Hau da planeta bat
2006/08/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Galdera horiei erantzuteko, planeta hitza ren definizio bat adostu behar zen. Eta, azkenean, Astronomoen Nazioarteko Batasuna k hartu du erabakia (Pragan egin duten batzar orokorrean). Planeta bat hiru baldintza hauek betetzen dituen zeruko gorputz bat da: bat, Eguzkiaren inguruan orbitatzen du; bi, masa nahikoa du bere grabitateak gorputz zurrunen indarrak gainditzeko, hau da, formak oreka hidrostatikoa (ia biribila) izateko; eta hiru, inguruko orbita ‘garbitu’ egin du.
Horrenbestez, zortzi planeta daude gure eguzki-sisteman: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Pluton , beraz, zerrenda horretatik kanpo geratu da: ez da planeta bat izango hemendik aurrera. Pluton eta planeta izatera deituak zeuden beste hirurak (Zeres, Karon eta 2003 UB313) planeta nanoak omen dira.
Planeta nanoa zer den ere definitu dute. Lau ezaugarri betetzen dituen zeruko gorputz bat da: bat, Eguzkiaren inguruko orbita du; bi, masa nahikoa du bere grabitate-indarrak gorputz zurrunen indarrak gainditzeko, hau da, formak oreka hidrostatikoa (ia biribila) izateko; hiru, ez du ‘garbitu’ inguruko orbita; eta lau, ez da satelite bat.
Planeta nanoak dira, beraz, Pluton, Zeres, Karon eta 2003 UB313 (izen egokiago baten zain); baina gehiago ere etorriko omen dira. Izan ere, planeta nano izateko hainbat hautagai daude (Sedna, Orkus, Palas, Higiea eta beste zortzi); eta, Eguzki-sistema miatzen doazen heinean, hautagai gehiago ere izango dira aurrerantzean.
Horrenbestez, bi definizio horiekin gure eguzki-sistemako gorputzak hiru taldetan sailkatu dituzte astronomoek: planetak, planeta nanoak eta eguzki-sistemako gorputz txikiak. Azken horiek Eguzkiaren inguruan orbitatzen duten gainerako gorputz guztiak dira (planeta, planeta nano edo planeten satelite ez direnak): asteroideak, kometak eta gainerako gorputz txikiak.
Itxura batera, behinik behin, planeten kontua argituta geratu da, beraz.