuntza bakoitzarekin, aztergai berria izateaz gain, esan nahi du lehengo testuak ere berrirakurri behar ditugula", azaldu du Ariztimuñok. Izan ere, ebidentzia berriek aukera eman dezakete lehendik ezagutzen ziren testuei buruz egindako interpretazioak osatzeko edo aldatzeko.
Idazkunen mintzoa
Horren inguruan, 1500. urtearen inguruan Azkoitian idatzitako poema batzuen eta Irulegiko eskuaren eta garai hartan idatzitako beste idazkun batzuen arteko aldea aipatu du: "Azkoitiko poema horren kasuan, orduko euskara ezagutzen dugu, eta egin ditzakegu gure ikerketak eta proposamenak. Akitanierazko edo baskonikoko edo dena delako horien kasuan, berriz —nola deitu ere bai baitago saltsa—, garai hartako hizkuntzaren edo hizkuntzen aztarna gutxi egoteaz gain, hain aspaldikoak dira, halako tarte handia dago hurrengo lekukotasunetaraino, ez digute zuzenean laguntzen, ez ditugulako ulertzen".
Aitortu duenez, lehenengo ariketa beti da filologikoa, eta oso espekulatiboa. "Irakurtzeko, alegia, hotsak deszifratzeko modua normalean badugu, % 100eko ziurtasunarekin ez bada ere. Kontua da, irakurrita ere, ez dela ulertzen esanahia". Egiten diren proposamenak, beraz, halabeharrez dira espekulatiboak, orduko hizkuntzaren eta gaurko euskararen artean dagoen diferentzia latinaren eta gaurko gaztelaniaren artekoaren parekoa baita, adibidez, edo ingelesaren eta germanikoaren artean dagoenaren parekoa. "Ez dago modurik lotura segururik egiteko, ez formetan, ez esanahian. Esperantza bakarra testu gehiago aurkitzea da. Eta egunen batean agertuko balitz idazkun elebidun bat, edo Rosetta harriren bat...", bota du, gurari gisa.
Onartu du filologian sartu zela euskarari buruzko interes orokorra zuelako: euskalkiak, bilakaera..., baina ez zuela ikerketan aritzeko helburu edo asmorik. Lehen ikerketa Henrike Knörrekin egin zuen, hark irakasten zuen ikasgaian, orduan aurkitu berri zen Lazarragaren eskuizkribuaren gainean. "Kasualitatez, edo ez, aditzari buruz zen, eta gerora tesia ere aditzari buruz egin dut". Orduan "friki moduan" sortu zitzaion interesa, bizibide izateko aukera bihurtu zitzaion, eta horren alde egin du.
Etorkizunera begira, bere bide naturala unibertsitatean ikertzen eta irakasten aritzea delakoan dago. Grinaz bizi du ikerketa, eta, dakiena ez ezik, pasio hori transmititzea ere garrantzitsua dela uste du: "Norbait erakartzea lortzen badugu, horrekin jada egin dugu".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia