#ElhuyarrenGomendioak: ekimen berri bat abian
2020/07/01 Elhuyar Zientzia
COVID-19aren pandemia hasi zenetik, ahalegin berezia egin dugu horri buruz idatzi edo hitz egin behar zutenei terminologia eguneratua eskaintzeko, eta, egindako lanaren arrakastaren erakusgarri, % 38,4 egin dute gora gure hiztegietako kontsultek.
Askotan jasotzen ditugu hiztegi-kontsultak, iradokizunak, euskararen erabilera zuzenari buruzko galderak… hainbat bidetatik, eta saiatzen gara guztiei ahalik eta azkarren eta ondoen erantzuten, eskura ditugun baliabideak erabiliz.
Elhuyarrek bazkideen, bezeroen, bere baliabideen erabiltzaileen eta, oro har, euskaraz ari diren guztien zerbitzura lan egiten du, eta hainbat hizkuntza-baliabide jarri izan ditu euskal gizartearen eskura 1972an sortu zenetik: hiztegiak, zuzentzaile ortografiko eta gramatikalak, itzultzaile automatikoak, transkribatzaile automatikoak… Itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzu profesional bat ere badu. Eta trebakuntza-saioak ematen ditugu han eta hemen, itzultzaileentzat eta euskaraz lan egiten duten bestelako profesionalentzat (kazetariak, irakasleak…).
Urte hauetan guztietan pilatutako esperientzia baliatuz, urrats bat aurrera egitea erabaki dugu orain, eta euskararen erabilera egokiarekin lotutako gomendioak emango ditugu.
Aurrerantzean, hemen irakurri ahal izango dituzue #ElhuyarrenGomendioak:
Twitter: @ElhuyarHizk
Facebook: @elhuyar.fundazioa
Elhuyarren hiztegien webgunea: #ElhuyarrenGomendioak
Interneten oro har: https://labur.eus/ElhuyarrenGomendioak
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia