}

GIBaren infekzioak zahartzea eragiten du; ez antirretrobiralek soilik

2023/12/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gibaren-infekzioak-zahartzea-eragiten-du-ez-antirr
Ikerketan, mikroRNA-molekulen maila neurtu zuten GIBa zuten pertsonen odolean - Arg. Belova59/Pixabay

 GIBaz infektatutako pertsonek zahartze goiztiarra eta hari lotutako patologiak pairatzen dituzte. Orain, Journal of Microbiology, Immunology and Infection aldizkarian, prozesu horrekin lotutako adierazle bat aurkeztu dute. Horrez gain, baieztatu dute zahartzearen eragilea infekzioa bera dela.

Ikerketan, mikroRNA-molekulen maila neurtu zuten GIBa zuten pertsonen odolean. Molekula horiek geneen espresioa modulatzen dute, eta ikusi zuten haietako baten maila ohikoa baino askoz ere altuagoa zela. miR-21-5p molekula da; hanturarekin eta estres oxidatzailearekin erlazionatuta dago, eta, prozesu horiek, era berean, zahartze goiztiarraren eragile dira.

Hipotesia baieztatzeko, GIBaz infektatu arren, hiesa garatzen ez duten pertsonak aztertu zituzten (elite deitzen zaie). Pertsona horiek mutazio babesle bat dute, baina, hala ere, haiek ere miR-21-5p areagotuta zuten; eta, infekzioa kontrolpean izanda ere, hantura kronikoa zuten. Horrela jakin dute zahartzea infekzioaren mendekoa dela, antirretrobiralak hartu zein ez.

Ikertzaileen esanean, emaitzak baliagarriak dira pazienteen osasun-egoerari jarraipena egiteko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia