}

Giza enbrioiaren asimetria lehen zatiketatik hasten dela frogatu dute

2024/05/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

giza-enbrioiaren-asimetria-lehen-zatiketatik-haste
Enbrioia asimetrikoa dela frogatu dute, bi zelula baino ez dituenetik. Arg. YVC Biologia Saila/CC BY

Egun bateko giza enbrioi bat osatzen duten bi zelulak berdinak diruditen arren, frogatu dute giza gorputzaren gehiena haietako batetik sortzen dela. Aurkikuntza horrek in vitro ernalkuntzaren arrakasta-tasa bobetzen lagun dezakeela aurreratu dute.

Cell aldizkarian argitaratu da ikerketa. Azaldu dutenez, espermatozoideak obulua ernaltzen duenetik jarraipena egin diote zigotoari, eta, teknika ez-inbaditzaileak erabilita, zatiketa bakoitzean aztertu dute zer zati doan epiblastoa osatzera (gorputza), zer hipoblastora (zaku bitelinoa) eta zer trofoektodermora (karena). 

Hala, frogatu dute epiblastoko zelula gehienak bi zelulako enbrioiaren zelula bakar batetik sortzen direla. Are gehiago, ikusi dute hiru zelulatik bakarra barneratzen dela 8 zelulako enbrioia izatetik 16 zelulakoa izatera igarotzean, eta barneratzen diren zelula horiek bi zelulako enbrioian banatzen den lehen zelulatik datozela. 

Ikertzaileen ustez, prozesu asimetriko hori gako da giza gorputza eratzeko. Beraz, asimetria hori hasieratik aintzat hartuz gero, litekeena da in vitro ernalkuntzaren arrakasta-tasa handitzea, orain arte ez baita kontuan hartu enbrioiaren zelulak hain desberdinak direla, hasieratik bertatik.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia