Fisikako Nobel saria, zulo beltzen azalpenari eta aurkikuntzari
2020/10/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zulo beltzen sekretuak argitzeko gako izan diren bi aurkikuntzen egileak sarituko ditu Fisikako Nobel sariekin Suediako Zientzien Errege Akademiak. Batetik, Roger Penrosek jasoko du sariaren erdia, erlatibitatearen teoria orokorrak zulo beltzen sorrera iragartzen duela erakusteagatik; bestetik, Reinhard Genzelek eta Andrea Ghezek jasoko dute beste erdia, gure galaxiaren erdian objektu supermasibo trinko bat aurkitzeagatik.
Ghez Fisikako Nobel saria jasoko duen laugarren emakumea izango da. Haren aurretik, Marie Curiek (1903an), Maria Goeppert-Mayerrek (1963) eta Donna Stricklandek jaso dute (2018an), eta inoiz ez osorik. Aldiz, 207 gizon izan dira sarituak kategoria horretan; haietako 47, bakarka.
Zulo beltzak, erlatibitatearen teoria orokorraren ondorio
Iaz ere, astrofisika izan zen Fisikako kategorian saritutako arloa; zehazki, lehen exoplanetak aurkitu eta unibertsoaren eboluzioa azaldu dutenei egin zien aitortza. Oraingoan ere, berriro astrofisikara joan da saria, zulo beltzei eman die protagonismoa. Nobel Fundazioak nabarmendu duenez, Albert Einsteinek ez zekien zulo beltzak existitzen zirenik ere. 1965eko urtarrilean, Einstein hil eta hamar urtera, Roger Penrose matematikariak (Oxford Unibertsitatea), zulo beltzak erlatibitatearen teoria orokorraren ondorio zuzena direla frogatu zuen, metodo matematikoak erabilita. Lan hura, oraindik ere, erlatibitatearen teoria orokorrari egindako ekarpen garrantzitsuenetakotzat jotzen da.
Izatez, zulo beltzak erlatibitatearen teoria orokorraren ondorio berezienetakoa dira. Penrosek gainazal harrapatuaren kontzeptua baliatu zuen, zulo beltzen izaera azaltzeko. Gainazal harrapatu batean izpi guztiak zentro batera zuzentzen dira, gainazala kanpoalderantz edo barrualderantz okertuta ere. Gainazal harrapatuak erabiliz, Penrose gai izan zen egiaztatzeko zulo beltz batek singularitate bat gordetzen duela beti, denbora eta espazioa amaitzen diren muga bat. Haren dentsitatea infinitua da, eta, orain arte, ez dago teoriarik fenomeno arraro hori fisikaren bidez azaltzeko.
Penrosek garatutako kontzeptu matematikoak funtsezkoak izan dira zulo beltzak eta unibertsoa aztertzeko.
Objektu supermasibo trinko bat galaxiaren erdian
Reinhard Genzelek (Max Planc Institutua eta Kaliforniako Unibertsitatea, Berckley) eta Andrea Ghezek (Kaliforniako Unibertsitatea) gure galaxiaren zentroa ikertzeko taldeak gidatzen dituzte, bakoitzak bere aldetik.
1990tik, Sagittarius A* eremuari jarri diote arreta. Izarren orbitak gidaritzat hartuta, objektu supermasibo trinko bat gordetzen duelako ebidentzia sendoak bildu dituzte. Eta azalpen posible bakarra da zulo beltz bat dela ondorioztatu dute.
Duela 50 urte baino lehenagotik uste izan dute fisikariek Esne Bidearen erdian zulo beltz bat dagoela. Alabaina, ez zuten horretarako azalpen sendorik lortzen. 1990tik aurrera, ordea, teleskopio erraldoiek eta tresna aurreratuek aukera eman zuten Sagittarius A* hobeto aztertzeko. Genzelek eta Ghezek tresnak eta teknikak findu zituzten, epe luzeko azterketa sakonak egin ahal izateko.
Genzelen taldeak NTT (New Technology Telescope) erabili zuen hasieran, eta gero VLT (Very Large Telescope), biak Txilen. Ghezenak, berriz, Keck behatokia erabili zuen (Hawaii). 30 urtez, gure galaxiaren zentroa behatu dute, eta biak ondorio berera iritsi dira: galaxiaren erdian dagoen zulo beltzak Eguzkiak baino 4 milioi masa handiagoa du, eta gure eguzki-sistemaren neurria duen eremu batean dago bilduta.Orain, Event Horizon Telescoperi esker (zulo beltz baten lehen irudia jaso zuena), are hobeto ezagutuko dutelako itxaropena dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia