}

Fokua zabaltzeko beharra

2020/03/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

fokua-zabaltzeko-beharra
Clinic osptialeko langileak, COVID-19a duten pazienteak artatzeko prestatzen. Arg. Francisco Àvia/Hospital Clínic/CC-BY-SA
Koronabirus berriak Txinan eragin zituen hildakoen, ospitaleratuen eta kutsatuen kopuruak aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten bereziki pertsona nagusiei eragiten ziela. Horrek ekarri zuen neurri zorrotzenak haiek babesteko helburuz hartzea. Hala eta guztiz ere, Italian, adibidez, letalitatea —hildakoak, baieztatutako kasuekiko— % 34koa da 70-80 urtekoen artean, eta % 44koa 80-90 urtekoetan.

Fokua adinekoetan jarrita, birusaren eragina oharkabean pasatu da gazteagoen artean. Orain azaleratu dira horren ondorioak: AEBetan, CDC gaixotasunen kontrolerako eta prebentziorako zentroak ohartarazi duenez, 20-44 urteko infektatuen % 20 ospitaleratu egin behar izan dute, % 2-4 zaintza intentsiboetako unitateetan. Gainerako infektatuak asintomatikoak izan dira, edo, gaixotu badira, sintoma arinak edo etxean sendatzeko modukoak izan dituzte. Eta birusa hedatzen lagundu dute, bereziki, asintomatikoek. Europan ere hala gertatu dela onartzen dute aditu gehienek.

Fokua gehiegi ixtea kaltegarria dela ikusi dute adinaren kasuan. Beste horrenbeste gertatzen ari da sexuarekin eta generoarekin. Berriro ere Txinako datuak begiratuta, ikus daiteke koronabirus berriak gogorrago eragin diela gizonei, emakumeei baino. Adituek azaldu dutenez, alde horren arrazoiak sexuari zein generoari lotzen zaizkio: batetik, immunitate-sistemak ahulagoak egiten ditu gizonak koronabirus berriaren aurrean, eta, bestetik, Txinan tabakismoa ohikoagoa da gizonen artean.

Alabaina, fokua gizonetan jartzeak errealitatea desitxuratzea dakarrela ohartarazi du nazioarteko ikerketa-talde batek The Lancet medikuntza-aldizkarian. «Generoaren eragina eta COVID-19a» izena du talde horrek, eta haren iritziz, ezinbestekoa da generoaren eragina osotasunean aztertzea, neurri egokiak hartzeko.

Hain zuzen ere, osasun-langile gehienak emakumeak dira (Hubein, adibidez, % 90 baino gehiago). Hortaz, birusarekin infektatzeko eta hura transmititzeko arrisku handiagoa dute. Horrez gain, etxekoen zaintza eta soldatapeko lan-banaketa ere generoaren arabera bereizita egoteak zaurgarriagoak egiten ditu emakumeak. Mugimenduak mugatzen dituzten neurrien ondorioak ere narbarmenagoak dira emakumeetan.

Hala, aditu-taldearen esanean, krisiari erantzuteko, beharrezkoa da genero-ikuspegia aintzat hartzea. Erabakigune globaletan, ordea, hutsunea nabarmena dela salatu dute.

Euskal Herrian, Mugimendu Feministak mahai tekniko bat sortu du «COVID-19ak larritutako zaintza-krisiari heltzeko». Zaintza koordinatzeko mahai bat eratzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari. Alderdi politiko eta sindikatuez gain, gizarte-eragileek ere parte hartu beharko luketela esan dute: mugimendu feministak, etxeko eta egoitzetako langileek, guraso-elkarteek, eta zaintzaren, ekonomiaren eta medikuntzaren arloko adituek.

Tamalez, batzuek ez dituzte begiak ireki Galdakaoko erizainaren heriotzaren berria jaso duten arte. Alabaina, lehendik ere agerikoa zen, krisiari aurre egiteko, ezinbestekoa dela fokua pertsonetan jartzea, zenbakietan jarri ordez. Oraindik garaiz gaude fokua zabaldu eta auziari hobeto erantzuteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia