}

Gazteek ingurumen-larrialdiaren aurrean jarrera aktiboa har dezaten proiektua jarri du martxan Elhuyarrek

2023/03/20 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

gazteek-ingurumen-larrialdiaren-aurrean-jarrera-ak

   

Elhuyarrek “2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektua martxan jarri du gazteen jasangarritasunarekiko eta ingurumen-larrialdiarekiko jarrera arduratsuak eta aktiboak lantzeko, etorkizunerako aukeretan eragiteko, eta gazteei etorkizunean kalitatezko enpleguak lortzeko aukerak eskaintzeko.

Proiektuaren bidez, “adituen” hausnarketa konpartitua egiteko foroa sortu da gazteen STEM gaitasunen eta gaitasun “berdeen” mesederako. Hausnarketa eta zenbait lanketaren ondorioz sortutako edukiekin, hezkuntza-sistemako irakasleriarentzako baliagarriak izango diren baliabideak, metodologiak eta tresnak sortuko eta gizarteratuko dira. Gainera, Elhuyarreko Zientzia Unitatean jasangarritasunaren eta ingurumen-larrialdiaren inguruko komunikazioan eta proiektuetan kontuan izan beharreko irizpideak, gakoak eta ikuspegiak landuko dira eta dekalogo batean jasoko dira.

Aurrekoarekin batera eta modu paraleloan, gazte-talde bat ikerketa erreal batean oinarritutako proiektu pilotu batean parte hartzen ari dira. Gazteak,  Alegiako Aralar BHI ikastetxeko DBHko ikasleak dira, eta Iker Aranjuelo Mitxelena Nafarroako CSICeko Agrobiologiako Institutuko ikertzailearen laguntzarekin, Tolosaldeako hainbat tokietako airearen kalitatea aztertzen ari dira landareak erabiliz, biomonitorizazioaren bitartez. Prozesuan, gazteek esperimentuak, laginketak, bisitak eta aurkezpenak (zientzia-azoketan) egingo dituzte.

Proiektuaren aurrekariak

“2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektua 2019an abiatu zen proiektuaren jarraipena da, eta gazteen posizionamendu zientifiko-teknologikoan eragiteko helburu berarekin jarraitzen du. Proiektuak izan dituen fase desberdinetan lortutako emaitzak liburuxka-bilduma batean jasota daude, eta proiektu honetatik sortutako edukiekin, bildumaren liburuxka berria sortzea aurreikusten da.

“Gluoien mahaia” proiektuetan parte hartzen duten eragileei “gluoi” izena jarri zaie, atomoen barruan quarkak lotzeko gluoiek egiten duten kola-efektuarekin antzekotasunean inspiratuta, eta hortik proiektuaren izena.

 

Proiektu hau Elhuyarrek sustatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia