Gazte nafarrek zientzia eta teknologiako 44 proiektu aurkeztu dituzte “Elhuyar Zientzia Azoka | Nafarroa Teknozientzia” azokan
2025/04/07 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
Iruñea berrikuntzaren eta ezagutzaren epizentro bilakatu da 'Elhuyar Zientzia Azoka| Nafarroa Teknozientzia'-ri esker. Baluarteko erakusketa-aretoan Nafarroako 15 ikastetxetako 140 gaztek baino gehiagok STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) arloetako 40 proiektutik gora aurkeztu dituzte.
Arnaitz Fernandez meteorologo eta ETBko aurkezleak dinamizatu du jardunaldia, eta, ondoren, Paula Noya NICDOko Kultura Azpiegituren zuzendariak eta Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak hitz egin dute, biak ala biak ekitaldiaren antolatzaileak. Halaber, Juan Luis García Martin Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak ere parte hartu du irekieran.
Lau orduz, LH, DBH, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Bereziko ikasleek beren lanaren fruitua partekatu dute. Ikasturtean zehar garatutako proiektuak aurkeztu dituzte, eta gaur egungo erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileak proposatu; besteak beste, jasangarritasunari, birziklapenari, ingurumena zaintzeari eta elikadura hobetzeari buruzkoak.
Jardunaldiari amaiera emateko, parte-hartzaile bakoitzak diploma bat jaso du, zientzian eta teknologian egindako ahalegina eta konpromisoa aintzatesteko. Gainera, Sendavivara joateko sariak zozkatu dira parte-hartzaileen artean.
Honako ikastetxeek parte hartu dute azokan: Amazabal BHI, Andra Mari Ikastola, Askatasuna BHI, Biurdana BHI, Colegio Luis Amigó, Colegio San Cernin, CEE El Molino, CIP FP SAKANA LH IIP, IES JULIO CARO BAROJA, IES Mendillorri BHI, IES Padre Moret-Irubide, IES Plaza de la Cruz, Liceo Monjardín, Otsagabia DBHI, San Fermin Ikastola. Gainera, hainbat talde gonbidatuk ere parte hartu dute ekitaldian.
Elhuyar Zientzia Azoka, Bilbon, maiatzaren 28tik 31ra
Aurtengo Elhuyar Zientzia Azoka maiatzaren 28tik 31ra egingo da, Bilboko Areatzan. Asteburu honetan Baluarten egon diren gazteek han ere izango dute proiektuak aurkezteko aukera, EAEko beste gazte taldeekin batera. Datozen asteetan emango ditugu ekitaldiaren xehetasunak.
Elhuyar Zientzia Azoka | Nafarroa Teknozientzia-ko argazki galeria

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia