Elhuyar zientziaren komunikazioa

Hegazkinak eta ozono-geruza

1994/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hegazkinak estratosferan (hau da, 10 eta 50 kilometro bitarteko altitudean dagoen atmosfera-zatian) hegaldiak egitea debekatuko ote duten hotsak zabaldu dira, altitude horietan doazen hegazkinek ozono-geruzari kalte egiten diotelako. Izan ere, Concorde, Boeing 747, Antonov eta beste zenbait erreakzio-hegazkin handik nitrogeno oxidoak (NO, NO2) eta ur-lurrina tonaka botatzen dituzte estratosferara, eta molekula horiek 20 eta 30 kilometro bitarteko altitudeetan hodei estratosferikoak sortzen laguntzen dute.

10 eta 100 kilometro bitarteko luzera eta kilometro batzuetako lodiera duten geruza hauek, ozonoa jaten dute. Horren adierazgarri da munduko aire-korridore dinamikoenak (Europa Iparramerikarekin lotzen duenak) munduko nitrogeno oxidoen kontzentraziorik handienak edukitzea. Joan den neguan, adibidez, ozono-kantitatea % 25 murriztu zen.

Hegazkinak estratosferan hegaldiak egitea debekatuko ote duten hotsak zabaldu dira, altitude horietan doazen hegazkinek ozono geruzari kalte egiten diotelako.

Aire-konpainiak beti saiatu dira ahalik eta hegalaldi errentagarrienak egiten, eta horregatik joan dira estratosferara (hegazkinaren keroseno-kontsumoa txikia delako). Gaur egun munduko hegazkinetan kerosenoaren erdia estratosferan kontsumitzen da, eta Atlantiar Ozeanoko iparraldeko korridorean estratosferako kontsumoa % 75ekoa da. Ipar hemisferioan urtero hegazkinek 80.000 tona ur-lurrin botatzen dute, eta aireko trafikoa urtetik urtera areagotzen ari denez gero, ozono-geruza babesteko estratosferako hegalaldiak debekatzeko hotsak atera dira lehen aldiz.

Alemaniako gobernuko Robert Sausen jaunak adierazi duenez, hemendik bost bat urtera estratosfera alde batera uzten duten aire-hegalaldiak diseinatu ahal izango dira. Alemaniako espazio-laborategiko Jouke Peper jaunak dioenez, Atlantiar Ozeanoko iparraldean hegalaldietarako 10,5 kilometroko altitude maximoa ezarrita, estratosferara jaurtitako emisioak % 10 murriztuko lirateke, 9 kilometroko muga ezarrita % 40 eta 5,5 kilometroz azpitik estratosfera ez litzateke ezer poluituko.

Arazoa ordea, ez da hain erraza. Izan ere, 10 kilometroko altitudetik gora nitrogeno oxidoek ozono-geruza mehetzen badute ere, hortik behera (troposferan) nitrogeno oxido horiexek fotooxidazioz ozono (hau da, oxidatzaile indartsu) bihurtzen dira.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia