}

Esne Bidearen barrutik igorritako neutrinoak detektatu ditu IceCubek

2023/06/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

esne-bidearen-barrutik-igorritako-neutrinoak-detek
IceCube neutrinoen behatokia, gauez. Arg. John Hardin/CC BY 4.0

Esne Bidearen barruan energia handiko neutrino-emisioa dagoela baieztatu dute IceCube neutrinoen behatokiko datuek —izotz antartikoaren sakonean eraikitako partikulen detektagailua—, Science aldizkarian argitaratutako azterketa baten arabera

Orain arte, energia handiko neutrinoen behaketetan, gure galaxiatik kanpoko lekuetatik igorritakoak detektatu izan dira. Gamma izpien behaketetan, berriz, Esne Bidearen plano galaktikoan sortutako emisio distiratsuak detektatu izan dira. Eta, astrofisikarien aurreikuspenen arabera, gamma izpiak eta neutrinoak prozesu astrofisiko berberen bidez sortzen direnez, uste izatekoa zen Esne Bidearen plano galaktikoa neutrinoen sorburua ere izango dela.

Orain, IceCube neutrinoen behatokiak 10 urtez bildutako datuak adimen artifizialaren bidez aztertuta, Esne Bidearen barrutik igorritako neutrinoen lehen ebidentzia estatistikoki sendoa lortu dute. Ikertzaileen arabera, Esne Bidea energia handiko neutrinoen sorburua dela frogatzen du horrek.

Aldizkari berean, Perspective atalean argitaratutako artikulu batean, galaxiaren barrutik igorritako neutrinoen beste behaketa bat ere aipatzen da; zehazki, Antares behatokikoa. Antares Mediterraneo itsasoan dago, eta, IceCube baino txikiagoa bada ere, kokapen egokiagoa du neutrinoak detektatzeko. Egilearen esanean, bien detekzioek erakusten dute oraindik asko dagoela ikertzeko neutrinoez; hain zuzen, behategi berriak eraikitzen ari dira. Edonola ere, lortu dituzten datuak bat datoz galaxiaren barruan izpi kosmikoek ustez duten banaketarekin eta interakzioekin.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia