Elhuyar zientziaren komunikazioa

Erloju atomiko bat laborategitik atera dute

Alpetara eraman, eta altuera neurtzeko erabili dute

2018/02/12 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

erloju-atomiko-bat-laborategitik-atera-dute-lehene
Ez da erraza erloju atomiko bat laborategitik ateratzea, kondizio oso kontrolatuak, laserrak, huts-ganberak, tenperatura oso hotzak eta abar behar baitituzte. Argazkian, AEBko NIST Teknologia eta Estandarren Institutuko erloju atomiko bat. Arg. National Institute of Standards and Technology

Erloju atomiko eramangarri batekin, Alpetako puntu baten altuera neurtu ahal izan dute. Laborategitik kanpora erloju atomiko batekin egiten den lehen neurketa da; aurrerapauso garrantzitsua erloju horiek etorkizunean izan ditzaketen aplikazioetarako. Nature Physics aldizkarian eman dute lorpenaren berri.

Erloju atomikoek zehaztasun ikaragarriz neurtzen dute denbora, atomoen elektroien oszilazioak kontatuz. Egiteko gai garen neurketa fisikorik zehatzena da, hain justu. Eta hainbesteko zehaztasuna dute, ezen grabitateak denboran duen eragina (Einsteinek erlatibitate orokorraren teorian iragarri bezala) neurtzeko ere gai baitira; hala, grabitate-sentsore gisa erabil daitezke, besteak beste. Baina, erloju atomikoek laserrak, tenperatura oso hotzak, kondizio oso kontrolatuak eta abar behar dituzte; eta, ondorioz, orain arte horretarako prestatutako laborategietan baino ezin izan dira egin halako neurketak. Orain, lehen aldiz, ibilgailu batean sartu eta Frantziako Alpetara eraman dute erloju atomiko bat. Eta handik ehun kilometrora eta altueran mila metroko diferentziara dagoen Italiako laborategi bateko beste erloju atomiko batekin konparatuta, altuera neurtzeko gai izan dira.

Ikertzaileek aitortu dute erlojuak ezin izan zuela kondizio onenetan lan egin, eta lortutako emaitzaren zehaztasuna ez dela gaur egungo beste metodoekin lortu daitekeena baino hobea; baina, azpimarratu dute, oraindik erronka tekniko batzuk gainditu behar diren arren, pausu garrantzitsua izan dela erloju atomikoen aplikazio geofisikoetarako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia