“Ez dugu kutsatutako pertsona identifikatzea bilatzen, baizik eta nor den kutsatzeko gai”
2021/03/31 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria
Martxoaren 27an kontzertu esperimental bat egin zen Palau Sant Jordi aretoan (Bartzelona), Germans Trias i Pujol Ospitale Unibertsitarioko ikertzaileen gidaritzapean, eta Primavera Soundek eta musika-festibalen beste sustatzaile batzuek antolatuta. Kontzertura sartzeko, ikus-entzuleek egun berean negatibo eman behar zuten antigeno-testan, eta, behin barruan, ez zuten haien artean distantziarik gorde beharrik. Beste prebentzio-neurri batzuk zeuden, hala ere: FFP2 maskara jantzita eraman behar zuten, aireztapena eta pilaketak gerta zitezkeen lekuak kontrolpean zeuden... Era horretako jarduerak seguruak direla frogatzea zen esperimentuaren helburua.
Egitasmoak kritikak jaso ditu, arriskutsuegia delakoan. Ikertzaileek, baina, segurua dela baieztatu dute. Haietako bat da Boris Revollo Barriga, gaixotasun infekziosoetan doktorea, hiesan espezializatua. Adeitsu erantzun die Elhuyar aldizkariaren galderei; izan ere, haren esanean, ezinbestekoa da informazio zuzena ematea, bai komunitate zientifikoari bai gizarte orokorrari, gaizki-ulertuak eta uste okerrak saihesteko.
Zer dela eta egin duzue esperimentu hau?
Gure ustez, pandemia gainditzeko estrategia asko erabili behar dira, txertaketa ez da nahikoa. Txertoak, seguru asko, birusa kontrolatzeko tresnarik garrantzitsuena dira, baina, horrekin batera, oso baliagarria da jendea testatzea eta birusa transmititu dezaketen pertsonak diagnostikatzea. Hain zuzen, pertsona kutsakorrak identifikatzeko erreminta erraz bat baldin badaukagu, birusaren transmisio-katea eteteko aukera izango dugu.
Antigeno-testek sentikortasun handia dute pertsona infekziosoak detekatzeko. Guk hori frogatu nahi genuen Apolo aretoan (Bartzelona) joan den abenduan egin genuen azterketan. Azterketa hura zorroztasun zientifiko osoz egin genuen. Azterketa randomizatua zen. Mila boluntario bildu genituen, denei antigeno-testa egin genien kontzertuaren egun berean, eta berehala jaso genituen emaitzak. Paraleloan, PCR edo TMA egin genien.
Nolako proba da TMA? Zertarako baliatu zenuten?
PCRa bezala, birusaren genomaren anplifikazioan oinarritzen da, eta haren abantaila da automatizatu daitekeela eta lagin asko azter ditzakeela aldi berean. Horren bidez, test asko egin ahal izan genituen, denbora gutxian, hau da, 24 ordutan.
Antigeno-testan negatibo eman zutenak bi taldetan banatu genituen, ausaz. Erdiak kontzertura sartu ziren, eta beste erdiak kontrol-taldea osatu zuen. Zortzi egun geroago, PCR bana egin genien parte-hartzaile guztiei. Ez genuen antigeno-testa egin, birusa ba ote zuten ala ez jakin nahi genuelako, ez kutsakorrak ote ziren. Eta ikusi genuen ez zela infektatu bakar bat ere egon kontzertura sartu zirenen artean; eta, aldiz, bi infektatu detektatu genituen kontrolean.
Azterketa estatistiko bayesiar bat egin genuen, aintzat hartuta birusaren zirkulazioa garai hartan Katalunian, eta bi taldeetako intzidentziak. Emaitza izan zen ez zegoela diferentzia estatistikoki esanguratsurik bien artean. Hortaz, ondorioztatu genuen, hartu genituen segurtasun-neurri guztiekin (antigeno-testa egitea sartzean, FFP2 maskara eramatea, diskotekako airea berritzea eta pilaketak eragoztea komunetan eta erretzeko lekuan), ez zegoela kutsatzeko arrisku handiagorik diskoteka batean distantzia sozialik gabe, kanpoan egonda baino. Horrenbestez, frogatu genuen orain arte gertakari oso arriskutsutzat jotzen zena (kontzertu bat barruan, distantzia sozialik gabe) segurua izan daitekeela, neurri jakin batzuk hartuz gero.
Palau Sant Jordin ere berdina egin duzue?
Hori da; Apolo aretoan egindakoa, 5.000 pertsonara eraman dugu. 5.000 pertsona horiek negatibo eman dute antigeno-test batean, maskara FFP2 eraman dute, aireztapena kontrolatu dugu, eta pilaketak ez sortzea zaindu dugu komunetan eta barretan. Orain, jakinarazitako kasuei jarraipena egingo diegu, 7. eta 14. egunetan. Apolo aretoko ikerketan oinarrituta, ez dugu uste Bartzelonan dagoen intzidentzia baino handiagoa izango denik kontzertuaren parte-hartzaileen artean.
Antigeno-testak hain fidagarriak dira?
Birusa detektatzeko sentikortasuna CT-kopuruen araberakoa da. CTa [cicle treshold] da PCR batean zenbat ziklo behar diren birusaren RNA anplifikatzeko, detektagarria izan dadin. CTa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta birus gutxiago dago. Germans Trias i Pujol Ospitale Unibertsitarioko Oriol Mitjáren taldeak egindako ikerketa batek frogatu zuen antigeno-testek %99ko sentikortasuna dutela 25 baino txikiagoko CTa duten pertsona guztiak detektatzeko.
Horrez gain, eta hau oso garrantzitsua da, ez da hazkuntzarik ikusi zelula-kultiboetan 30 baino handiagoko CTa dutenetan.
Izan ere, bereizi behar da birusa detektatzeko sentikortasuna eta birus kutsakorra detektatzeko sentikortasuna. Eta guri bigarren hau interesatzen zaigu. Ez dugu kutsatutako pertsona identikatzea bilatzen, baizik eta nor den kutsatzeko gai.
Hortaz, Apolo aretoaren ikerketan, PCRen emaitzak jaso genituenean, ikusi genuen antigeno-testan negatibo eman zuten 24 pertsonak positibo eman zutela PCRan. Eta kontzertura sartu ziren. Birusen kultiboa egin genuen, eta bat bera ere ez zen hazi. Eta AEBn eta beste leku batzuetan egiten ari diren ikerketetan ere emaitza berberak izaten ari dira.
Kontzertuetarako ez ezik, ezingo lirateke erabili antigeno-testak beste leku itxi batzuk seguruak bihurtzeko, hala nola hezkuntza-zentroak edo lantokiak?
Hori aztertu egin beharko litzateke. Orain ikerketa bat egiten hasi gara eskola batean, 14 urteko gaztetxoekin. Haiekin hitz egin dugu, eta beren eguneroko errealitatean oinarritu gara ikerketa diseinatzeko. Hala, autotest nasalak egingo dituzte, astean behin, irakaslearen aurrean.
Michael Mina Harvardeko epidemiologoak gutun bat argitaratu zuen Time aldizkarian, non gure estrategia beraren alde egiten duen: testatu-testatu-testatu eta txertatu-txertatu-txertatu. Funtsezkoena da ulertzea antigeno-test bat egiten baduzu, egun berean 24 ordu inguru dituzu esateko, segurtasun handiz, ez duzula birusa kutsatuko. Ez duzu jakingo baduzun ala ez; jakin dezakezuna da, baldin baduzu ere, ez duzula kutsatuko.. Unearen argazki bat da, eta ondo jakin behar da zer esan nahi duen.
Oraingoz, estrategia ikaragarri garestia da. Egin kontu: Apoloko esperimentua milioi erdi euro inguru kostatu zen; paraleloan PCRak egin behar izan genituelako, handik astebetera berriro deitu denei beste bat egiteko… Hau frogatzea oso da garestia. Horrenbestez, lortu beharko genuke agintariekin testak egiteko puntuak adostea, hirietan hainbat lekutan egin ahal izateko.
Jendeak izan dezala diagnostikatzeko aukera, jakiteko nork duen kutsatzeko arriskua. Adibidez, testa erosi, eta bideo baten bidez jasotzea autotest bat egiteko jarraibideak. Alemanian, esaterako, supermerkatuetan saltzen dituzte. Ez bagara test-test-test egiten hasten, itxaron beharko dugu ea talde-immunitatea lortzen dugun txertoen bidez, jakin gabe noiz gertatuko den hori, txertoei ihes egiten dieten aldaerak sortuko ote diren… Eta bitartean, etxean sartuta geratu beharko gara. Ez dago irtenbiderik. Pentsatu behar dugu zer irtenbide dugun, hau luzatuko balitz ere.
Zure ustez, agintariek horrelako estrategia baten alde egingo dute?
Ez badute egiten, beste urtebete katastrofiko bat izango dugu. Niri gaueko giroa eta kontzertuak ez zaizkit bereziki gustatzen, baina uste dut bide bat dela erakusteko estrategia hau baliagarria dela kulturaren industria sustatzeko. Beste leku itxi eta kontrolatuetara ere zabal daiteke, eta, gainera, lagungarria izango da izurria kontrolatzeko. Izan ere, sintomarik gabeko pertsonak detektatzeko balio du, eta haiek dira, hain justu, gehien kutsatzeko arriskua dutenak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia