}

Hiesaren kontrako lehen txertoa: emaitza kaskarrak

2003/02/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

VaxGen laborategiaren txertoa urrunen iritsi den proiektua izan arren, oso emaitza pobreak lortu dituztela iragarri zuten atzo. Saioan parte hartu dutenen % 3,8rentzat baino ez da eraginkorra izan. EAEko Hiesaren Prebentziorako eta Kontrolerako Planaren arduradun Daniel Zulaikak, ordea, uste du, emaitzak txarrak izan arren, lehen pauso bat behintzat badela.

Aidsvax txertoa saio klinikoen hirugarren faseraino heldu da. Eta hori asko da, Zulaikaren arabera. Kontuan izan behar da fase hori botika merkaturatu aurretik egiten den azkena dela eta oso eskala handian egiten dela. Fase horretan parte hartzen duten boluntarioek ahalik eta ondoen ordezkatu behar dute gero botika jasoko duen populazioa eta, horregatik, denetariko jendeak hartzen du parte.

Kasu honetan, 5.417 boluntariok hartu dute parte saioan, 5.108 gizonezkok eta 309 emakumezkok. Boluntario horiei hiru urteko jarraipena egin diete Estatu Batuetan, Kanadan, Puerto Ricon eta Herbehereetan. Bi herenek txertoa jaso dute eta beste herenak plazeboa, eta guztiei sexu-harreman arriskutsuak saihesteko aholkuak eman zaizkie. Esan beharra dago bi taldeetan kutsatutakoen ehunekoa antzekoa izan dela.

Aidsvax txertoaren oinarria

Aidsvax txertoaren oinarria genetikoki eraldatutako proteina bat da. Proteina horrek B motako GIB birusak azalean duen proteina bat imitatzen du eta helburua sistema immuneak proteina horren kontrako antigorputzak sortzea da. Txertoak ez zuen boluntarioak gaixotzeko inolako gaitasunik, baina benetako GIB birusetik babestuko zituela espero zen. Ikertu den GIB birus-mota ohikoena da Ipar Ameriketan, Europan, Australian, Japonian eta Puerto Ricon. Izan ere, hiesaren birusak aldatzeko gaitasun handia dauka, eta horregatik da hain zaila haren kontrako txerto eraginkor eta global bat garatzea.

VaxGen enpresa B motako GIB birusaren kontrako txertoa ari zen garatzen.

Laborategi hau bera beste saio kliniko garrantzitsu bat egiten ari da Tailandian 16.000 boluntarioekin. Kasu horretan, droga injektatzeagatik hiesarekin kutsatzeko arriskua duen jendea hartu dute saioan, eta B eta E motako birusaren kontrako txertoa bilatu nahi dute. Mota horiek dira nagusi Asiaren hegoaldean eta ekialdean. Saharaz hegoaldeko Afrikan, berriz, C eta D motak dira ohikoenak.

Hain justu, VaxGen laborategiak bere saioan parte hartu duten beltzen eta asiarren artean emaitzak askoz ere hobeak izan direla nabarmendu nahi izan du, baina GIB birusaren aldakortasuna ikusita, argi dago afrikarrek ez dutela itxaropenerako aukerarik.

Beltz eta asiar gutxi

Saio klinikoan parte hartu duten 5.417 boluntarioetatik oso gutxi ziren beltzak edo asiarrak, hurrenez hurren, 314 eta 73. VaxGen enpresak esan du zuriak ez ziren boluntarioen artean txertoak % 67 babestu dituela, baina lagina txikiegia da emaitzak populazio osora estrapolatu ahal izateko. Enpresaren ustez, emaitza horiek zoriaren ondorio izateko aukera % 2 baino txikiagoa da, baina ez dute berdin pentsatzen ikerketa kritikatu duten askok.

Estatu Batuetako Alergien eta Gaixotasun Infekziosoen Institutuak 1994an utzi zuen txerto honen ikerketa, atariko emaitzek iragartzen zutelako ez zuela balioko. Hango buruak gogor kritikatu du VaxGenen portaera: "ez dute eraginkortasunik frogatu". Azpitaldeen emaitzak, bestalde, oso interesgarriak eta probokatzaileak iruditu zaizkio, "egia izatekotan".

Cornell Mediku Unibertsitateko John Moore adituaren esanean ere lagina txikiegia da edozein ondorio ateratzeko. Gainera, boluntario beltzetan ikusitako emaitza onak azaltzeko emandako arrazoiak gaitzetsi egin ditu ikertzaile honek.

Txertoaren emaitza kaskarren berri jakin denetik, Vaxagen enpresaren kotizazioa % 57 jaitsi da burtsan; beraz, ez da harritzekoa izan dituzten emaitza on samar bakanei zukua atera nahi izatea. Enpresak jakinarazi du saio gehiago egingo dituztela beltzekin eta asiarrekin, Aidsvax txertoa benetan talde horientzat baliagarria izan daitekeen jakiteko. Ikusiko da iragarpen hori beteko duten ala enpresaren egungo egoera salbatzeko estrategia izan den. Izan ere, hiesaren kontrako edozein txertok hori baino esparru zabalagoa izan beharko luke.

Hiesari buruzko informazio gehiago Zientzia.net-eko dosierretan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia