“Gure zientzia eraikitzeko ezinbestekoak izan diren lekuei aitortza egin diegu”
2022/11/03 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zumaian, joan den astean, aitortza egin zieten geologia garatzeko ezinbestekoak izan diren munduko ehun lekuri. Leku horietako bat da, hain zuzen ere, Zumaiako flyscha, eta haren inguruan bildu ziren, lau eguneko biltzarrean, mundu osoko geologoak. Nazioarteko Geologia Zientzian Elkartearen (IUGS) 60. urteurrena ospatu zuten. Erakunde horretako Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendaria da Asier Hilario Orus.
Labur esateko, ezin hobeto. Kongresu guztia borobila izan zen. Eta, bereziki, amaierako ekitaldia, Itzurunen egin genuena, Zumaiako deklarazioaren irakurketarekin, eta ehun lekuen iragarpen ofizialarekin. Ezin hobeto atera zen dena, eta horren erakusgarri, azken egunetan jasotzen ari garen mezu mordoa, munduko edozein lekutatik.
Munduan dagoen erakunde zientifikorik handienetakoa da. 121 lurraldetako ordezkariak ditu, eta milioi bat zientzialari baino gehiago atxikita. Duela hirurogei urte sortu zen helburu garbi batekin: geologia-zientzietan estandarrak markatzea. Izan ere, munduko leku ezberdinetan geologia garatzen ari zen, modu desberdinean; eta askotan gauza berdinei modu diferentean deituz. Orduan, hor ikusi zen beharra nazioarteko erakunde baten bidez, batasun bat emateko.
IUGSren (International Union of Geological Sciences) batzorde ezberdinetan erabakitzen da, adibidez, nola banatzen den denbora geologikoa, nola deitu elementu geologikoei, nola sailkatu arrokak eta abar. Bada, 2016an sortu zen Ondare Geologikoaren Batzordea, eta duela bi urte hartu nuen haren koordinazioa. Ikusi genuen behar genuela programa bat, geologoen komunitate guztiak babestuko duena, non aitortza emango diegun gure zientzia eraikitzeko balio izan duten lekuei.
Nazioartean garrantzi zientifikoa duten elementu edota prozesu geologikoak dituzten inguruneak dira; baina, batez ere, erreferentziazkoak dira eta historian zehar geologia-zientzien garapenari ekarpen nabarmena egiten diotenak. Hau da, bere motako adibide hoberenetarikoak dira, mundu mailan, eta ireki dituzte ideia berriak garatzeko ateak. Gure zientzia garatzeko aukera eman diguten lekuak dira.
Kasu honetan alderdi zientifikoa bakarrik baloratzen da. Ez, adibidez, eduki dezaketen potentzial hezigarria, edo turistikoa, edo edertasuna; horiek ere baloratu baitaitezke ondarea aitortzeko orduan. Kasu honetan ez, Nazioarteko Geologia Elkarteak ematen die balioa bakarrik ikuspegi zientifikotik.
Bai, Zumaiakoa da munduan dagoen azaleramendu geologikorik ikertuenetarikoa. Urte askotan zehar, zientzialari asko, hainbat lekutatik, etorri dira informazio bila; informazio asko duen leku bat delako. Zumaiako 200-300 m horietan soilik goi-mailako 200 artikulu zientifiko baino gehiago daude, eta doktoretza-tesiak ere 20tik gora.
Informazio asko dago jasota flyscharen geruzetan. Duela 100 eta 50 milioi urte arteko Lurraren historia, eta bereziki duela 70 eta 50 milioi urte artekoa, inon ezagutzen ez den xehetasun handienarekin irakur daiteke. Eta tarte horretan gauza interesgarriak gertatu ziren: adibidez, dinosauroen desagerpena, duela 66 milioi urte. Edo, duela 56 milioi urte, Lurrak eduki duen beroaldi klimatikorik garrantzitsuenetako bat: Paleozeno-Eozenoko maximo termikoa. Gauza horiek guztiak, xehetasun handiz idatzi ziren sedimentu itsastar hauetan, eta horregatik hainbeste eta hainbeste jende etorri da hauek ikertzera. Eta hortik etorri zaio aitortza hau, Lurraren historiaren zati garrantzitsu hori ikertzeko ezinbestekoa izan delako.
Zientzia-komunitateak bere zientzia, kasu honetan zientzia geologikoak, eraikitzeko ezinbestekoan izan diren leku horiei aitortza ematea. Ez dago besterik, oso sinplea da zentzu horretan.
Gero, espero duguna da aitortza horrek balio izatea babestuta ez dauden lekuak babesteko, edo sustatuta ez daudenak sustatzeko.
Ehun hauetan badaude leku asko oso ezagunak direnak, parke nazionalak, Unescoren munduko ondare direnak; Arroila Handia, Kilimanjaro, Iguazu… Baina badaude beste asko publiko orokorrarentzat oso ezezagunak direnak. Adibidez, munduko arroka zaharrenak, edo munduko bizitza-arrasto zaharrenak. Badaude 15 bat leku, bizitzaren historian egon diren momentu garrantzitsuenen azaleramendu hoberenak direnak. Horietako batzuk babestuta daude, baina beste batzuk ez. Espero dugu aitortza hau argudio on bat izango dela, leku horiek babesteko.
Azpimarratzekoa da etorri direla 140 bat pertsona, baina, hori baino gehiago, azpimarratuko nuke etorri direla 42 lurralde desberdinetako ordezkariak. Zumaiarentzat izan den bezala, gainerako lekuentzat ere ohore bat izan da aitortza hau jasotzea. 100 lekuetatik 64 bertan aurkeztu dira. Edozein geologorentzat, egia esan, ume batentzat Disneylandera joatea bezala izan da. Arroila Handiko geologo nagusia azaltzen zer den leku hura eta zergatik den hain garrantzitsua, haren atzetik, Perito Morenokoa, gero Poas sumendikoa, eta horrela, bata bestearen atzetik. Superleku hauek lehen pertsonan ezagutzeko aukera izan dugu. Programa ikusteak soilik bertigoa ematen zuen.
Eta oso interesgarria izan da elkartzea diziplina guztietako zientzialariak. Hemen zeuden paleontologoak, mineralogoak, estratigrafoak, geomorfologoak... Oso aberasgarria izan da. Prozesu guztia izan da, egia esan, oso aberasgarria. Duela urtebete hau martxan jarri genuenetik osatu behar izan dugun sarea eraikitzen joatea. Eta prozesu horretan, aipagarria da jendeak parte-hartzeko eta lankidetzarako erakutsi duen gogoa.
Bai, lehenengo ehunak dira, ez dira ehun hoberenak. Argi izan dugu hasieratik hainbat urtetan garatuko dugun proiektu bat dela, eta joango gara, poliki-poliki leku gehiagori aitortza ematen. Ez dakigu zenbat izango diren.
Baina, argi genuen zenbaki potolo batekin hasi behar genuela, proiektua indartsu hasteko. Eta lortu dugu. Dagoeneko hainbat herrialdetatik idatzi digute, leku berriak proposatzeko nahia adieraziz.
Konturatu ginen, proiektu honekin, atxikimendu oso zabala izaten ari ginela. Mundu-mailako beste hamar geologiako erakunde daude sartuta proiektuan, eta munduko geologoen komunitatearen gehiengoaren babesa du. Orduan, ikusi genuen oso aukera ona zela adierazpen bat egiteko. Adierazpenak helburu bakarra dauka: geologia-zientzien aldeko adierazpena da.
Eta hiru ideia nagusi ditu. Lehenengoa, lur-zientzien papera azpimarratzea hurrengo urteetan edukiko ditugun ingurumeneko erronka eta erronka sozial eta ekonomikoen aurrean. Aldaketa klimatikoa, ura, mineralak, energia berriztagarriak eta fosilak. Gauza horietan guztietan geologia ezinbestekoa da, lur-sistemak ematen dizkigun aukerak ongi ezagutu behar ditugulako.
Bigarrena, oinarrizko ikerketa sustatzea. Ezinbestekoa da sistemak nola funtzionatzen duen ezagutzea, edozein momentutan nola erreakzionatu dezakeen ulertzeko.
Eta, hirugarrena, ondare geologikoa babestearen edo aitortzearen aldeko apustua. Hau da, ulertzea landare, animalia edo monumentu batzuk ondare diren bezala, badaudela elementu geologikoak ere berezko balioa dutenak. Eta horiek ere aitortu eta kudeatu behar direla.
Hiru oinarri horiek ditu Zumaiako Adierazpenak: geologia gizarterako, geologia oinarrizko zientzia gisa, eta ondarea.
Aitortza jaso duten lekuetako batzuk, Elhuyar aldizkarian:
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia