}

Erreinu berria itsasoko tximinietan

2003/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsas hondoko tximinia hidrotermaletako ekosistema berezia eta aberatsa da. 1977an lehenengoa ikusi zutenetik, ikerketa ugari egin dira, eta ordura arte ezagutzen ez ziren bizidun asko aurkitu dira bertan. Horien artean, mikroorganismo berezi batzuk daude, eta hain dira bereziak, ezen erreinu propioa izatea merezi baitute. Hori uste dute behintzat aztertu dituzten ikertzaileek.

Orain arte, mikroorganismo horiek Protista erreinuan sailkatzen ziren. Duela gutxi, ordea, Atlantikoaren erdialdeko dortsaleko tximinia batetik hurbil jasotako jalkineko bizidunen DNA aztertu eta zuhaitz filogenetikoa osatu dute. Orduan ikusi dute jalkinean dauden mikroorganismoetatik gutxienez bi protistoetatik oso desberdinak direla genetikoki.

Ondorioz, Proceedings of the National Academy of Sciences web gunean haiek biltzeko erreinu berria sortzea proposatu dute. Beraz, baliteke beste bat gehitzea orain arteko erreinu nagusiei: Monera, Protista, Fungi, Animalia eta Plantae.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia