}

Grabitate-indarraren misterioak

2009/08/30 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Segur aski guztiok aditu dugu noizbait grabitate edo grabitate-indar kontzeptua. Horri esker mantentzen ditugu oinak lurrean, eta horri esker egiten du munduak bira Eguzkiaren inguruan, besteak beste. Berriki, indar horren misterioen berri eman dute NewSciencist zientzia-dibulgazioko aldizkarian. Azter ditzagun, bada.

Artxibokoa

Jauzi egin, eta grabitatearen eraginez erortzen gara lurrera. Hala da, bai. Newtonen arabera, grabitate-indarrak objektuen mugimenduan eragiten du. Baina ez dakigu zehatz-mehatz nola sortzen den fenomeno hori. Izan ere, oraindik ez da aurkitu elkarrekintza horri legokiokeen partikularik, grabitoirik, teorikoki aurreikusi den arren. Atomoak elkartuta mantentzen dituen indarraren partikulak, berriz, ezagutzen dituzte.

Beste indarrak ez bezalakoa

Grabitateak mantentzen ditu planetak orbitan Eguzkiaren inguruan
NASA

Imanetan gertatzen den legez, atomoak elkartuta mantentzen dituen indarrak gorputzak erakarri edo aldaratu egin ditzake, gorputz horien kargen arabera. Alegia, karga bereko poloek elkar aldaratzen dute, eta aurkako karga duten poloek, ordea, elkar erakarri. Grabitate-indarraren kasuan, berriz, ez da horrelakorik gertatzen, eta horren azalpena ez dago oso argi. Neurri batean, logikoa ere badirudi. Izan ere, arestian aipatu bezala, ez badituzte ezagutzen fenomeno hori sortzen duten partikulak, zaila da jakitea nolakoak diren eta nola jokatuko duten.

Zientzialariek garbi asko dakitena da grabitate-indarra bera oso ahula dela. Dena den, ahula bada ere, badirudi indar hori ezinbestekoa dugula bizitzeko. Bai, bederen, landareek. Charles Darwin zientzialari ospetsuak egiaztatu zuen landareek grabitate-sentsoreak dituztela. Landare bat loreontzi baten alde batean sartuz gero, ikusiko duzu haren sustraiak Lurraren zentrorantz hazten direla. Grabitaterik gabe, berriz, zer gertatuko litzateke sustrai horiekin? Beherantz, gorantz, zentrorantz... norabide guztietan haziko lirateke. Antzeko zerbait gertatzen da animalien nahiz gizakien kasuan. Grabitate-gabeziak zenbait arazo sor ditzakeela ikusi dute adituek. Espazioan, adibidez, astronauten birika-edukiera murriztu egiten da, ez dagoelako diafragma beherantz bultzatzeko grabitaterik. Gainera, egoera are gehiago okertzeko, gibela ohi baino gorago egoten da, eta horrek biriken tamaina are gehiago txikitzen du.

Astronautak ohituak daude grabitaterik gabeko tokietan ibiltzen
NASA

Ohituta gaude astronautak espazio-ontzietan airean ikusten. Litekeena da grabitaterik gabeko egoera horrek espaziorako bidaia laburretan kalte handirik ez sortzea, baina zer gertatuko litzateke luzarorako joan beharko bagenu espaziora? Egoera horri aurre egiteko gai ote gara? Grabitatearen ezkutu bat sortzeko ideia ez da berria. Besteak beste, Errusiako nahiz Austriako zenbait ikertzailek saiakera batzuk egin dituzte. Dena den, orain arteko emaitzek ez dute fruitu handirik eman. Hala ere, zientzialariek lanean jarraitzen dute. Pentsa, Einstein izan zen grabitatea eta fisikako bestelako teoriak nahastu zituen lehen zientzialarietako bat. Horren harira, grabitatearen jatorria azaltzen saiatu zen 1916an, gutxi gorabehera. Ordutik ez da aurrerapauso handirik egin. Ez dute, behintzat, emaitza arrakastatsurik lortu, egungo zientzialariak ez baitaude aurkikuntza horretatik garai hartan baino gertuago. Horregatik, kontzeptu ezaguna eta maiz aditua izan arren, konplexua eta misteriotsua izaten jarraitzen du.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia